Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Arrakasta jarrera kontu eta ametsak amets iheskor dituen sukaldari totala

David Muñoz abangoardiazko sukaldarien artean transgresoreena dela esan izan da. Bere irudimena nabarmendu da, fusionatzeko ahalmena, izaera errebeldea. Michelin hiru izar dituen DiverXo bere jatetxean arriskua dela osagaietako bat. Atzo, sormenaz eta ekintzailetasunaz aritu zen Donostian.

David Muñoz, atzo Donostian. (‘Diálogos de cocina’)
David Muñoz, atzo Donostian. (‘Diálogos de cocina’)

David Muñozek (Madril, 1980), Dabiz Muñoz bezala ere ezagutua denak, eruditu edo intelektual baten hitzekin baino, esperientzia propioa gidari eta bere historia partikularreko pertsonaia nagusia izanda mintzatu zen atzo, sakrifizioa, ilusioa eta eromena bezalako hitzak aipatuz. Iraunaz, jarreraz, 200 aldiz erori arren erronka irabazita dagoela pentsatzearen garrantziaz aritu zen. Pentsamendu kondentsatu asko zuten bere hitzek.

2007an, 27 urterekin zabaldu zuen Madrileko Tetuan auzoan DiverXo jatetxe txikia. 2009an lehen Michelinen izarra eman zioten eta, 33 urte zituela, 2013an, hirugarrena. DiverXo modako jatetxe izatetik sukaldaritzaren erreferente izatera pasa zen, bere proposamenaren berrikuntza eta arriskua ja ez zetozen bat diru kontuekin, eta lokal handiago eta egokiagoetara jo zuen bere apustuaren bigarren etapa batean.

Adeitsua da David Muñoz. Eta bere buruarengan konfiantza itzela du. Bere formula erradikala da kontzeptuan, konplexua, ñabarduraz beterikoa. Sormenari balio osoa ematen dio, kanpoko teknikei irekita dago beti eta munduko bazter guztietako produktuak asimilatzen ditu etengabe, gauza berriak probatzeko eta asmatzeko gose da beti. Garai batean, asteburuan afaldu ahal izateko, lau hilabete lehenago erreserbatu behar zen tokia bere jatetxean. Orain, baina, pandemiak dena aldatu du. Ez, ordea, Muñozen jarrera.

David Muñozek bakarra, ezberdina, espeziala den sukaldaritza du amets, eta ametsei ahalegin handiz eta nekaezin segitzeaz aritu zen atzo, ihes egin eta berriz harrapatzeaz, kito esateko eta ahaleginean porrot egiteko arrazoiak, bereziki pandemia honetan eta ostalaritzaren sektore zabalean, badaudela ukatu ez zuen arren. Berak handi eta handira amestu duela beti aipatu zuen, eta zenbat eta handiagoa ametsa, exijentzia handiagoa bihurtzen dela.  

Sormena oroz gain
Ezberdin pentsatzearen garrantzia azpimarratu zuen eta bere sormenaren gako batzuk aurreratu zituen: bakarra izango den zerbait sortzeko obsesioa eta sormenerako kode propioak eskuratu beharra. Michelin izarrak gorabehera, sukaldaritza ez du luxuzkoa, materiala den zerbait bezala ikusten, balio, irabazi edo sarien arabera neurtu ahal den zerbait bezala. Sorkuntzaren balioa jartzen du oroz gain, bakarra, errepikaezina den hori.

Berarentzat ez dago arrakasta historiarik, sakrifizio historiarik gabe. Eta sukaldaritzaren munduan “fama” hitza pixka bat zikindu dela ere aitortu zuen. Zergatik eman zizkioten Michelin izarrak? «Bilatzen ez genituelako», horra bere formula, egiten duena jendeari gustatzea ardatz daukana. Aitortu zuen zirkulua ixtea buruan izan zuela, maila horretan aritzeak askotan eramaten zaituela «bi urte gehiago eta bukatuko dut» eta horrelakoak pentsatzera. Baina pandemiak gogoa indartu eta gaztetu dizkiola dio –covid gaitza harrapatu eta gustua eta usaimena galdu zituen sukaldariaren andantzak ere kontatu zituen–.   

