NAIZ

48 migratzailek eman dute ostegun gaua Irun eta Hondarribiko aterpeetan

Irunen Lapurdiko muga pasatzeko zain dauden 48 migratzaileri eman diote aterpea ostegun gau honetan. Irungo Hilanderaseko aterpetxean 30 pertsonak egin dute lo; erromesen aterpetxean, 16k, eta Hondarribiko aterpetxean bik.

Lotarako lekuaz gain, janaria ematen diete migranteei Irun eta Hondarribiko aterpetxeetan. (IREKIA)
Lotarako lekuaz gain, janaria ematen diete migranteei Irun eta Hondarribiko aterpetxeetan. (IREKIA)

Batez ere Malitik etorri eta Europako bertze herrialde batzuetara iritsi nahian Irunen dauden 48 migratzaileri eman diote arreta ostegun gauean, Lakuako Gobernuak jakinarazi duenez. Gehienak gizonak dira, lau emakume daude eta ez dago adin txikikorik. Erabilgarri dauden baliabideetan gaua emateaz gain, bazkaria eta afaria jaso dute.

Gobernuak zehaztu duenez, 48 pertsona horietako gehienek (30ek) Irungo Gurutze Gorriaren aterpetxean egin dute lo, Hilanderasen. Bertze 16k hiri honetako erromesen aterpean pasatu dute arratsa eta bertze bik, Hondarribiko aterpetxean. Horretaz gain, guztira 64 bazkari eta 70 afari banatu ziren.

Aipatutako hiru baliabideez gain, Hondarribiko Udalak Jostaldi pilotalekua egokitua du, badaezpada, etorkin gehiago iristen bada lotarako lekua eskaintzeko. Txomin Sagarzazu alkateak eta Naia Diaz de Corcuera EAEko Gurutze Gorriko Migrazio arduradunak ostegunean adierazi zutenez, zaila da zenbat migratzaile etorriko diren jakitea, egia da asteburuetan jende gehiago dagoela, eta, horregatik, dena prest izan nahi dute ahalik eta arreta osoena eskaini ahal izateko.

300 lagun iritsi ziren joan den asteburuan

Duela bi aste Kanarietatik migratzaileak ateratzen hasi ziren euren bidaia jarraitzeko, Europa helmuga. Eta joan den asteburuan horietatik 300 bat lagun Irunera iritsi ziren. Zenbaitek muga igarotzea lortu zuten, baina 100-190 lagun bitartean hemen gelditu ziren ezin pasatu, Polizia frantsesaren jarrera zorrotzagatik.

Etorritako jende kopurua handia izan zen, normalean egunean 8-10 ailegatzen direla kontuan hartuta. Horregatik, Lakuako Gobernuak «kontingentzia plana» jarri zuen martxan, harrera egiteko.

Lakuak Irun eta Hondarribian harrera egiteko baliabide gehiago martxan jarri izana txalotu zuen asteazkenean Irungo Harrera Sareak (IHS). Baita sarearekin elkarrizketa hasi izana ere. Baina argi utzi zuen ehun lagun hartzea ez dela alarmarako arrazoia; «ez hartzea litzateke alarmarako arrazoia».

EH Bilduk, bere aldetik, Lakuak Irunera heldu diren migratzaileei egindako harrera kritikatu zuen asteartean eta premiazko bilera eskatuko zion Migrazio zuzendari berriari Gobernuaren asmoak eta egitasmoak zeintzuk diren ezagutzeko.