naiz

Emakume migranteak erreferente dira euskal elkarteetan, Emakunderen azterlan baten arabera

Immigrazioaren eta genero desberdintasunen berrikuspenetik abiatuta, ‘Emakume etorkinen parte-hartzea Euskadiko mugimendu migratzaile eta feministetan: narratibak, estrategiak eta erresistentziak’ azterlana aurkeztu du Emakundek.

Izaskun Landaida Themme Afan eta Cares Mardonesekin batera, azterlanaren aurkezpenean. (Endika PORTILLO/FOKU))
Izaskun Landaida Themme Afan eta Cares Mardonesekin batera, azterlanaren aurkezpenean. (Endika PORTILLO/FOKU))

Emakundek ‘Emakume etorkinen parte-hartzea Euskadiko mugimendu migratzaile eta feministetan: narratibak, estrategiak eta erresistentziak’ azterlana aurkeztu du. Emakundek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanei emandako bekaren emaitza da Carmen A. Cares Mardones eta Cecilia Themme Afan unibertsitateko ikertzaileek ondutakoa, eta immigrazioaren eta genero desberdintasunen fenomenoen berrikuspenetik abiatuta bideratu dute analisi «feminista eta intersekzional» hau.

Asteartean jakinarazi dutenez, ikerketak ondorioztatzen du emakume migratuak eta arrazializatuak «disidentziaren eta giza kapitalaren erreferente direla euskal elkarteen testuinguruan, eta gizarteratze ekintzen, genero berdintasunaren aldeko borrokaren eta identitate kulturalaren onarpenaren garapen aktiboan laguntzen dute, bai jatorrizko herrialdeetan, bai helmugako gizartean».

Ikerketa egiteko, egileek lurralde bakoitzeko eta elkarte desberdinetako hamar bat emakume aukeratu zituzten, EAEko mugimenduaren aniztasuna islatu nahian. Eta ekoizpen narratiboen metodologia aukeratu zuten, esperientzia desberdinak dituzten pertsonen ezagutzak partekatzeko.Testu subjektiboen ekarpenarekin, orobat, ikerketa feminista emakume migratuen identitatetik nola planteatu daitekeen gogoeta egin dute.

Lanaren emaitzen arabera, etorkinen elkarteetan emakume migratuen parte-hartze handiagoa izan ohi da, nahiz eta adierazgarriagoa den emakumeez soilik osatutako mugimenduetan. Eta elkarte guztiek jarrera feministarik adierazi ez arren, zenbait jarduera espezifikotan genero ikuspegia proposatzen dute.

Halaber, azterlanean parte hartu duten emakume gehienek adierazi dute elkarteen bidez euren ahalduntze prozesua hauspotu dela.

Lurraldeka

Elkarte motei dagokienez, ikertzaileek lurraldeen araberako desberdintasun batzuk antzeman dituzte. Araban, biztanle atzerritarren kontzentrazio handiena duen lurraldean, elkartekide gehienek kultura-elkarteekin bat egitearen alde egiten dute. Bizkaian, gehienek emakume migratuek soilik osatutako kolektiboetan parte hartu dute. Eta Gipuzkoan oreka dago migratuak diren eta ez diren pertsonek ere parte hartzen duten elkarteekin, azterlanaren arabera.

Izaskun Landaida Emakumearen Euskal Institutuaren zuzendariak ikertzaileen lana goraipatu du aurkezpenean, «emakume migratu eta arrazializatuen parte-hartze politiko eta sozialari buruzko prozesu gogoetatsu eta kritiko» bat egiteagatik.