NAIZ

30.000 litro esne bildu ditu Zaporeak elkarteak Gipuzkoan Lesbosera eramateko

30.000 litro esne bildu ditu Zaporeak elkarteak Gipuzkoan eta aste honetan bertan garraiatuko dute Lesboseko Kara Tepe kanpalekuraino. Gasteizen hilaren 27an eginen dute bilketa, Nafarroan apirilaren 10ean eta Bizkaian apirilaren 24an.

Usurbilgo Udarregi ikastolak parte hartu du bilketan. (@Udarregi)
Usurbilgo Udarregi ikastolak parte hartu du bilketan. (@Udarregi)

Martxoaren 13an abiatu zuen Zaporeakek Hego Euskal Herrian txandaka egingo duen behi esne osoaren bilketa. Gipuzkoan hasi zuen kanpaina eta, gaur jakinarazi dutenez, «arrakastatsua izan zen, zinez». Izan ere, 30.000 litro esne bildu ziren Donostia, Arrasate, Aretxabaleta, Aramaio, Antzuola, Oñati, Zarautz, Usurbil, Urretxu, Legazpi, Beasain, Legazpi, Ordizia, Astigarraga eta Tolosan.

Litro guzti hauek hilaren 18an abiatuko dira Lesbosera eta astebeteko epean bertako sukaldera iristea aurreikusten dute.

«Bildutako diruarekin helaraziko dugu esnea eta, bertan, frutarekin batera, banatuko ditugu Kara Tepeko biztanleen artean», adierazi dute ohar baten bidez. 7.200 lagun inguru daude kanpaleku horretan, horietatik 2.250 bakarrik dauden gizon nahiz emakumezkoak dira, 900 familia txiki daude (3-4 lagun ingurukoak) eta 500 familia handi (bost lagunetik gorakoak).

Hurrengo bilketa Gasteizen izango da Martxoaren 27an, Gasteizko Elikagai bankuan (Juan de Garai, izkin egiten du Brasil kalearekin), 10:00etatik 20:00ak bitarte. Nafarroan, berriz, apirilaren 10ean egingo da eta Bizkaian amaituko da bilketa apirilaren 24ean.

«Gure esker ona adierazi nahi diegu bilketan parte hartu duten pertsona boluntario guztiei, laguntzaileei eta dohaintza egitera gerturatu diren gipuzkoar guztiei», gehitu dute.