NAIZ

Fran Baldari igandean Arbizun egin behar zitzaion omenaldia atzeratu dute antolatzaileek

Arbizuko ezker abertzaleak deituta, martxoaren 13an jazotako istripu batean zendu zen Fran Balda herrikideari omenaldia egin behar zioten igandean Sakanako herrian, baina osasun arrazoiak direla-eta atzeratzea erabaki dute. Ekainaren 6an eginen da.

Fran Balda arbizuarra, 2011ko argazki batean. (Iñigo URIZ/FOKU)
Fran Balda arbizuarra, 2011ko argazki batean. (Iñigo URIZ/FOKU)

Nafarroak eta Sakanak bizi duten osasun egoera dela-eta, Fran Baldari igandean Arbizun egin behar zitzaion omenaldia atzeratzea erabaki dute antolatzaileek «halabeharrez eta erantzunkizunez». Martxoaren 13an zendu zen Balda, Etxarri Aranatz eta Arbizu lotzen dituen errepidean gertatutako istripu batean.

«Halabeharrez, pasa den martxoaren 13an izandako istripuan galdu zuen bizitza gure kideak, eta omenaldi honen bidez guri ez ezik Arbizuri nahiz Euskal Herriko askapen-prozesuari emandako guztia eskertu nahi diogu», azpimarratu zute ekitaldiaren berri emateko komunikabideetara igorri zuten oharrean.

Arbizun ez ezik, Euskal Herrian samina eragin zuen albisteak, presoen alde eta torturaren aurka lan eskerga egina zelako Balda. 2003tik 2011ra herriko zinegotzi ere izan zen eta urte horietan eman zen, hain zuzen, Arbizu eta Marda herri palestinarraren arteko senidetzea. Urrats hori eman zutenean, Fran Balda, zinegotzi bezala, Josu Mendinueta alkatearekin batera, Euskal Herriko mugimendu internazionalistak antolatu zuen Biladi Hadi brigadan izan zen.

«Nekez uzten du herria herria egin duenak», zioten antolatzaileek deialdiaren inguruko xehetasunak ematerakoan. Eta herritarrek eginen diote azken omenaldi hori, jakinarazi dutenez, ekainaren 6an.