NAIZ

20.000 erabiltzaile berrirekin inoizko daturik onenak izan ditu eLiburutegiak 2020ean

Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, 20.149 erabiltzaile berri erregistratu zituen iaz eta guztira 60.181 ditu. «Inoizko urterik oparoena izan zen iazkoa eLiburutegiarentzat», adierazi dute arduradunek.

Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ izan da libururik irakurriena 2020ean. (Gorka RUBIO | FOKU)
Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’ izan da libururik irakurriena 2020ean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Izurriaren eta etxealdiaren ondorioz euskaldunok literatura eta zinema gehiago kontsumitu dugunaren isla garbia dira Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ostiral honetan emandako datuak.

2020. urtean eLiburutegiak nabarmen gainditu zituen aurreko urteetako datuak, bai mailegu kopuruan eta baita erabiltzaile kopuruan ere. «Horretan zuzeneko eragina izan zuen iazko konfinamenduaren hasieran erabiltzaile izateko izapidea errazteko erabakia hartu izanak. Eskaeren kopuruak nabarmen egin zuen gora eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko Udal Liburutegietako langileen laguntza beharrezkoa izan zen lan guztia modurik egoki eta azkarrenean bideratzeko», adierazi dute.

Martxoan inozko erabiltzaile berri gehien erregistratu zen, 6.773, guztira. Apirila izan zen 2020ko bigarren hilerik onena 3.864 erabiltzaile berrirekin. «Konfinamendua bukatzearekin behera egin zuen erabiltzaile berri kopuruak baina hala ere hilean-hilean nabarmena izan da herritarrek erakutsi duten interesa», azaldu dute.

Hileko mailegu kopuruari dagokionez, apirilean egin ziren mailegu gehien, 27.704 (inoiz erregistrorik onena eLiburutegia sortu zenetik), gero martxoan (18.438) eta, ondoren, maiatzean (17.924 mailegu).

2020an honako hauek izan ziren gehien irakurritako bost liburuak, edozein hizkuntzatan: ‘Aitaren Etxea’, Karmele Jaiorena; ‘La cara norte del corazón’, Dolores Redondorena; ‘El enigma de la habitación 622’, Joël Dicker-ena; ‘Loba Negra’, Juan Gomez-Juradorena eta ‘Reina Roja’, Juan Gomez-Juradorena.

Hizkuntzaren arabera, hauek izan ziran euskaraz gehien mailegatu ziren liburuak: Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’; Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’; Karmele Jaioren ‘Amaren eskuak’; Jasone Osororen ‘Ezekiel’ eta John Anduezaren ‘Larunbatean Bukowskin’.

Gaztelaniazko liburuen artean aldiz, honakok izan dira izenburu irakurrienak: ‘La cara norte del corazón’ (Dolores Redondorena); ‘El enigma de la habitación 622’ (Joël Dicker-ena); ‘Loba Negra’ (Juan Gomez-Juradorena), ‘Reina Roja’, (Juan Gomez-Juradorena) eta ‘La nena’, (Carmen Molarena).

Liburutegi digitalak guztira 21.930 liburu biltzen ditu. Horrez gain 13.000 film eta 670 audioliburu ere batzen ditu. eLiburutegiak gaur egun 15.000 film inguru ikusteko aukera ematen du. Iaz, 2020an 37.928 film ikusi ziren. Generoari dagokionez dramak izan ziren ikusienak eta ondoren umorezko ikus-entzunezkoak. Filmerik ikusienak honako hauek izan ziren: ‘The Party’, ‘El orden divino’, ‘Muchos hijos, un mono y un castillo’, ‘El principito’ eta ‘Bi anai’.

eLiburutegia proiektua 2014ko azaroan sortu zen, egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasahitza lortzen ditu.