NAIZ

Sexu askatasunaren aurkako delituek %30,5 egin dute behera EAEn: 50 biktima bi hilabetetan

Otsailera arte EAEn sexu askatasunaren aurkako delituetan %30,5eko beherakada izan da, Emakundek aurkeztutako salaketetan oinarrituta jasotako datuen arabera. Epe berean, 725 emakume izan dira indarkeria sexistaren biktima, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.

Indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa Andoainen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Indarkeria matxista salatzeko mobilizazioa Andoainen, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Emakundek emandako datuen arabera, otsailera arte 50 emakumek salatu zuten sexu askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan zirela EAEn, hau da, denbora tarte berean iaz baino %30,5 gutxiagok.

Lurraldeka jasotako datuei dagokienez, Araban mota horretako delituen biktima izan ziren emakumeen kopuruak %50 egin du behera (zortzi 2020an, eta lau aurten).

Gipuzkoako beherakada %40koa izan da (2020an 30 eraso, eta aurten 18); Bizkaian, berriz, %17,6 jaitsi ziren (2020an 34 izatetik aurten 28 izatera).

518 emakume, bikotekidearen biktima

Gainera, Emakunderen analisian jasotzen denez, otsailera arte 518 emakumek jasan zituzten bikotekidearen edo bikotekide ohiaren erasoak, hau da, %14,6ko beherakada egon zen iazko epe berean zenbatutako 607 biktimekin alderatuta.

Bizkaian eta Gipuzkoan behera egin du bikotekideak edo bikotekide ohiak erasotako emakumeen kopuruak (%18 Bizkaian eta %16,4 Gipuzkoan). Hala ere, Araban %2,3 hazi da erasoak jasan zituzten emakumeen kopurua.

Biktima horiei familia-ingurunean erasotako 157 emakumeak gehitu behar zaizkie (bikotekidea edo bikotekide ohiaren erasoak ez zirenak). %12,3ko beherakada izan zen 2020ko lehen bi hilabeteetan delitu mota horrekin lotuta izan ziren 179 biktimekin alderatuta.

Guztira, EAEn indarkeriaren biktima izan diren emakumeak 725 izan dira lehen bihilekoan; horrek esan nahi du %15,5eko beherakada egon dela 2020an izan ziren 858 erasoekin alderatuta.

Lurraldeka, emakumeen aurkako indarkeria %18,2 jaitsi zen Bizkaian, %18 Gipuzkoan, eta %1,75 Araban.