Espetxe ezberdinetatik pasatu ondoren, 21 urte eta lau hilabete hauetan, Kepa Legina Zaragozako Zuera espetxetik atera da gaur goizean, kondena osoa beterik.
1954an jaio zen Bilbon eta 22 urte bete baino lehen etxetik alde egin zuen poliziak ez atxilotzeko. Bi hamarkada luze pasata gauzatuko zen bere atxiloketa, Pariseko aireportuan 1999ko abenduan hain zuzen ere, eta bi urte beranduago Gobernu frantsesak espainiar polizien eskuetan jarri zuten, ETAko kide izanagatik zigor luzea ezarriz. Geroztik orain arte espainiar kartzeletan egon da Kepa Legina.
Zuerakoan bete du kartzelaldiaren azken hamarkada osoa, aurretik Salamancako Topasen egon ondoren. Berez lege bidea jorratzeko egokia zirudien espetxe hau, baina Behatokiak txosten batean salatu duenez, graduetan aurrera egitea guztiz debekatua izan da bertan azken boladan, eta ondorioz oraindik lehen graduan dela amaitu du zigorra Leginak, beste zenbait presok bezalaxe.
Azkeneko urteak bereziki gogorrak izan dira Leginarentzat. Duela bi urte bere bikotea, Eli Azurmendi, Etxerateko langilea izandakoa, zendu zen. Eta pasa den urtean presoaren ama ere hil zen, Martina Aurre Torre.
Lagun eta senideek lagunduta etxerako bueltari ekin dio Kepa Leginak, espetxetik atera bezain laster eta 46 urteren ostean Otxarkoagara itzuliko da.