NAIZ

Hamahiru urteko kartzelaldia amaitu du Oihan Barandalla etxarriarrak eta etxera bidean da

2007. urtean atxilotu zuten Cahorsen eta geroztik Estatu frantsesean preso izan da Oihan Barandalla Goñi etxarriarra. Zigorra amaitu du ostiral honetan eta frantziar Estatuko lurraldetik kanporatua izan da. Etxera bidean da, beraz.

Oihan Barandalla, aske gelditu ostean. (Etxerat)
Oihan Barandalla, aske gelditu ostean. (Etxerat)

Oihan Barandalla etxarriarrak gaur ostiralean amaitu du kartzelaldi luzea Estatu frantsesean, Lannemezango espetxean hain zuzen ere. Frantziako agintariek kanporatzea gauzatu dute horren ondoren eta mugatik etxerako bideari ekin dio beraz.

2007. urtean atxilotu zuen bertako Poliziak, Okzitaniako Cahors hirian, Alaitz Aramendi, Luis Iruretagoiena eta Ander Mujikarekin batera.

Hamazortzi urteko zigorra ezarri zitzaion gero Pariseko auzitegi berezietan, kondenaren bi herenak betetzeko aginduarekin. Azkenean hamahiru urte eta erdiz luzatu da espetxealdia, beraz, 2007ko irailetik hona.

Haur motxiladunen aldeko ekimena

Azken urteotan aita izan da Oihan Barandalla Goñi espetxean. Umearen jaiotza oinarri hartuta, kantu bat egin zuen espetxetik eta ‘Seme’ izeneko proiektua bultzatu zuen beraz barrutik, haur motxiladunen egoeraz ohartarazteko.

Hain zuzen ere, ume hauen aldeko ekitaldia dago deituta larunbat honetan Etxarri-Aranatzen, 11.30etatik aurrera, musika, dantza eta Porrotxen parte hartzearekin. Eta euskaldeko manifestazioa, ’Denok etxera’ lelopean, arratsalde partean, 20.00etan.

Kaleratze berri honen ondoren, 26 euskal preso politiko gelditzen dira Estatu frantsesean, horietatik 11 Lannemezanen.