Arnaitz Gorriti

Kanaria Handiaren bolada onak GBCren erregulartasunaren gainetik geratu dira (90-81)

Okouoren 23 puntuak ez dira nahikoa izan eta donostiarrek ACB Ligako zuloan jarraitzen dute, sei garaipen baino ez dituztela. Azken laurdenera arte borroka estua izan da, baina azken minutuetan ezin izan diote etxekoen erritmoari eutsi. 

Jan Span eta Okouo erasoan. Gipuzkoa Basketeko pibotak lan aparta egin du, nahiz eta partida galdu. (M. HENRÍQUEZ / ACB PHOTO)
Jan Span eta Okouo erasoan. Gipuzkoa Basketeko pibotak lan aparta egin du, nahiz eta partida galdu. (M. HENRÍQUEZ / ACB PHOTO)

HERBALIFE KANARIA HANDIA 90 - ACUNSA GIPUZKOA BASKET 81

Ez du lan txarrik egin Acunsa Gipuzkoa Basketek Kanaria Handiaren kantxan, eta hiru laurdenetan lan hobea egin du bere aurkariak baino. Zoritxarrez, nahiz eta Okouok 23 puntu sartu, ez da gai izan Kanaria Handiaren puntuak sartzeko erraztasunari aurre egiteko azkenengo laurdenean.

Ondorioz, ACB Ligako zuloan jarraitzen du talde gipuzkoarrak, sei garaipenen langa ezin gaindituta.

Sailkapenean atzean egonagatik, lasai antzean ekin diote talde biek. Erasoan oso aske eta erraz ekin diote donostiarrek, batez ere hasi eta berehala, 4-10 aurreratu baita Okouoren uztaipeko lan bikainari esker. Defentsek ez dute indar larregirik erakutsi talde bietan, eta hala Kanarian handiak ere ez du erantzuna emateko askorik behar izan, Kilpatrick buru hartuta 10-0eko partziala aitaren batean erdietsi du talde kanariarrak.

Igande eguerdia izaki, presa handirik gabe aritu dira defentsa lanetan biak ala biak, batez ere errebotea zaintzeko orduan. Bestalde, defentsarako ahaleginik egin duten horiek ere ez dira finegi aritu, beren bizkarrean behar baino zulo handiagoak laga dituzte-eta. Hala, abantaila eskuz esku aldatzen joan da, aurreneko laurdena donostiarren alde 22-23 erori den arren.

Azken baten, gipuzkoarrek erregulartasun handiagoa erakutsi dute beren jokoan, jarraikortasun handiagoa Faggiano eta Okouoren erreferentziak baliatuz, Kanaria Handiak kolpeka eta bulkadaka erantzun duen bitartean. Alabaina, bulkadok min handia eragin dute donostiarrengan, bigarren aurdenaren hasieran ikusi den moduan.

Izan ere, Jan Span eta Pere Tomasen bitartez 24-28 aurreratu dira Marcelo Nicolarenak, baina Costello eta Shurnaren hirukoei esker 9-0ko partziala lortu dute etxekoek, Porfi Fisac-en mutilak 33-28 aurreratzea lortuz. Gaitzerdi hor amaitu izan balitz etxekoen partziala. Shurna gidari hartuta, Kilpatrick eta Slaughter ere animatu dira beren jaurtiketak asmatzeko zereginean, markagailua 43-30 jarri eta alarma guztiak piztu diren arte.

Zorionez, irregulartasuna beregain du Kanaria Handiak ere eta atsedenaldira iritsi aurretik erreakzionatzea lortu du Gipuzkoa Basketek. Okouo eta Faggianoren bitartez lehendabizi eta Magarityk erreskan sartu dituen bost puntuei esker gero. Hala, Magarityk azken orduan sartu duen hiruko bati esker markagailua 48-42 dela iritsi da partida atsedenaldira.

Erregulartasuren saria, txikia

Erregulartasuna izan da donostiarren bertuterik handiena hirugarren laurdenean. Kanaria Handiaren kolpeak ahaztuta, Radoncic eta Okouo uneoro izan dira gai aurkarien defentsari gain hartzeko, nahiz eta bidean jaurtiketa libre zenbait laga. Hala, bigarren laurdeneko krisialdia atzean lagata, berriz ere aurrea hartzea lortu dute donostiarrek, Faggianok 58-60koa sartu ostean.

Esan bezala, etxekoek kopeka jokatu dute, eta atzetik jarri ondoren Porfi Fisacek hutsartea eskatu ostean, Albicy eta Beiranen hirukoek berriz ere abantaila eman diete.

Kanaria handia 69-62raino aldendu da berriz, baina hortxe azaldu dira Okouo eta Faggiano Gipuzkoa Basket partida irabazteko lehian mantentzeko. Hala ere, behar baino min handiagoa eman dute Beiran edo Balcerowski lako bigarren mailako jokalariek. Ondorioz, partida 71-67 donostiarren aurka dela iritsi da neurketa azken laurdenera.

Marcelo Nicolarenek lanean jarraitu dute, baina azken minutu horietan maila apur bat jaitsi dute, batez ere defentsako errebotea zaintzeko orduan. Stan Okoye eta Shurna baliatu dira donostiarren memento ahul horretaz, eta azken bost minutuen barruen 81-70 urrundu da Kanaria Handia.

Noiz lasaien egon behar, orduan sartu zaio presa Gipuzkoa Basketi, eta Dimsa lituaniarraren eskutik, Kanaria Handiak azken errematea jarri dio partidari, Pere Tomasek azken ordura arte besorik jaitsi ez duela.

PARTIDAKO FITXA

Kanaria Handia: Kilpatrick (17), Balcerowski (7), AJ Slaughter (5), Beiran (7) eta Shurna (17) –hasierako bostekoa–, Okoye (3), Costello (13), Dimsa (7), Khalifa Diop (2), Albicy (10) eta Stevic (2).

GBC: Faggiano (15), Xabi Oroz (2), Pere Tomas (10), Radoncic (13) eta Okouo (23) –hasierako bostekoa–, Johnny Dee (8), Olaizola (2), Magarity (5), Jan Span (3), Carlson eta Mikel Motos.

Partzialak: 22-23, 26-19, 23-25, 19-14.