Nor bere bertsio onenean
Diverxo sortu zuen indar berdinarekin segitzen duela, ilusioa berrituta, ziklo berri bati aurre egiteko prest. Gauza ezberdinak egiteko gogoz dabil David, etxera eramateko janaria prestatzen, liluratu egiten du horrek, dibertitu. Edo janari-furgoneta batean. Gauza gehiago kozinatu nahi ditu, jende gehiagora iritsi. Pandemian zehar ireki diren negozio bide berriak urratu, kozinatzeko modu berriak.   

Eta beti berdin, egunero kozinatuz gozatzen, sormenerako kodeak landuz, etxerako janaria bada onenak izateko izan dadila, jarrera horrekin, ala furgonetan saltxitxak badira, berdin. Egunero-egunero nor beraren bertsio onena aurkituz.

David Muñoz eta bere DiverXo jatetxearen kasuan, 14 urtez egon dira modan. Egiten duen guztiak eskari handia duela esan da, jendearen espektatibak betetzen dituela. Berdin da Delivery edo Food Truck forma badu ere. Materiala denaren gainetik, gauzen funtsezko funtsa lehenestea, beren esentzia.

Transgresorea, disruptiboa dela esan izan dute, eta pandemiak hori dauka, denak harrapatu ditu okerreko hankarekin, asko aurrera ateratzeko zailtasun askorekin daude, beste batzuk bidean geratuko dira. Muñozek ez ditu laguntzak behar, aterako dela ziur da, baina bere bozgorailua erabiltzen du ostalaritzaren alde. Oso zaila baita proiektu bati agur esatea, are ongi bazihoan. Baina garaiz moztearen aldekoa da bera.

Erabaki inteligenteak aldarrikatu zituen, gauzak perspektibarekin begiratzea, onerako ala txarrerako. Oztopoak gainditzearen aldeko jarrera dela gakoa, mugak puskatzea, eta sekula imajinatu ez zena imajinatzea.  

Egiazkotasuna inspirazio
“Abangoardia” hitz anpulosoa behin eta berriz errepikatzea baino, abangoardiazko sukaldariaren etiketak bainoago, abangoardiaren jarrera eskatu zuen, hori eta proiektu guztiak erresistitzea posible izango luketen formula. Erresistitzea erraza ez dela aitortu arren, eta itxiko den lokal bakoitzak tragedia bat gordeko duela jakitun.

Gastronomia mahai baten bueltan zoriontasuna, plazera, kariñoa eta maitasuna direla defendatu zuen David Muñozek  eta mahai alegoriko horren bueltan berriz ere elkartuko garela aurreratu zuen. Gauza batzuk bai eta beste batzuk ez, baina bere izatean eta osotasunean jatetxeen mundua ez dela aldatuko uste du. «20ko hamarkadako gure urte partikularrak» biziko ditugula aurreratu zuen, baina egiten denarekin disfrutatzen bada, egin behar duzula pentsatzen duzuna egiten baduzu, energia horiekin konektatzen baduzu, besteak ere konektatuko zaizkizula esan zuen.

Disfrutatu beharra nabarmendu zuen behin eta berriz, pertseberantea izatea, ametsei ihes egiten uztea. Izan ere, bestela,  egunero leher eginda bazaude eta zure ekipoarekin gaizki, oso zaila da jendeak egiten duzunaz disfrutatzea. Azken momentuan, Aduriz eta Muñoz lagunek, elkarrekin ideia bera azpimarratu zuten. Mundu porotsu honetan, zenbat eta egiazkoagoa izan, zureari zenbat eta lotuago, orduan eta gehiago inspiratzen duzula, nortasun eta autoritate handiagoaz.

Eta azken ohar bat ere hor utzi zuten, txokoan dejada eginda: kontuz esaten dugunarekin, eta esaten dena izan dadila denontzat.