Baztango hamarnaka gazte elkartu ziren astearte honetan Elizondoko Iriarte pilotalekuan, Aroztegian abiatzekoa den makroproiektua bertan behera uzteko eta ostegun honetan Baztango Gazte Asanbladak eta Aroztegia ta gero zer? plataformak Lekarozko plazan deitutako manifestazioan parte hartzea eskatzeko.
Agerraldian adierazi zuten «diru goseak usteltzen dituen zapel altuko gizonek» Baztan bereganatu nahi dutela, eta «ergelak bagina moduan mintzo zaizkigu, gezur hutsez betetako hitzekin».
«Gure onuraren inguruan mintzo dira, baina ez digute hitz egiten utzi. Naturaren onuraren inguruan mintzo dira, baina lurra zulatu nahi dute. Etorkizunari buruz solastatzen dute, turismo basatiak sortutako egoera honetan, etxerik gabe gauden bitartean», nabarmendu zuten.
Zentzu horretan, «haien alternatiba» 230 bigarren etxebizitza inposatzea dela azpimarratu zuten, finean «klase altuko jendeari zuzendutako resort bat eta golf zelai bat», hain zuzen.
Gazteen iritziz, «lurrak lapurtu» dizkiete, baina «interes foralaren argudio faltsua ez du inork sinetsi». Eta hor UPNk eta Geroa Baik izan duten eskuhartzea azpimarratzekoa dela uste dute; izan ere, behin eta berriz herria saltzea eta haien poltsikoak betetzea egotzi diete.
Makroproiektuaren kontrako argudioak «mila aldiz» errepikatu dituztela uste dute, eta argi geratu dela «ez dugula arrazoirik falta». «Urteak pasatu diren arren gure iritzia ez da aldatu».
Gazteen esanetan, Aroztegiako proiektuak turismo basatia, zerbitzuen gutxitzea eta gazteentzako prekarietatea ekarriko du, funtsean, Baztan «Benidorm bat bilakatzea, bizirik gabeko herri bat».
Horren aurka, eta ardura denona bada ere, gazteak oraina eta etorkizun duin baten denfentsan jardun behar dutenak direla nabarmendu zuten, etorkizuna gazteena delako: «Gu izango gara etorkizuneko Baztanten biziko garen belaunaldia, baldintzek hala uzten badigute behintzat».
Hala, Elizondoko Iriarte frontoian bildu ziren bailara osoko hamarnaka gazte, argi adierazteko ez dutela Aroztegiako makroproiekturik nahi eta proiektua martxan jartzea «herritarren kontrako eraso zuzen gisa» ulertzen dutela.
«Behin eta berriz adierazi izan dugu ezetz, ez dugula proiektu hau onartzen, eta gure hitzen gainetik gauzatu den pauso oro urraketa demokratiko gisa ulertzen dugula», adierazi zuten.
«Gobernuak, kapitalari faboreak eginez, behin eta berriz saldu gaitu, baina argi dugu gure burua defendatzeko adina indar dugula. Gure miseriatik aberastu nahi dutenek gure herrietatik alde egin dezatela», gaineratu zuten.