Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad
Entrevue
Arturo Elosegi
Landareen Biologia eta Ekologia katedraduna UPV-EHU-n

«Ingurumen kosturik gabeko alternatibarik ez da»

Tolosan 1962an jaioa, herriz herri emandako hitzaldietan zein Gasteizko Legebiltzarrean azaltzen ditu eukaliptoak ingurumenean dituen eraginak, zientzialarien beste begi horrekin, ez zuri ez beltz.

Arturo Elosegi.  (Jon URBE/FOKU)
Arturo Elosegi. (Jon URBE/FOKU)

Galtzen den urte bakoitzak hemendik ehun urtera ondorio negatiboak izango dituela eta orduan epaituko gaituztela jakitun, Arturo Elosegi UPV-EHUko Landareen Biologia eta Ekonomia katedradunak argi du gaur ari garela etorkizuna baldintzatuko duten erabakiak hartzen.

Pandemian «osasuna ala ekonomia» bezala, eukaliptoaz hitz egitean ere hor azaltzen da  dilema: «ekologia ala ekonomia». Ez al da horrela?

Azkeneko urte hauek agerian utzi dute, nabarmen gainera, azken mendeetan daramagun martxa aldatu behar dela, ingurumen amildegi batera goazela. Justu urte bat eta bi hilabete eztabaidatzen ari ginen larrialdi klimatikoaz eta hori zen gure kezka bakarra. Gero etorri da koronabirusaren krisia, eta orain horrekin gaude kezkatuta, baina klimak jarraitzen du larriagotzen. Eta koronabirusaren krisiarekin ere argi geratu da zenbat eta gehiago andeatu natura, zenbat eta populazio eta mugikortasuna handiagoa, errazago gertatu dela hau eta errazago gertatuko direla horrelakoak. Aspaldi ari gara esaten gure ingurumen aztarna murriztu behar dela eta ez da ezer egin, edo ia batere ez. Epe luzera jasangarria den garapen bat pentsatu behar da eta hor sartzen dira osasuna, ekonomia, natura eta beste mila gauza. Nabarmena da gizarteak behar duela natura, ez bakarrik txoriak gustatzen zaizkigulako, baizik eta azken finean hori delako klima erregulatzen duena, uraren kalitatea edo lurzoruaren osasuna bermatzen duena. Nabarmen geratu da azken urteetan espezie bakar batean konfiantza gehiegi jartzen ari ginela, pinuaren monolaborantza intentsiboan; arrautza guztiak saski berean sartzea ez da ideia ona.

Baina lehenago beste zuhaitz espezie batzuk ere galdu ziren.

Bai, zumarra adibidez, eta ez zen monolaborantzan landatzen, eta gaztainondoa, garai batean oso garrantzitsua zena, eta gaur egun oso gaizki dagoena, gaitzak jota. Zumarra galdu zen eta ez zen ezer gertatu, baina pinua galdu eta kolpean arazo pila bat sortzen dira, espezie bakar batean oinarritu baikenuen basogintza-sistema osoa. Noski, gizakia munduan biziko bada, mundua eraldatu egin behar du, inpaktu bat utzi behar du, ez dakigu beste era batera bizitzen. Etxeak eraikitzen ditugu, industriak, nekazaritza behar dugu elikatzeko... Kontua ez da suizidio kolektiboa bultzatu eta naturak dena har dezala, hori ez da irtenbidea. Baina bilatu behar dugu oreka bat, irtenbidea ez delako arbola batean oinarritutako produkzio sistema oso intentsibo bat ordezkatzeko, beste arbola espezie bakar batera eta are intentsiboagoa den sistema batera pasatzea. Oreka bilatu behar da. Zenbait lekutan agian eukaliptoak ustia daitezke, baina bilatu beharko dugu zein diren leku egokiak horretarako, malda gutxikoak, erosioa nekez gertatzen den lurrak... Eta uztartu beharko dugu beste toki batzuetan askoz kontserbazio balio handiagoa duten basoekin. 

Zientziari kasu egin behar zaio, baina esaten dituenak gustuko ez direnean, egiten al zaio?

Tamalez, errazegia da joko horretan erortzea. Zientziak ebidentzia batzuk badauzka, baina zalantza batzuk ere erakusten ditu. Oso erraza da esatea «zientzialariak ez dira ados jartzen, beraz, ez dugu ezer egin behar». Eukaliptoekin ikusi duguna da pentsatzen genuena baino askoz kontsentsu handigoa dagoela, ingurumen eraginari buruz dagoen informazioa oso koherentea dela, lan guztiek, leku batean zein bestean egindakoak izan, aldagai bat edo bestea ikusi, gauza bera erakusten dute: eukaliptoak pinudiak baino kaltegarriagoak dira eta bertako basoak baino askoz okerragoak. Horrek ez du esan nahi guztiz debekatu behar direnik, ze badira oraindik gauzak eukalipto landaketa bat baino eragin askoz ere handiagoa dutenak: poligono industrial bat esate baterako, eta hala ere badauzkagu eta behar ditugu, baina oreka batera iritsi behar dugu. Urbanismoan egiten da: ezin da nahi den moduan hazi eta edozein lekutan zabaldu. Horrelako zerbait bilatu beharko dugu.

