Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Bolada txarrari amaiera eman nahi dio Eibarrek

Rayo Vallecano aurkari zuzenaren bisita jasoko du larunbat honetan Unben (17.00) Azken bederatzi jardunaldietan bi puntu besterik ez ditu lortu. Realak eta Athleticek igandean jokatuko dute.

Eibar eta Rayo berdinduta daude sailkapenean. (LaLiga)
Eibar eta Rayo berdinduta daude sailkapenean. (LaLiga)

Bigarren astez jarraian, gorriz markatutako partidari ekingo dio larunbat honetan Eibarrek Unben (17.00). Bere egutegiko zati txarrena gainditu ondoren, armaginek ezin izan zuten bolada txarrari amaiera eman –bi puntu bederatzi jardunaldietan, bost porrot jarraian– eta Espanyolek eraman zituen hiru puntuekin, bide batez jaitsiera postuekiko abantaila txikitu egin da. Beste aurkari zuzen bat datorkie oraingoan, puntu kopuru berbera duen Rayo Vallecano, hain zuzen ere. Eta madrildarren bisita inflexio puntua bilakatzea nahi du talde gorri-urdinak.

«Hiru puntuek ez ligukete salbazioa emango –onartu du Iker Dorronsorok– baina moralki taldea indartuko lukete. Indargune bat, «txute» bat izango litzateke». Garaipena lortzeko, antzeko taldea gainditu beharko dute bere jokalariek. «Puntu kopuru bera bera dauka, aurkari zuzena da eta beraiek ere jokalari fisikoak dira, talde indartsua, fisikoa, intentsitate handikoa… Madrilen garbi irabazi ziguten, agian orain arte jokatu dugun partidarik txarrena izan daiteke, eta batez ere intentsitatean irabazi ziguten. Beren indargunea hor dago». Oraingo honetan, neurketa «berdindua» espero du «eta xehetasun txikiek erabakiko dutena, aurreko larunbatean bezela».

Baina partidak antzekoak izan daitezkeen arren, Rayo Vallecanok topatuko duen aurkaria ez da izango Espanyolek topatu zuena, Dorronsororen esanetan. «Taldea mentalizatuagoa ikusten dut. Orain arte ez dugu gure errealitatea bizi, oso egoera eroso batean egon gara, bitartean gure atzetik dauden taldeek astero asko zutela jokoan zekitelako. Baina nik uste dut taldeak orain ikusi duela errealitatea pixka bat eta aktibatu dela, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait, ondo etorriko zaigu».

Horrekin batera, «hona zerk ekarri gaituen» gogoratzen saiatu da entrenatzaile gorri-urdina, beren jokalarien mentalizazioa lantzeko. «Zerk ekarri gaitun hona, zerk eraman gaitu Lehen Mailara, nondik gatozen eta, batez ere, Lehen Mailan eman ditugun hilabete hauetan egin duguna, orain arte lortu ditugun puntuak, batez ere lehen itzulian egin genuena… Batez ere saiatu gara taldeari gogoratzen gauzak ondo egin ditugula eta bertsio horretara itzuli behar dugula. Baina modu positibo batean, inolako presiorik sartu gabe, orain arte egin duguna eginez, helburua lortu dezakegula transmitituz».

Real eta Athletic, igandean

Beste bi euskal taldeek igandean jokatuko dute. Realak Espanyol bisitatuko du (16.00, #Vamos), Europara hurbiltzen jarraitzeko asmoarekin. Athleticek, bere aldetik, Tenerifen jokatuko du Granadilla indartsuaren aurka (13.00), azken asteotako goranzko ibilbideari jarraipena emateko helburuarekin.

24. jardunaldia

Larunbata
Deportivo - Real Madrid (12.00, LaLigaSportsTV)
Sevilla - Barcelona (14.15, LaLigaSportsTV)
Levante - EDF Logroño (16.00, Gol)
Eibar - Rayo Vallecano (17.00)

Igandea
Santa Teresa - Betis (12.00)
Granadilla - Athletic (13.00)
Madrid - Sporting de Huelva (15.00)
Espanyol - Real (16.00, #Vamos)
Valencia - Atlético (20.30 Gol)