NAIZ

«Herri bat batera», euskal kirolak apirilean izango dituen hitzorduak hauspotzeko ekimena

Apirilaren 3an Athleticek eta Realak Kopako finala jokatuko dute. Hitzordu zinez garrantzitsua izango da baina ez da euskal kirolak apirilean izango duen ekitaldi bakarra, apirilaren 5etik 10era bitartean Euskal Herriko Itzulia jokatuko baita. Eta hilaren 17an Athleticek beste final bat jokatuko du.

"Gu ere bai" dinamikaren leloa. (@guerebai)
"Gu ere bai" dinamikaren leloa. (@guerebai)

Apirilean euskal kirolak zenbait hitzordu garrantzitsu ditu eta horiek hauspotzeko lanean dabil "Gu ere bai" dinamika, «Herri bat batera» lelopean. Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzeko sortutako dinamika honek euskal kirola hauspotzeko helburua jarri du. 

Izan ere, apirilaren 3an Athleticek eta Realak Kopako finala jokatuko dute. Urte bete zain egon ostean, gertu ikusten da euskal futbolak azken urteetan izan duen norgehiagoka garrantzitsua eta sareetan zein klubetan jada sumatzen da final batek sortzen duen urduritasun eta grina. 

Bide horretan, giroa berotzen joateko zenbait ekimen abiatu ditu "Gu ere bai" dinamikak. Pandemia garai honetan, partiden atarikoak eta partida ostekoa oso ezberdin bizitzen ditugu eta beraz, euskal taldeek jokatuko duten finala izaki, leiho eta balkoietan ikurrina jartzeko ekimena zabaldu dute. Athleticek edo Realak irabazi, euskal futbolarentzako garaipena izango delako: «Ikurrinak lau haizetara astinduko ditugu, balkoietan erakusteko unea iritsi da, nor garen eta zer nahi dugun adierazteko».

Baina leihoetan ikurrina jartze hutsak, ez du bi taldeetako zaleen kemena eta pike sanoa agerian uzten eta beraz, pertsonen parte-hartze zuzena bultzatzeko, "Wikiderbia" hasi da, Euskal Wikilarien Elkarteak antolatuta. Honen funtsa, Wikipedian Athletic eta Realeko eduki ezberdinak euskaraz idatzi edota hobetzean datza. Era berean, wikipediaren erabilera sustatu eta bertako edukiak euskaraz aberastu nahi dira. 

Momentuz, Athletic nabarmen ari da gailentzen, 109-65.

La Cartuja estadioan jokatuko da final handia baina izango da beste finalik ere. Kasu honetan, bideojokoetakoa. Iaz bezala, Fifa21 bideojokoa baliatuz, gorengo mailan dauden bost euskal taldeen ligaxka hasi zuten eta bertako bi talde onenek apirilaren 4an neurtuko dituzte indarrak, Aberri Egunarekin batera eta Kopako finalaren biharamunean. Hamaika Telebistak zuzenean emango du bideojokoetako finala. 

Futbolaren kontuekin ez da amaitzen festa. Apirilaren 5etik 10era bitartean, hainbeste miresten ditugun txirrindulari euskaldunak eta munduko onenak eta , Araba, Bizkai eta Gipuzkoako errepideetan barrena lehiatuko baitira –aurtengo edizioa ez da pasatzen Nafarroa eta Iparraldetik–.

Athleticek eta zale zuri-gorriek ere izango dute gozamenerako beste aukera bat. Hau hilaren 17an izango da, Bartzelonaren aurka jokatuko duten Kopako finalean.

Hitzordu garrantzitsu hauen bitartez, euskal kirola hauspotuz, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko une aproposa dela iruditzen zaie "Gu ere bai" dinamikako kideei.