Baserritar txikien defendatzaile direla diote, zenbat baserri salbatu dituen pinuak... Baina justu kontrakoa da

Demontre hori gogoan, basogintza politikan bada funtsezko faktore bat: lurraren jabetza. Hau da, herri lurrak diren edo lur jabe pribatuena.

Badago diferentzia, Nafarroa eta Araba batetik eta Gipuzkoa eta Bizkaia bestetik. Eta Iparraldea ere ezberdina da. Nafarroa eta Araban herri-lur asko dago, eta hor bertako basoak dira nagusi. Bizkaian eta Gipuzkoan askoz lur pribatu gehiago dago. Baina ez dena. Hor ere badaude herri lurrak, baina zer egiten dute erakundeek? Hementxe daukazu Andatza mendia, Usurbilen, Diputazioarena da, gehien-gehiena pinudi bat. Administrazioak nahiko balu bere baso politikari beste martxa bat eman, lehenbizi bere lurretatik hasi beharko luke. Eta iruditzen zait hasiak direla, Aiako Parke Naturalean duela hogei urte erabaki zen bertako espezieak landatuko zirela herri lurretan, baina oraindik ere asko geratzen da.  

Nola egin baso politika bat lur jabe txikiak errudun egiteke?

Egin behar den lehen gauza errealitatea den bezala deskribatzea da. Gipuzkoan, esaterako, pinudien erdiak 20 hektareatik gora lur duten jabeenak dira, eta 20 hektarea ez da baserritar txiki bat, lur jabe dezente bat da. Eta asko daude, partikular edo enpresa, lur jabe oso handiak direnak. Hori hor dago. Baserritar txikiaren izenean ari dira dena berdina balitz bezala hitz egiten.

Politikak lur jabeak bereizi beharko lituzke. Esaterako, Kutxak, Gipuzkoan bakarrik, 1.000 hektarea basotik gora dauzka eta ez dakit Kutxak eta hor alboko baserritar horrek subentzio berdina merezi duten. Gero badago beste kontu bat. Euskadin egin zen EAEko 1994-2030 Baso Plana, tarte horretan zer egin behar zen eta zer ez esaten zen. Plan horretan sortzen zen figura berri bat «baso babeslea» zena; esaten zen 2030erako izendatu behar zirela 122.000 hektarea «baso babesle» eta  gehienak, 70.000 hektareatik gora, lur pribatuetan. Eta esaten zen: lurra pribatua da, baina toki askotan beste arrisku batzuk daude, iturriak dauzkagu, edo urtegietara doazen urak, edo erosio arrisku handiak, hor neurri batzuk jarri behar dira. 26 urte pasatu dira eta zenbat hektarea izendatu dira «baso babesle»? Zero. Tresnak badaude, eta ziur plan horretatik beste gauza asko egin direla, baina justu hori ez. Zergatik? Zer aldatu da orduan horren premia izateko eta gaur ez?

Eukaliptoaren inguruko kontzientzia baso politika positibo batean islatzen ez bada, datorrena pinua bota eta barra-barra eukaliptoa sartzea da.

Baso planifikazioak horixe dauka: arnas luzea. Ari zara planifikatzen gauza batzuk hemendik 40, 50 edo 100 urtera izango dituztenak ondorioak. Luzera pentsatu behar da, gaur egun zerk ematen duen dirua alboratuta. Zalantzarik gabe, gure herriko pinu guztiak eukaliptoek ordezkatuz gero, biodibertsitatean beheraka handia izango genuke, kalte oso handiak.

Aldundiak dauzkan lur mordoxka horietan, eukaliptoarekin ateratzen duen diru hori, zer da Bizkaiarentzat? Huskeria bat

Baina joera hori da.

Iaz bakarrik Gipuzkoan bikoiztu egin zen eukaliptoen azalera. Etorkizuneko agertokiak imajinatu nahi dituzu? Segi Ondarroatik Lekeitiora, edota Bakiotik Lemoizera, hor daukazu etorkizuna. Eukaliptoa landatzea ez da derrigorrezkoa, hau da, ez debekatzeak ez du esan nahi landatu behar denik, eta nik uste jabe pribatuek zeresan asko daukatela. Benetan komeni zaie etxe inguruan eukaliptoak izatea? Suteekin duten lotura jakinda? Begira Galizia nola dagoen, ez ziren neurriak hartu, eta esaten duzu, zerk ematen du diru gehiago, eukaliptoak edo suteen aurrean segurtasunak?

Ez dago kosturik gabeko alternatibarik eta, alternatiba barik, hondamendi ekologikora hurbiltzen goaz, ezta?
Ez dago, ez. Nire sentsazioa da basogintzaren sektore gogorrarekin hitz egiten dudan aldiro nolabaiteko biktimismo bat ikusten dudala: «jo, beti guri eskatzen dizkiguzue neurriak!». Baina beste galdera ere hor dago: «Eta niri?». Estandarrak igotzen ari dira leku guztietan. Industriak garai batean edozein gauza libre isurtzen zuen eta gaur egun oso kontrolatuta dago, zaborraren kudeaketa, dena. Zaila da ulertzen nola batzuek “barra libre” izan nahi duten, ahalik eta kudeaketa intentsiboena. Kartola errekako adibidea daukazu Hernanin; kristoren biodibertsitatea daukan eta kristoren hauskorra den eremuan, kristoren prezipitazio tasa eta maldekin, eremu hori eukaliptoekin bete behar al da?