NAIZ

Osasunaren Egunean gaixo dauden presoak askatzeko eskatu dute Etxeratek eta Sarek

Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. Hori dela eta, Sarek eta Etxeratek gaixo dauden presoen askatzea aldarrikatu dute. 17 dira gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal preso politikoak.

Sarek Nafarroako Ospitalearen aurrean gaur egin duen elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)
Sarek Nafarroako Ospitalearen aurrean gaur egin duen elkarretaratzea. (Iñigo URIZ/FOKU)

Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur eta horren harira gaixo dauden presoak askatzeko aldarrikapena berretsi dute Sarek eta Etxeratek.  

Gauzak horrela, «espetxe politika gizatiartzeko pausoak eman behar direlarik, gaixotasun larriak dituzten 17 euskal preso politikoak berehala askatzeko eskatzen dugu beste behin, duten gaitza baldintza duinetan artatzeko, haien senideen ondoan, eta haien osasunaren eskubidea errespetatua izan dadin», adierazi du Etxeratek.

«Modu berean, haien osasuna sustatua eta babestua izan dadin pertsona guztiek duten eskubidea berretsi nahi dugu, eta handiagoa da preso diren pertsonen osasunarekiko erakunde publikoek duten ardura. Izan ere, espetxe erakundeen instalazio publikoen barnean, espetxeetan, kolektiboki giltzaperatuak daude eta mugatuak dituzte mugimenduak», gaineratu du Etxeratek.
 
Horregatik, beste behin ere, dei bat egin die Lakuako Gobernuaren eta Nafarroako Gobernuaren Osasun sailei eta Estatu espainol eta frantseseko Osasun ministerioei, «minutu bakar bat ere galdu gabe, sar ditzaten presoak covid-19aren kontrako txertaketarako lehentasunezko taldeetan eta abian jar ditzaten espetxeetako populazio guztiarentzat txertaketa plan eraginkorrak eta bermea dutenak».

Sareren kontzentrazioa Iruñean

Honekin batera, Sarek kontzentrazioa egin du Iruñeko Ospitalearen aurrean «Osasun ekubidearen alde, larriki gaixo dauden presoak etxera!». Beste hainbat herritan ere antolatu dira mobilizazioak.