Azerikeriatan abilak dira batzuek eta gainontzekoek nozitu behar. Emakumeen Endesa Ligan laugarren amaitzeak ez dio abantaila askorik ekarri Lointek Gernika Bizkaiari playoffetara begira. Madrilgo WIZink Center erraldoian jokatuko dute bizkaitarrek asteazken arratsaldeko 19.30etan final-laurdenetako aurreneko partida Movistar Estudiantes Ligako bosgarrenaren etxean. Ez hori bakarrik, harmailetan jendea izango da.
Kantxa erraldoia eta jendea aurkaria animatzeko; horixe besterik ez du behar talde gernikarrak final-laurdenoi ekiteko, are gehiago igandeko itzulerako lehia –21.00etan hasita, Malosten, eta Teledeporte kateak eskainia– harmailak hutsik direla jokatuko dela ikusita.
Pandemia dela-eta, eta Europako lehia ezberdinetako geldialdiak direla medio –Euroligako Final Fourrerako sailkatu da Roberto Iñiguez gasteiztarraren Perfumerias Avenida; Eurocupeko Final Fourrerako sailkapena lortu du bestalde Valentzia Basketek–, final-laurdenetako –eta finalerdietako– kanporaketak joan-etorriko bi partidatan erabaki beharko dira eta puntu diferentziak –garaipen berdintasunik balego– erabakiko du dema. Ederra ziria sartu diotena Lointek Gernika Bizkaiari.
Gutxienez, talde osoa jokatzeko moduan izango du talde bizkaitarrak, Emakumeen Endesa Ligan lehian jarraitzen duen bakarrak. Perfumerias Avenidaren aurka sorbaldan min hartu ostean Nadia Colhado ez zituen ez IDK Euskotrenen aurkako derbia, ezta zapatuan Ciudad de la Laguna Teneriferen aurkako partida ere jokatu. Pibot brasildarra ez dago onenean, baina jokatzeko prest dago, eta ez da gutxi.
Denboraldiko aurrekariak ere ez dira txarrak, elkarren aurkako lehia bietan bizkaitarrak nagusitu baitira. Aurreneko itzulian kostata, 77-74 nagusitu ziren Mario Lopezenak Malosten. Joan den otsailaren erdialdean, berriz, covid-19a bete betean Gernika Bizkaia jotzen ari zela –Laura Cornelius eta Roso Buchek ez zuten jokatu–, 53-64 nagusitu ziren bizkaitarrak, nahiz eta azken minutuetara arte partida pare parean izan.
Madelen Urieta, konforme
Bestalde, Araskik denboraldi amaierako prentsaurrekoa eskaini du eta, oro har, balekoa baino hobea izan omen da Madelen Urieta entrenatzailearen iritziz taldeak egin duen lana, Kopa eta Ligako playoff-ik jokatzeke geratu bada ere.
«Maila tarte handiaz mantentzea lortu dugu eta hori gauza handia da, Emakumeen Endesa Liga gero eta gogorragoa baita. Guk ez dugu, beste klub batzuek ez bezala, gizonezkoen kluben estrukturarik gure lantaldea antolatzeko», azpimarratu du entrenatzaile gasteiztarrak. Hori bai, taldearen irregulartasuna ere onartu du.
«Denboraldiko nota oro har ona da, baina egia da zati batzuetan nota horrek gorabeherak izan dituela. Batzuetan bikain aritu bagara, beste zenbaitetan nahikoa ateratzen ere lanak izan ditugu», adierazi du Urietak. Dena den, «merituzkoa» iritzi dio ACB Ligako estrukturetatik aparte dagoen talde honek beste urtebetez elitean ekingo diola ikusteari.