‘Antzokiak okupatu ditzagun’ estatu mailako mugimenduarekin bat eginez adierazpen ezberdinetako artistak, kultur ekimenen inguruan bizi diren profesionalak eta ikusleak ere elkartu dira astelehen honetan Baionako Michel Portal antzokian. Denek elkarrekin haien aldarrikapenen bilduma bat egin dute, eta bertan zehaztutako eskaerak eta aldarrikapenak gizarteari eta aginte erabakitzaileei helarazteko mobilizatuko dira.
Bertan izan den Paxkal Indo mugimenduko bozeramaileak, dinamikaren berezitasuna nabarmendu du: «Lehen aldia da aspaldi honetan, sektore guztietatik hainbeste jende elkartzen dela, hori zerbaiten seinale da». Urriaren bukaeratik kultur guneak hetsiak dira, eta hori geroz eta ezinegon handiagoa sortzen ari da, bai kulturgileen artean, baita gizartean ere.
Mugimenduko beste bozeramailea den Nanoua konpainiako Fanny Berardek azaldu du: «Nahi duguna da Gobernuak gutaz hitz egiten entzutea da, mezua jaso dezaten». Bide horretan, gutun bat idatziko dute, bildutako eskaera guztiekin, eta Vincent Bru eta Florence Lasserre David diputatuei emanen diete, Gobernuko ordezkariei helarazi diezaieten.
Ipar Euskal Herria esperimentazio tokia
Gutun horretan, beste tokietan bezala kultur guneak berriz irekitzea eta interminentzia estatusean duten pertsonentzako zergen «urte zuria» eskatuko da, baina Ipar Euskal Herriari egokitutako eskaera zehatz bai ere izanen dela nabarmendu du Indok: «Gurea esperimentazio gunean eskatzen dugu, covid-19a hemen gutxiago dagoenez, eta osasun protokoloak testatu egin beharko direnez, gurean egitea galdetuko dugu».
Gutuna hiru lurraldeetako beste hautetsiei ere helaraziko diete, haien sostengua erakusteko parada emateko, eta eskumenik ez badute ere, Gobernuaren aitzinean bere eskaera ager dezaten.
Bien bitartean, ostiraletik goiti, egunero hiriburuko antzokia okupatuko dute txandakatuz 10:00etatik 18:00etara. Urriaren bukaeratik kultur guneak hetsiak dira, eta hori geroz eta ezinegon handiagoa sortzen ari da, bai kulturgileen artean, baita gizartean ere. Bestalde, ostiralero ekintza kultural eta zibiko bat eginen dute espazio publikoren batean, interpelazio gisara.
Hastapenean Baionan eginen da, baina gero iparraldeko hiru lurraldeetako beste tokietara ere hedatzeko asmoa agertu dute.
Ostiral goizean Baiona Euskal Herria Eszena Nazionalaren egoitzan sortu dituzten komisio ezberdinetako kideak elkartuko dira, zehazki zein ekintza egingo dituzten finkatzeko. Damien Godet, bertako zuzendariak mugimenduari atxikimendua erakutsi dio, eta eskaerekin bat egin du, hori dela eta tokien erabilpena baimendu du.
Ikusleak
Erakunde publikoez gain, ikuslegoari ere zuzentzen direla azaldu du Berardek: «Gizarteak pairatzen baititu ere neurri murriztaileak, gure ustez osasun mentalari ere kalte egiten dio, hori dela eta lotura poetikoa duten espazioak sortu behar dira, osasun neurriak betez, noski».
Ez da lehen aldia aldarrikapen horien inguruan biltzen direla kulturgileak, martxoaren 4an protesta ekintza egin zuten Lapurdi hiriburuko herriko etxearen aitzinean, eta ondoren bertako hautetsiekin bildu ziren.
Kulturgileak elkarrekin bildu eta egonkorki antolatzen ari direnetik aste gutxi batzuk pasa dira, eta bide horretan lau sail sortu dituzte: artistikoa, administratiboa, logistikoa eta komunikazioaz arduratuko dena, mugimendua bera ikusgarri egiteari buruz gogoetatzen duena.
Zuberoatik Baiona eta Hendaiara
Ipar Euskal Herri osoko jendea bildu da, Zuberoatik Lapurdiko kostalderaino. Berez, mugimenduak Ipar Euskal Herri osoko 158 herrietara heldu nahiko lukeela baieztatu dute, baina horretarako jendea bere inguruan bildu eta mugimenduaren indarra handitzea beharko litzateke.
Behin beraien egitura eta mugimendua finkatuta, beste gizarte borroka batzuei lotzeko asmoa ere agertu du Berardek, Segurtasun Osoko Legearen kontrako mobilizazio anitzean esaterako. Horren kontrako mugimenduak eragile oso anitzak elkartu ditu, larunbatean Baionan egin zen manifestazioan ikusi ahal izan zen bezala.