naiz

EAEko sektore publikoko sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte hilaren 22ko grebaren harira

ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas eta Satse sindikatuek deituta, EAEko sektore publikoko langileek elkarretaratzeak egin dituzte lantokien aurrean, enplegu publikoa sortu eta kontsolidatzeko aldarria beste behin kalera ateraz. Hilaren 22an sektorean deitutako greba egunaren harira egin dira protestak.

Donostian Carlos Santamaria eraikinaren aurrean egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Donostian Carlos Santamaria eraikinaren aurrean egin dute elkarretaratzea sindikatuek. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Enplegu publikoa sortzeko eta sektore honetan ohikoak diren behin-behineko lanpostuak egonkortzeko aldarria kalera atera dute beste behin ELA, LAB, CCOO, ESK, Steilas eta Satse sindikatuek modu bateratuan, EAEko sektore publikoan deitutako beste mobilizazio egun baten bitartez.

Hala, elkarretaratzeak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizko lantokien aurrean, baita EAEko hainbat herritan ere, apirilaren 22rako deitutako grebari begira. «Hain zuzen ere, lantokien aurrean mobilizatu gara, enplegu publikoa sortu eta milaka behin behineko langileren kontsolidazioa galdegiteko», adierazi dute.

Mobilizazio faseari apirilaren 22an emango diote jarraipena sindikatuek. Egun horretan, «benetako urratsak» eskatuko dizkiete erakunde publikoei eta EAEko alderdi politikoei ia 60.000 langile publikok beraien enplegua kontsolidatzeko, ohar batean jakinarazi dutenez.

Ostegun honetan egindako elkarretaratzeek hilaren 22ko greba eguna gizarteratzeko helburua izan dute; hala egin zuten iragan martxoaren 30ean ere, elkarretaratzeen bitartez orduan ere. Milaka langilek egin zuten bat deialdiarekin mobilizazio horretan, sindikatuen arabera.