Hendaiako hirigunean hainbat hormak bustiak baziren gaur astelehenean goizean oraindik. Asteburuan zehar zenbait karriketan xifra adierazgarriak margotu zituzten eta udal garbitzaileek goizean goiz ezabatu dituzte.
Zer pentsa ematen zuten xifrak ziren, hala ere, etxebizitzen metro karratuak kalez kale egiten duen prezioa irudikatzeko balio zutela.
Dezente harrabots gehiago eragin du Urruñan joan zen aste hondarrean azaldu zen afixa. Higiezin-bulegoen ohiko bezero bilakatu diren Parisko hiritar jo mugan jartzen zituen mezua zabaldu zuten egileek.
«Paristarrak joan zaitezte zuen etxera, zuek zarete Euskal Herriko birusa. Alde Hemendik” zioten afixen harira abertzaleen aurkako mezuak zabaldu zituzten, besteak beste eskuin muturreko lerroetatik, hainbat erabiltzaleek sare sozialen bidez.
Hortik harago beste eremu ezberdinetan sinatu gabeko afixak ika-mika piztu zuten, eta egileek ondoren zabaldu zuten agiriak ez zituen guztiz ez ika-mika ez da zalantza guztiak erabat uxatu.
Voilà l'oeuvre des nationalistes rances, version @EHBai, abertzale et compagnie ! Le séparatisme est le virus du pays basque ! https://t.co/87hSA75iu1
— Ladoc Basque (@BasqueLadoc) March 28, 2021
Izan ere, gehienetan izenik gabeko erabiltzaileek elikaturiko polemikan EH Bai sartzeko asmoari berehalako erantzuna eman zion Nikolas Blain bozeramaleak.
EH Baik ez dituela sinaturik gabeko mezuak zabaltzen argiki adierazi zuen, kanpainia horretatik aldenduz.
Ezkerreko mugimendu abertzaleak bereko lerroa darama higiezin arazoari buruz. Are, lurra eta etxebizitzaren atalean zehaztu dituen helburuak aipatzeko agerraldia deitu du gaur arratsalderako, Baionan.
Herri edo Euskal Elkargo mailan bultzaturiko egitasmoekin batera azkeneko hilabetetan kalean hainbat protesta burutu ditu mugimendu horrek baita kalean ere.
Hala EH Baik elkarretaratzea egin zuen iragan abenduaren 12an Angeluko higiezin-bulego baten aurrean.
Berriki, matxoaren 4an, luxuzko bigarren etxebizitzak erosteko egitasmoa salatuz EH Baik beste mobilizazioa egin zuen, kasu horretan Ahetzen bertako hautetsi eta auzoekin batera.
Salmenten eta prezioen gorakada
Pandemia garaian etxebizitzen prezioak gorakada izan du bereziki Lapurdiko kostan.
Badira zazpi urte Hendaiako Laguillon higizin-agentzian lan egiten duen Iker Zurutuzak Kazeta.eus atariari azaldutakoaren arabera, pandemiaren urtean etxebizitzen prezioa %15-20 igo da.
Hainbat salerosketa operazioen haritik, eztabaida areagotu da gizartean, eta protesta ekimenak ez dira falta.
Urte hasieran, mendi etxe baten salmenta salatuz margoketak egin zituzten. «600.000 euro? Aski da!» eta «ez dugu onartzen, guk ere EHn bizi nahi dugu» leloak idatzi zituzten Bidarraiko etxe horretan.
«Denak ohar gaitezen egoera horrek berdin segitzen badu, guk eta ondoko belaunaldiek Ipar Euskal Herrian bizitzeko aukerarik ez dugula ukanen», nabarmendu zuten margoketak egin zituzten agiri batean.
Anartean, Biarritzen, luxuzko apartamentu bat metro karratuko 40.000 euroan saldu zela pandemiaren urtean jakitera eman zuen higiezinen agentzia batek aurreko urteko balantzea aurkezteko txostenean.
Philippe Thomine Desmazures Biarritzen eta Donibane Lohizunen salmenta bulegoak dituen Barnes taldeko kudeatzaileak hainbat azalpen ematen zituen «urte arrakastatsu» hori azaltzeko.
Alde batetik, pandemiaren eraginez hiri handietan bizi diren bezero dirudun askok bigarren etxebizitza erosteko urratsa eman dutela azaldu zuen. Bestetik, Lapurdiko kosta bizitoki nagusia bilakatzea erabaki dutela «bizimodu eta ingurugiro lasaiagoa» bilatzen duten «40 urtetik gorako bezeroek» gaineratu zuen.
2021ko neguko perspektibak jorratzeko xede zuen gutun irekian luxuzko etxebizitzak proposatzen dituen agentziaren salmentak %30ean emendatu zirela iaz aitortu zuen kudeatzaileak.
Bigarren etxebizitzak
Pandemiak dagoeneko martxan zen fenomenoa azkartu du. Izan ere oporretako egoitzen tasa oso altua baita bereziko kosta eremuan. Hego Lapurdiko eskualdean bigarren etxebizitzen batazbesteko tasa %35koa zen 2015an zabalduriko datuen arabera.
Izan ere barnealdean joera hori gero eta nabarmenagoa da. Mediabask astekariarekin ekin hizketan Ligi-Atherei herriko auzapezak Pierre Quihillaltek hauxe azaldu zuen berriki: bere herrian 151 etxebizitza daude eta horietarik 66 bigarren etxebizitzak dira.
Azkeneko bost urtetan txosten eta ikerketa guztiek aurreikusten zuten joera baieztatu da. Izan ere pandemiak nolabait prozesu hori azkartu du, politika publikoen gabeziak eta hutsuneak azalaratuz, baita gizartean gaiak pizten dituen kontraesanez beteriko eztabaidaren tenperatura berotuz.