NAIZ

Sei lekualdatze gehiago; 31 urte preso daraman Unai Parot Puertotik hurbilduko dute

Sei lekualdatze iragarri ditu Espetxe Zuzendaritzak ostiral honetan, horietatik hiru Iruñera. Zerrendan Unai Parot ageri da; 31 urte preso eman ostean Puertotik Leongo Mansillara eramango dute eta bigarren gradua onartu diote.

Unai Parot etxeratzeko aldarria, aste honetan Arrasaten. (Jon URBE | FOKU)
Unai Parot etxeratzeko aldarria, aste honetan Arrasaten. (Jon URBE | FOKU)

Espetxe Zuzendaritzak astero egiten duen iragarpenean sei euskal preso ageri dira ostiral honetan. Horietatik hiru Euskal Herrira ekarriko dituzte, Iruñera hain zuzen ere, eta gainerako hiruak Soriara (bi) eta Leongo Mansillara (bat).

Azken mugimendu hau aipagarria da. Izan ere, jada 31 urte preso darama Unai Parot eta orain azkenik hurbildua izango da, Cadizeko Puertotik Mansillara hain zuzen ere. Bigarren gradua onartu diote, orain arte beti lehen graduan izan ostean.

Aste honetan bertan bere egoera salatua izan da Arrasaten, etxeratzeko garaia dela nabarmenduz. Igande honetan manifestazioa egingo dute herrian.

Puertotik beste preso bat lekualdatuko dute: Jose Mari Dorronsoro, kasu honetan Iruñera.

Lorenzo Ayestaranek ere gradu progresioa lortu du eta Alacant-etik Soriara lekualdatuko dute. Eta bertara ekarriko dute bigarren bat, Oskar Zelarain, Castelló-tik. Lehenengo gradutik bigarrenera pasako dituzte biak.

Nafar hiriburuko espetxera bi preso ekarriko dituzte, azkenik, Valentziako Picassent-etik: Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez dira. Honekin bi euskal preso politiko baino ez dira Picassent-en geldituko.

Bost presoen lekualdatzea gauzatu da aste honetan

Bestalde, betetzeko ziren lekualdatze batzuk gauzatu dira aste honetan, Etxeratek goizean jakinarazi duenez.

Ainhoa Garcia, Aitor Agirrebarrena, Jon Bienzobas, Jose Mari Novoa eta Josu Ordoñez, hain zuzen ere, gertuago diren kartzeletara ekarri dituzte.

Espetxe Zuzendaritzak iragarritako beste zenbait lekualdatze, ordea, egin gabe daude oraindik, pandemiak ezarritako oztopoak argudiatuz.