NAIZ

Auto konpartitua jarri dute Usurbilen herritar guztien eskura

Usurbilgo Udalak eta Oiartzungo Hyundai Oarso Car etxeak esperientzia pilotu bat jarri dute martxan, urtebeterako: auto konpartitua. %100 elektrikoa den Hyundai Kona autoa jarri du Oarso Car-ek, eta Usurbilgo Udaleko langileek zein herritarrek erabili ahal izango dute.

Usurbilgo auto partekatua udaletxe aurrean dago aparkatuta. Bertatik hartu eta bertan utzi behar dute erabiltzaileek. (USURBILGO UDALA)
Usurbilgo auto partekatua udaletxe aurrean dago aparkatuta. Bertatik hartu eta bertan utzi behar dute erabiltzaileek. (USURBILGO UDALA)

Auto konpartitua jarri du Usurbilgo Udalak, herritar ororentzako erabilgarri, Oiartzungo Hyundai Oarso Car etxearekin sinatutako hitzarmen bati esker. Urtebeterako proba pilotua izango da, «mugikortasun eredu berri baten aldeko apustua».

Udaletxeko plazan du aparkalekua autoak, eta gidabaimena duen 18 urtetik gorako edonork erabili ahal izango du.

Udalak proiektuaren aurkezpenean azaldu duenez, mugikortasunak eragiten du energia kontsumorik handiena. Esaterako, Gipuzkoako energia kontsumoaren ia erdia (industria barne) garraioari dagokio. Usurbilen, berriz, industria kontuan hartu gabe, energiaren %64 bideratzen da mugikortasunera. Beraz, mugikortasun ereduak eragin zuzena du energiaren kontsumoan eta ingurumenean.

Bere ustez, mugikortasun eredu aktiboa sustatzeak izan behar du lehentasuna: oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoak lehenestea, alegia. Horren osagarri gisa, garraio-bideak zentzuz erabiltzea helburu, auto konpartitua proposatu du.

Udal langileek hori erabiliko dute lanagatik egin beharreko bidaietarako. Eta herritarrek ere baliatzeko aukera izango dute. Euren artean konpartituz bada, hobe. Emisiorik ez izateaz gain (100% elektrikoa da), zarata eta mugikortasun kostuak murriztea posible egingo du.

200 kilometroko erradioan erabil daiteke

Oiartzungo Oarso Car etxeak auto konpartitu gisa erabiltzeko utzitako ibilgailua Hyundai Kona da. Erabilera arrunta eginez, 450 kilometroko autonomia du: beraz, gehienez 200 kilometroko erradioan erabil daiteke. Arrisku orotarako asegurua du, 320 euroko frankiziarekin. Hala, erabiltzaileren batek kalteren bat egingo balio edo istripurik izango balu, gehienez ere 320 euro ordaindu beharko ditu.

Smartphone-etarako Vive aplikazioaren bidez, autoa alokatu daiteke, eta erreserbatutako orduen eta egindako kilometroen arabera ordainduko luke erabiltzaileak (1,5 euro/orduko eta 0,20 euro kilometroko).

Galdera ohikoen dokumentu bat egin du Udalak, erabiltzaileek eskura izan dezaten, euskaraz zein gaztelaniaz. Horrez gain, autoaren funtzionamenduaren inguruko gida bat utzi du autoko eskularru-kaxan. Dena dela, autoa lehenengo aldiz hartu aurretik Udaleko energia teknikariarekin hitz egitea gomendatu du udalak, 943 57 94 17 telefonora deituta edo energia@usurbil.eus helbidera idatzita.

Usurbil Hyundai-en VIVe Plana martxan jarriko duen lehena da, baina Gipuzkoan 10.000 herritar baino gutxiago dituzten herri guztiek proiektuan parte hartzeko aukera dute Hyundai Oarso Car-ekin kontaktuan jarriz.