NAIZ

Suezko Kanaleko Agintaritzak 767 milioi euro eskatu dizkie Ever Given itsasontziaren jabeei

Suezko Kanaleko Agintaritzak 767 milioi euroko konpentsazioa eskatu die Ever Given itsasontziaren jabeei, itsas bidean eragin zuen blokeoa dela eta. Egiptoko auzitegi batek, gainera, ontzia atxikitzea agindu du.

Ever Given itsasontzia Suezko Kanalean blokeatuta. (Ahmed HASAN/AFP)
Ever Given itsasontzia Suezko Kanalean blokeatuta. (Ahmed HASAN/AFP)

Suezko Kanaleko Agintaritzak (SCA, ingelesez) 767 milioi euroko konpentsazioa eskatu die Ever Given itsasontziaren jabeei, UK P&I Club aseguru-etxe britainiarraren arabera. Itsasontziak kanaleko zirkulazioa blokeatu zuen, martxoaren 23an gurutzatuta geratu zenetik, behin eta berriz saiatu ondoren, martxoaren 29an berriz flotarazi zuten arte.

Aseguru-etxeak ohar batean azaldu duenez, Kanaleko Agintaritzak ez du erreklamazio horren «justifikazio zehatzik eman». Izan ere, erreklamazioak bi partida jasotzen baititu, bakoitza 251 milioi eurokoa: bat «izen ona galtzeagatik» eta bestea «salbamendu bonu» gisa.

Aseguru-etxeak oharrean nabarmendu duenez, kanalaren blokeoak ez zuen «kutsadurarik» eragin uretan eta ez zuen zauriturik eragin. Gertakaria jazo zenean, ontzia «erabat operatibo» zegoela azpimarratu du, «makinerian eta ekipamenduan akatsik gabe».

Konpainiaren arabera, itsasontziaren jabeek eta aseguratzaileek SCArekin negoziatzen jarraitzen dute.

Atxikita

Egiptoko auzitegi batek, bitartean Ever Given ontzia atxikitzea agindu du. Izan ere, blokeoa eragin zuenetik Egiptoko agintarien esku baitago.

Suezko Kanaleko Agintaritzako iturri baten arabera, «Itsasontzia legez atxikitzeko erabaki ofiziala» da, «prozedura ofizial» hutsa, Ever Given-en egoera ez baita aldatzen, kanalaren erdian baitago. Ever Given Panamako bandera duen itsasontzi erraldoiak Evergreen taiwandar ontzidia osatzen du eta Shoei Kisen enpresa japoniarraren jabetzakoa da. 400 metroko luzera du eta 200.000 tonatik gorako edukiera.

Blokeotik askatu zenean ikuskapen teknikoak egin zizkioten, kalterik izan ez zuela egiaztatzeko, eta Roterdamerako bidea berriz hartzea aurreikusi zuten, baina Egipton geratu da.