NAIZ

Isolamenduaren aroa amaitu da; azken hiru presoak atera direla baieztatu du Etxeratek

Hiru hamarkada luzez sistematikoki ezarri den isolamendu politika amaitu dela baieztatu du Etxeratek. Soto del Realen egoera horretan izan diren azken hiru presoak modulu horietatik atera dituztela jakinarazi du.

34 urtez sistematikoki ezarri zaie isolamendua euskal preso politikoei. (Getty)
34 urtez sistematikoki ezarri zaie isolamendua euskal preso politikoei. (Getty)

Azaroan jakin zen isolamendu moduluetan ziren euskal preso politikoak bertatik ateratzen hasiak zirela. Honekin 34 urtez luzatu den jokabide sistematikoaren amaiera igar zitekeen. Madrilgo Soto del Realen, ordea, orain arte eutsi diote neurri horri. Gaur asteazkenean jakinarazi du Etxeratek hori jasaten ari ziren azken hiru euskal presoen egoera ere bideratu dela.

«Euskal preso guztiak isolamendu erregimenetik atera dira dagoeneko –adieraztera eman du senideen elkarteak, ohar batean–. Iñaki Reta, Marixol Iparragirre eta Jurdan Martitegi izan dira Sotoko espetxean pairatu duten azkenak».

Honekin batera, pandemiaren aitzakiaz gelditutako lekualdatze gehiago gauzatu dela azkenik erantsi du Etxeratek. Honen berri eman du: «Diego Ugarte Lopez de Arkaute preso gasteiztarra Granadako espetxetik (855 km) Leoneko espetxera (370 km) lekualdatu dute. Mattin Sarasola Larzabal lesakarra, Jaengo espetxetik (775 km) Dueñasko espetxera (310 km). Beñat Aginagalde Ugartemendia preso politiko hernaniarra, Jaengo espetxetik (775 km) Dueñasko espetxera (310 km). Fernando Garcia Jodra preso bilbotarra, Huelvako espetxetik (1.000 km) Leoneko espetxera (370 km). Gurutz Agirresarobe Pagola preso hernaniarra Sevillako espetxetik (990 km) Logroñoko espetxera (170 km). Ana Belen Egues Gurrutxaga preso politiko elduaiendarra Cordobako espetxetik (835 km) Villabonako (385 km) espetxera. Eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi preso gernikarra A Lamako espetxetik (740 km) El Duesoko espetxera (170)». Guztiak aurretik Espetxe Zuzendaritzak iragarritako mugimenduak ziren, Euskalherriratzeko edo hurbitzeak.

Gauzak honela, «euskal preso politikoez hustuta geratzen dira A Lama, Jaen, Cordoba eta Murtzia I espetxeak. Azken hilabeteetan Algeciras, Caceres eta Badajozko espetxeak hustu dira baita ere», ekarri du gogora.