Maitane Aldanondo

Periferiatik jasotako galderei buruzko hausnarketa

Euskal Herriko Bilgune Feministak gogoeta partekatua egin eta aurrera begirako estrategiak landu zituen abenduko Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan

«Lurralde askean, bizitza askeak» izenpean egindako mahai ingurua.
«Lurralde askean, bizitza askeak» izenpean egindako mahai ingurua.

«Araka ditzagun gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkigunean», Joxean Artzeren letra ezaguna hartu eta mugimenduaren bazterrak aztertzeko ariketa egin zuen Euskal Herriko Bilgune Feministak abenduan Errenterian egindako Emakume* Abertzaleon VIII. Topaketa Feministetan, euren proiektu politikoa definitze, birkokatzea eta zabaltzea helburu.

Edukiera mugak tarteko, ezin izan zuten nahi bezainbeste lagun batu, hortaz, hainbat herritan taldean digitalki jarraitu zuten hitzaldi, eztabaida eta mahai inguru sorta. Pandemia garaiotan erronketako bat izan zen jarduera bera gauzatu ahal izatea. Zailtasunak zailtasun, ordea, argi zuten topaketa aurrera eraman nahi zutela, elkarrekin eztabaidatu eta bide nahiz estrategia berriak pentsatzeko inoiz baino behar handia baitute. Ainhoa Olaso Bilguneko kidearen esanetan, «eztabaida hauek ematea lehentasuna iruditzen zitzaigun, baita egoera honetan modu batera edo bestera elkartzea ere».

Orduan egiterik izan ez zituzten tailerrak martxotik ekainera bitartean berreskuratuko dituzte. Lehena Julia Martik emango du eta transnazionalak izango ditu ardatz. Durangon izango da, hilaren 18an. Gainerakoen data zehazteke dago, baina lekua badute: Arrasate, Donostia, Gasteiz, Iparraldea eta Iruñea.

Bilgune Feministak hastapenetik zapalkuntza hirukoitzaren paradigmatik –sexu-genero, klase eta nazioa– begiratu dio errealitateari, askotariko zapalkuntzak elkar gurutzatuta daudela ulertuz. Ikuspuntu horretatik, aztertu eta tresna teorikoak nahiz praktikoak garatzen joan direla dio Alazne Beltran de Lubianok. Azken hamarkadetako migrazio prozesuen nahiz errefuxiatuen krisiek, erronka berriak ekarri dizkiete erakunde zein eragile sozialei, artean, mugimendu feministari.

Gero eta emakume arrazializatu eta migratu gehiago batu dira mugimendu feministara eta, haiekin izandako topaketetan elkar ezagutu eta elkar aitortzeko aukera izateaz gain, elkarrengandik ikasteko aukera ere izan dute. Ez hori bakarrik, ordea. Feminismoak eta Euskal Herriko mugimendu abertzaleek interpelazioak ere jaso baitituzte. «Eztabaida bat irekia zegoela ikusi eta horri heldu nahi izan diogu». Besteak beste, emakume euskaldun zuri gisa dituzten pribilegioez galdegin zieten, praktika dekolonialen beharrei buruz gogoeta egitera bultzatuz. Alegia, «nola egin gure pribilegioaren eta arrazakeriaren barne lanketa egiteko, nola aldatu gure ohiturak eta egiteko moduak. Ez bakarrik gure etxera gonbidatu, baizik eta gure etxea aldatu behar dugula elkarlanean aritu ahal izateko», argitu du Beltran de Lubianok.

Bi norabidetan jardun zirela argitu du Olasok: «Batetik, euskaldun izateagatik ditugun pribilegioez jabetzeko, beste herrialdeetan enpresa transnazionalen bidez egindako neokolonizazio edo esplotazioen onuradun bezala, eta, bestetik, Europan izandako barne kolonizazio edo prozesu zibilizatzaileak kontuan hartzeko». Hala, norberaren baitan iraunarazten den arrazakeria instituzionala eta soziala eraisteko premia ondorioztatu zuten.

Horretan sartu aurretik, gainera, pribilegioa zer den eta eskubidea zer den aztertu behar izan zuten. Olasoren hitzetan, «kolektibo batzuek pairatzen duten eskubide urraketak bihurtzen al ditu beste kolektibo batzuen eskubideak pribilegio? Beste bati kentzen diozunean edo sistemak berak ez duenean guztientzat ahalbidetzen, eskubide hori pribilegio bilakatzen da».

Sinergiak eta ahizpatzeak

Hainbat ertz ukitu nahi izan zituzten, klase ikuspegia ere txertatu, hizkuntza eta euskarari buruzko zenbait eztabaida egin... Euskal Herria harrera herria eta euskara harrera hizkuntza izatearen auziari ere heldu zioten, eta uste dute «askotan Euskal Herriko mugimendu feministari eskatu zaiola emakume migratu edo arrazializatuak euskalduntzeko lana, baliabideak jartzea... Baina hori egiturazko beste zapalkuntza bat da». Hortaz, mahai gainean jarri behar da nork duen euskara ikasteko aukera eta nork ez, eta fokua beste nonbait jarri, «euskaltzale guztiongan eta erakundeengan», esaterako.

Hein batean horri lotuta, Euskal Herriko mugimendu feminista «feminismo hegemoniko gisa» ere hizpide izan zuten. Nabaritu dutenez, joera ematen ari da zentroa bazterretatik interpelatzeko. Euskaldunek, transek, gazteek, bollerek, klase batasuna leheneste dutenek... egiten dute, baina oso argi gelditu gabe zentroan nor dagoen eta inork bere burua bertan kokatu gabe.

Beltran de Lubianosek nabarmendu du hegemoniaz hitz egitean testuingurua ondo zehaztu behar dela, horren arabera izango baitira batzuk erdigune eta beste batzuk periferia. «Elkarren arteko interpelazioa eta gatazka ezinbestekoak direla ikusten dugu, baina arriskua izan daiteke ‘zapaldumetro’ horretan sartzea eta borroka komunetarako oinarri horiek desegitea». Hau da, bereiztea sinergiak sortu beharrean.

Kanpora begira, egiturazko zapalkuntzei aurre egingo dien estrategia feminista bat zabaltzeko premia eta horri eusteko mekanismoak nahi dituzte. Halaber, espazio edo gogoeta horiek guztiek aliantzetarako aukera ere badira, agenda feminista, antirrazista eta antikapitalista partekatu bat osatze bidean. Mugimendua feminista bera da horretarako espazio nagusia, hainbat kolektibo eta emakume elkartzen baititu. Harremanetik, txikitasunetik eta gertutik egingo duten bidea da, borroken arteko «ahizpatze» bat egin nahian.

Beltran de Lubianok gogoratu duenez, Mundu Martxa plataformaren barruan Bilguneak urteak daramatza Mujeres del Mundo kolektiboarekin «prozesu txikiak, baina aldi berean handiak egiten elkar aitortzatik», euskaldunok pairatzen dugun menderakuntzaren eta emakume arrazializatu edo migratuek pairatzen dutenaren arteko elkar loturak ikusiz eta elkarrekin bidea egin nahian.

Eztabaida abiatu besterik ez dute egin. Inflexio puntu bat izan da, baina oraindik asko dute hitz egiteko, ez baitiete erantzun itxirik eman.