Ion Salgado

Beste pauso bat Araban eraiki nahi dituzten hiru haize-parkeak eraikitzeko

Arkamoko, Iturrietako Mendietako eta Labrazako parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpeneko eskaerak argitaratu dira Arabako Aldizkari Ofizialean. Lakuak eta Iberdrolak sortutako Aixeindar elkarteak martxan jarri nahi dituen proiektuen aurka agertu dira oposizioko taldeak eta gizarte eragileak.

Araban dagoen haize-parke baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)
Araban dagoen haize-parke baten argazkia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Otsailean oposizioko taldeek Araban eraiki nahi diren haize-parkeak eteteko eskatu zioten Foru Aldundiari Gasteizen izandako eztabaidan. Eskaera hori, hainbat eragilek, haien artean Mendiak Aske elkarteak, babesten dutena, ez zen onartua izan, EAJ eta PSEk gehiengo osoa dutelako Batzar Nagusietan.

Astelehen honetan, erakundeek beste pauso bat eman dute haize-parkeak aurrera eramateko, eta Arabako Aldizkari Ofizialean (Alhao) Arkamoko, Iturrietako Mendietako eta Labrazako parke eolikoen ingurumen eraginaren adierazpeneko eskaerak argitaratu dira.

Espainiar Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak ohar batean azaldu duenez, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka demografikorako Ministerioak Aixeindar elkarteak proposatutako proiektuak izapidetzea onartu du, eta Arabako Aldizkarian argitaratu du jendaurreko informazioaren tramitea irekitzeko, norbanakoek eta elkarteek alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Arkamoko parke eolikoa Erriberagoitiko udal-mugartean kokatuko da, eta 95 MW sortuko ditu; Iturrietako Mendietako parke eolikoa Maeztu, Agurain, Iruraiz-Gauna udalerrietan eta Entziako Partzuergoan kokatuko da, eta 75 MW-ko potentzia izango du; Labrazako parke eolikoa Oion eta Aguilar Kodes (Nafarroa) udalerrietan eraikiko da, Ebro ibaiaren ertzean, eta 40 MW-ko potentzia izango du.