Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrena Labriten bildu dira asteazken goizean larunbatean jokatuko duten partidarako materiala aukeratzeko. Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxkari hasiera emango dion neurketa izango da eta, orain arte ikusitakoaren arabera, norgehiagoka bikaina izateko osagai guztiak ditu.
Kontuan izan behar da jardunaldi gehienetan sailkapeneko lehen bi postuetan egon diren bikoteak direla, nahiz eta Altuna-Mariezkurrena azken txanpan koxka bat jaitsi zen, eta aurreneko ligaxkan elkarren aurka jokatutako bi demak ederrak izan ziren.
Lehenengoa jada oso urrun geratzen den urtarrilaren 18an jokatu zuten Azpeitian, eta orduan Elezkanok eta Zabaletak irabazi zuten 22-15; bigarrena martxoaren 7an izan zen Eibarren, eta garaipena Altuna eta Mariezkurrenarentzat izan zen 19-22.
Azken lehia horretatik ere hilabete baino gehiago igaro da eta, lau protagonistek material hautaketan behin eta berriz errepikatu duten moduan, orain txapelketa berri bat hasten da, orain arte egindakoak ez du ia ezertarako balio.
«Txapelketa horren luzea izanda, garrantzitsuena une erabakigarrira sasoi onean iristea izaten da. Orain hutsetik hasten gara berriz eta pilotari bakoitzaren joko puntua eta konfiantza oso garrantzitsua izango da», esan du adibidez Danel Elezkanok.
«Guk ez dugu ezer aldatuko, orain arte egindakoari jarraipena eman behar diogu», gaineratu du Jose Javier Zabaletak. «Orain arteko 14 jardunaldietan partida hobeak eta kaxkarragoak egin ditugu, baina orain datorrenean jarri behar dugu buru-belarri. Azkenean lau hilabete baino gehiago irauten du txapelketak eta zailena lanketa sikologikoa izaten da».
Mariezkurrena, eusteko prest
Zabaleta izan da orain arte alde handienak markatu dituen pilotaria, eta horregatik larunbaterako begiradak Jon Mariezkurrenaren gainean ipinita egongo dira. Lan zaila baina erronka polita atzelari gaztearentzat.
«Txapelketako bikote onenaren aurka jokatzen dugu. Atzean Joseri eusten saiatuko naiz, eta ahal denean bizkarra erakusten. Badakit Jose dagoen atzelari onena dela, baina ehuneko ehunean banago uste dut eusteko gai naizela. Azken aldian lortu genuen haiek menderatzea eta hura errepikatzen saiatuko gara», izan dira Berriozarreko pilotariaren hitzak.
Elezkanok eta Zabaletak 104,5-106,2-106,4 gramoko hiru pilota aukeratu dituzte. Altunak eta Mariezkurrenak 104,8-104,9-105,1 gramoko beste hiru. Aipatu dutenez, Elezkano eta Zabaletarenak mugitzeko zailagoak dira, eta Altuna eta Mariezkurrenarenak bizixeagoak.