Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Monzonek obratu zituen balioak, egungo eta geroaren oinarrietan

Olaso Dorrea fundazioaren eta Txalaparta argitaletxearen arteko elkarlanari esker, agortua zen edizioa, etxe askotan altxor gisa gordea zen liburua, kalean da berriz. «Herri baten oihua» Monzonen elkarrizketa eta hitzartzeen antologia da, garaiko erradiografia.

Urko Aiartza eta Jon Jimenez, liburua eskuetan dutela. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Urko Aiartza eta Jon Jimenez, liburua eskuetan dutela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Atzo berrogei urte, Guardia Zibilak Telesforo Monzonen gorpua mugan bahitu eta tanketa artean hartuta eraman zuen bere jaioterrira, Bergarara. Bidean, herriz herri, hainbeste maite eta estimatzen zuten herritarrek eman behar zioten omenaldia oztopatu nahi izan zuten. Oker pentsatu eta jokatu zuten, baina. Horrela Monzonen balioak, bere esanahi politiko eta sinbolikoa, herri abertzalearen bihotzean utzi zuen aztarna desagerraraziko zituztela pentsatzen bazuten oker, oso oker eta anker jokatu zuten.

Monzonen heriotzatik urtebetera, herri eskari bati erantzunez, bere mezua eta idealak leial eta zorrotz gordetzeko eta ondorengo belaunaldiei pasarazteko, Herri Batasunaren Mahai Nazionalak bultzatuta “Herri baten oihua” liburua argitaratu zen. Ia bat-batean saldu ziren ale guztiak, eta atzo arte edizio agortua zen, hainbat abertzaleren etxeetan kutun eta harro gordetzen zen lekukotza aparta. Trantsizio garaiko Monzonen hitzartze, idatzi, poema eta elkarrizketen antologia zen funtsean, Itziar Aizpurua eta GALek hil zuen Santi Brouard mahaikideen hitzaurre ederrekin kaleratua, orduko eztabaiden eta korapiloen aurrean Bergarako abertzale handiaren posizioak biltzen zituen lan bikaina.

Memoria kondentsatua

Bada, atzo, berrogei urte geroago, Txalaparta argitaletxeak eta Olaso Dorrea fundazioaren arteko elkarlanaren fruitu, agortua zegoen liburua, etxe askotan altxor ezkutu zena, berriz ere eskuragarri dago. Monzonen pentsamendu eta balioak jasotzen dituen lana berrirakurtzeko aukera dago berriz ere. Egungo korapilo eta aukeren ispiluaren aurrean jarrita, Monzonen printzipioak eta irakaspenak freskatzeko eta garaiotara egokitzeko aukeran.

“Errelatoaren bataila” deritzon horretan, herri honetan mentalitateen monolaborantza ezarri nahi dutenen aurrean, “Herri baten oihua” obran, garaiko bizipenaren erradiografiaz gain, alderdikeriaren lubakiei gain hartu eta belaunaldi eta tradizio politiko ezberdinen arteko konexioa posible egiten saiatu zen gizonaren memoria kondentsatua aurkitzen da. Politikari poliedriko batena, 1931n Lizarrako Estatutuaren alde egin zuena, 1936an euskal gobernua ia independente bezala kontsideratzen zuena eta gerraostean euskal obedientzia ildo nagusi hartu zuena, Espainiako Errepublikari lotuta egon gabe.

Pragmatikoa eta modernoa

Politikari pragmatiko eta moderno bat aurkituko du irakurleak bertan. Ameriketako Estatu Batuek Francoren alde egin zutenean, herriaren interes eta beharrak horrela eskatuta, monarkiara taktikoki gerturatzea alboratu ez zuena. Edo behin ETA sortuta, belaunaldi berriekin jardutea betebehar abertzaletzat ikusi zuena, herriarekiko konpromisoa eta maitasuna beti ardatz. Lehen unetik, bere garaian aitzindari, erlijioa eta arraza baino, euskara eta kultura ikusi zituen gure aberriaren ametsa aurrera ateratzeko bide.

Finean, bizirik dauden eta biziraun behar duten balioak pilatzen dira liburuan. Aberriarentzat funtsezkoak, gaurkotasun handikoak eta geroaren oinarri. Itxaropenez kargatutako letrak dira, gozagarriak, errelatoarena eta beste bataila guztietarako erregai. Monzon abertzaleen erreferentzia gisa betikotzeko. Inork, inoiz, aberriaren alde bizi eta gogo-bihotz ekin ez ginela esaterik izan ez dezan.

Ideiak ez dira ezer haragirik gabe, ezta teoriak herririk gabe ere

Francoren aulkia. Pitxer hautsia. Arrano beltza. Kardantxiloa eta kanarioa... Fabulen, parabolen eta alegien bidez mintzatzea maite zuen Monzonek. Baliabide metaforikoak eman zizkion herriari, adibide sinple eta zorrotzak, kantuak eta pertsonaiak. Programa politiko baten puntuak buruz ikastea baino eraginkorragoa zen ipuintxo bat kontatzea, kontsignen fede itsuari jarraitzea baino askoz hobea zen abesti bat kantatzea.

Ez zion bortxaz teoria bat herriari ezarri nahi, ez zegoen teoria baten zerbitzura. Bere herriaren zerbitzura bizi zen. Ez zuen teoria baten neurrira egindako herria nahi; abiapuntua ez zen teoria, Euskal Herria zuen abiapuntu eta helburu beti.

Telesforok helburu bat zuen haragi bizitan, denetan garrantzitsuen, ia bakar: gure herriaren burujabetza. Bere letrak eta hitzak ez dira intelektual batenak, ez zen aditua ekonomian edo soziologian, ezta bulegoko politologoa ere. Baina kultura handia eta jasoa zuen, jakinduria eta herri sen benetan handiko gizona zen.

Herri xehea miresten duten aristokraten artekoa genuen, aristokrata desklasatua, mugalariekin, baserritarrekin, arrantzaleekin eta kontrabandistekin liluratzen zena. Bazekien entzuten, bazekien gazteekin liluratzen diplomatiko baten jendetasunaz eta bizitza beteak ematen duen zuhurtziarekin. Konfiantza osoa zuen belaunaldi berriengan eta katea ez etetea, eta lehengoak eta gerokoak, batekoak eta bestekoak, beti anai-arreba gisa aritzea, abertzaletasunaren katebegi guztiak uztartuta gordetzea izan zuen amets.

Monzonentzat abertzale izatea ez zen ur geldotan ibiltzea, oasi batean bizitzea. Ur-lasterretan aritu behar zen, suelto eta libre, eta hala bizi izan zen Monzon, garaiari egokituz beti.