NAIZ
GASTEIZ

Oinarrizko eskubideen defentsan okupazioa «tresna» bezala aldarrikatuko dute Gasteizen

Arabar hiriburuan okupazioa «bizitzak duintasunez betetzeko ezinbesteko tresna» bezala defendatu du Lehertu Gasteiz ekimenak eta, maiatzaren 15ean, mobilizazioa eginen dute.

Lehertu Gasteiz ekimenak agerraldia egin du arabar hiriburuan. (LEHERTU GASTEIZ)
Lehertu Gasteiz ekimenak agerraldia egin du arabar hiriburuan. (LEHERTU GASTEIZ)

Lehertu Gasteiz ekimenak agerraldia egin du arabar hiriburuan eta «kapitalismoak oinarrizko eskubideekin negozioa egiten jarraitzen duen bitartean», okupazioa «bizitzak duintasunez betetzeko ezinbesteko tresna» bezala defendatu dute.

Azpimarratu dutenez, 115.367 etxebizitza daude Gasteizen, horietako 9.470 hutsik eta beste 2.200 salgai. «10 etxebizitzatik bat hutsik dago», nabarmendu dute. Era berean, 255.052 biztanle ditu arabar hiriburuak eta momentu honetan 115.367 etxebizitza daude. «Bi pertsonentzako etxebizitza bat dago».

Hala ere eta osasun egoera larri honetan, «desalojoak, etxe hutsak, prezioen gorakadak eta espekulazioa etengabekoak dira». Hori dela-eta, etxebizitza eskubidea ez dela bermatzen salatu dute eta horren aurrean okupazioaren aldeko hautua egin dute. «Okupazioaren kontrako kriminalizazio kanpaina izan da azkenaldiko ikuskizunetako bat, beldurra sartzeko iragarkiak, legeen gogortzea... Finean, medio konbentzionaletan gu geu, langileria, okupazioaren biktimak izan gaitezkeela diote, ogia erostera irten eta bueltan etxea gal dezakegula».

Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, «gero eta etxebizitza gehiago metatzen dituztenak» seinalatu dituzte erantzule gisa. «Benetako beharrak ditugunok hauek berreskuratuko ditugu», gehitu dute.

Eta instituzioen ardura azaleratu dute. «Inork ez du kalean bizitzea merezi. Inork ere ez. Eta instituzioek bermatzen ez dutena, guk bermatu behar dugu». Etxebizitzak «negozioa egiteko» erabiltzen direla salatu dute. «Kapitala bezala erabiltzen dituzte etxeak, dirua irabazteko beste medio bat bezala besterik ez. Guk, ordea, oinarrizko baliabide gisa ulertzen dugu etxea».

Azken hilabeteetan «okupazioaren aurkako erasoak» izan direla nabarmendu dute. «Gasteizko gaztetxearen itxiera saiakera, Olarizuko auzokideen kontrako jazarpen krudela eta etxeak botatzeko asmoa, Talkako bigarren okupazioaren itxiera, langileen desalojo saiakerak», zerrendatu dituzte. «Argi diogu erasotutako espazio bakoitza defendatuko dugula, eta desalojo bakoitzaren ondoren, okupazio berri bat, eta beste bat etorriko dela».

Guzti hori dela-eta, maiatzaren 15ean mobilizazioa eginen dute Gasteizko kaleetan.