NAIZ

Lluís Quílez zinemagile bartzelonarrak jasoko du 27. Fant jaialdiko Fantrobia Saria

Fant, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioak Lluís Quílez zuzendari, gidoilari eta ekoizle bartzelonarrari eskainiko dio Fantrobia, jaialdiko sari nagusia. Aurtengo urtarrilean estreinatu du bere azken lana, ‘Bajocero’ film luzea.

Lluís Quílez zuzendari, gidoilari eta ekoizle bartzelonarra. (NAIZ)
Lluís Quílez zuzendari, gidoilari eta ekoizle bartzelonarra. (NAIZ)

Lluís Quílez zuzendari, gidoilari eta ekoizle bartzelonarrarentzat izango da Bilboko Udalak antolatzen duen Fant Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioko Fantrobia Saria. Genero fantastikoan goraka ari den pertsona aintzatesten du sariak. Fant 27 maiatzaren 7tik 16ra ospatuko da.

Jaialdiko arduradunek jakinarazi dutenez, Quílezek 2003an hasi zuen ibilbide profesionala, ‘El siguiente’ film laburrarekin. Karrera amaierako proiektu izan zen, eta nazioarteko 17 sari lortu zituen, besteak beste, 2004ko Europako film labur fantastiko onenaren Méliès D'Argent saria.

Geroago heldu ziren Sitgeseko Jaialdian estreinatu ziren eta nazioarteko hainbat jaialditan 96 sari lortu zituzten ‘Avatar’ (2005) eta ‘Yanindara’ film laburrak (2009). ‘Avatar’ lanak, gainera, Oscar sarietarako sailkatzea lortu zuen 2007an.

Quílez-ek 2015ean estreinatu zuen Tribecako zinemaldian lehen film luzea zuzendari gisa: ‘Out of the Dark’. Urte horretan bertan ekoizle gisa hasi zen lanean, Bartzelonan egoitza duen Euphoria Productions sortuz.

Ekoizle eta zuzendari gisa egindako lehen lana ‘Graffiti’ film laburra izan da; Sitgesen estreinatu eta saritu zuten, nazioarteko beste 50 sari lortu baino lehen. Lan horrekin, Quílez Goya 2017 sarietarako izendatu zuten eta Fant jaialdiaren 2016ko edizioan parte hartu zuen.

Aurtengo urtarrilean bigarren film luzea estreinatu du zinemagile bartzelonarrak, ‘Bajocero’, Netflix plataformak ekoitzia. Hilabete bakarrean, plataformako ingelesez besteko filmik ikusiena izatea lortu zuen.