Jon Ormazabal

Egoera errotik irauli eta olatu aparretan daude orain Jaka-Martija (22-8)

Lizartzako aurrelariak beste eraso erakustaldi bat eman du Lekeition, 13 tanto bukatu ditu, eta play-offean izango dira astelehenean Ezkurdia eta Ladis Galarzak Zumaian galtzen badute.

Erik Jakak beste erakustaldi handi bat eman du erasoan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Erik Jakak beste erakustaldi handi bat eman du erasoan. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Franz Kafkak 1915. urtean idatzitako «Metamorfosia» narrazioan, amesgaizto baten ondoren Gregorio Samsa intsektu batean bihurtu eta honek sortzen dizkion arazo eta buruhausteak biltzen ditu, nolabait mundu modernoak gizakiarengan dituen kalteen kritika zorrotza eginez. Esan daiteke, Jaka-Martijak irauli egin dutela Pragako idazlearen testua eta euren erara moldatu dutela aurtengo Binakakoan. Izan ere, duela hilabete eskas, garaipen bakarrarekin, sailkapenaren zuloan ziren Buruz Buruko eta Binakako atzelari txapeldunak eta azken lau partidak jarraian irabazita, play-offetan sartzeko zorian daude. Ezinezkoa zirudien hori lortzeko, gainera, agian ez dute azken jardunaldira itxaron beharko, borroka horretan jarraitzen duten gainerako bikoteei tantoa averagea irabazita, nahikoa baitute astelehenean Olaizola II.a-Rezustak Ezkurdia-Ladis Galarzari Zumaian irabaztea. Artola-Arangurenek, ordea, gaizki hasi zuten ibilbidea iraultzerik ez dute izan eta agur esan diete aurrera egiteko zituzten aukera urriei.

Eta azken asteetan erakutsitako jokoarekin, Lizartzakoak eta Etxeberrikoak play-offerako edonorentzat oso aurkari arriskutsuak direla berretsi dute gaur Lekeition. Bertako Santi Brouard pilotalekuko zoru azkarrak lagunduta, Erik Jakak bideoan gorde eta pilota eskoletan erakusteko erremate lezio bat eman du. Denera hamahiru tanto amaitu ditu lizartzarrak, 10 airez, hauetariko asko bolea bortitzaz, 1 dejadaz eta beste pare bat bi paretaz, bana ezkerrez eta eskuinez. Agian, aurkariek emandako erraztasunak askoz handiagoak izan direnez, gaurko bere partidak ez du aurreko asteko Labritekoak beste distirarik izango, baina teknikoki gozamen hutsa izan da Buruz Buruko txapelduna bere mailarik onenean berriz ikustea. Gainera, partida osoan tanto bakarra galdu du, 20-4ekoan ezer ez zuen pilota bat txapapera botata.

Martija ere goraka

Gaurko Julen Martijak ere antza gutxi txapelketa hasieran ezinean ikusi genuen atzelariarekin. Arazo fisiko guztiak gaindituta, betiko Martija ikusi dugu huts asko egin ez eta aukerako pilotak gozatzen dituena. Partida amaieran aitortu duenez, oraindik ez du bere burua bere mailarik onenean ikusten eta izan du partidako une bat zenbait akats egin dituena, baina nabarmena gora egin duela bere jokoak.

Tarte hori izan da, lehia erabat apurtuta zela, ezinean aritu diren Artola eta Arangurenek markagailua apur bat txukuntzeko baliatu dutena. Partida 7-0eko partzial batekin hasi dute Aspekoek eta hortik aurrera hauen nagusitasuna erabatekoa izan da. Larunbe lagun, ziurrenik inoizko Artolarik onena ikusi zuen Santi Brouard pilotaleku berak 2018ko San Antolin torneoan, baina lesioek  edozein kirolarik behar duen jarraikortasuna ohostu diote eta gaur ezinean aritu da Jakaren erauntsiaren aurrean.

Arangurenek ere ezin izan dio inoiz bizkarrik erakutsi Martijari eta are okerragoa dena, aukerako pilota asko utzi dizkio Jakari eta lizartzarrak ez du inolako errukirik izan.

 

FITXA TEKNIKOA:

Jaka-Martija: 22

Artola-Aranguren: 8

Pilotakadak: 394. Iraupena: 48 minutu. Markagailua: 7-0, 7-1, 8-1, 8-2, 12-3, 20-3, 20-7, 21-7, 21-8, 22-8. Sakeak: 2 Artolak. Tantoak: 13 jakak, 1 Martijak 2 Artolak, 1 Arangurenek. Hutsak: 1 Jakak, 3 Martijak, 4 Artolak eta 4 Arangurenek. Gorabeherak: Binakakoaren 13. jardunaldiko bigarren jaialdia Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan jokatu da.