Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Kalean dira Ganbila bildumaren lan berriak: ‘Dama’, ‘Zerrakuretan’ eta ‘Aititaren betaurrekoak’

Susa argitaletxeak EHAZE elkartearekin batera sustatzen duen Ganbila antzerki bildumak lan berriak aurkeztu ditu ostegun honetan: Jon Gerediagaren ‘Dama’, Gaizka Sarasolaren –Mairu Antzerki Tailerrarekin elkarlanean– ‘Zerrakuretan’ eta Agus Perezen ‘Aititaren betaurrekoak’.

Agus Perez, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola. (Gorka RUBIO/FOKU)
Agus Perez, Jon Gerediaga eta Gaizka Sarasola. (Gorka RUBIO/FOKU)

Euskal antzerkigintzan transmisioaren inguruan sortutako kezkatik abiatu zen Ganbila proiektua 2019an. Bazen orduan espazio fisikorik gabeko antzerki bat, bete beharreko hutsunea eta literaturaren eta antzerkiaren arteko tentsioa –testua, abiapuntu ala tresna?–. Bildumari esker, ordea, karga hori arindu, eta «dena dugu egiteko» horretatik, «infinitua jada arazo ez izatera» igaro da, Oier Guillan-ek ostegun honetan azaldu duenez.

Donostiako Kaxilda liburudendan izan da editorea Ganbila antzerki bildumaren hirugarren labealdia aurkezten: Jon Gerediagaren ‘Dama’, Gaizka Sarasolaren –Mairu Antzerki Tailerrarekin elkarlanean– ‘Zerrakuretan’ eta Agus Perezen ‘Aititaren betaurrekoak’ dira uzta berriaren aleak.

Hiru liburu hauek batuz, 12 liburu plazaratu ditu Susa argitaletxeak EHAZE-Antzerkizale elkartearekin batera elkarlanean bultzatutako liburu bildumak. Ñabardura batekin: 13 egile dira horietan topa ditzazkegunak, baita 20 antzezlan, hamaika antzerki konpainia, hamaika ilustratzaile eta orotara 22 lagunen kolaborazioa ere.

Azken hiru aleak jada kalean dira. Lehena, 'Dama', poesiatik poetikara doan eta poeta baten historia kontatzen duen obra da. Gerediagaren arabera, bi tentsio nagusitik abiatzen da. Alde batetik, gizartearen eta poetaren artean sortzen den tirabira. «Poetaren bizimodu marginal hori zuzentasun politikoz lotutako gizarte tradizionalista batean... poetak ez daki zein den bere ekarpena gizarte horri».

Baina ameslari bakarti eta aldi berean artista anonimo honen barruko liskarrak ere azaleratuko dira: «Poetak bere buruarekin duen tentsioa; pentsatuko du hitzak elkartzeko maniak baduela absurdotik zeozer eta onartu beharko du bere bokazioa hori dela».

Tentsioan dauden bi mundu horiek elkar ulertzea izango da egilearen asmoa «trikimailu dramaturgikoaren» bidez tragikomediarantz joango den liburu honetan. «Nik pentsatu nahi dut gizarteak lekutxo bat egingo diola poetari, tabernako txoko ilun batean bada ere». Eta honek aurkituko duela oreka bere buruarekin. 

Azkenean, poetak poesia behar du Gerediagaren hitzetan, baina lagunarte bat behar du ere, herri bat, mundu oso bat. «Eta pentsatu nahi dut gizarteak ere poeta behar duela». Fikziozko unibertso honetan, biek onartu beharko dute «edertasuna ez dela luxu bat», mundu honetan bizirauteko ezinbestekoa den tresna baizik.

Oroimena eta industrializazioa

‘Erleak, satorrak, beleak’ liburuan sumatzen ziren ildo batzuk ‘Zerrakuretan’-en are konplexuago, sakonago eta agian ederrago aurki daitezkeela uste du Guillanek. Gai politiko eta sozialen erraietatik datorren sinbolismo batetik abiatzen da, «baina beti ere pertsonen umorearen eta kontraesanen neurrira idatziak».

Haatik, ‘Zerrakuretan’ ez da obra bakarra, ‘Txoriak eta zauriak’ eta ‘Iluntzen’ lanak jasotzen ditu bere baitan. Mairu Antzerki Taldearekin batera sinatu eta haiekin batera taularatu ditu bi lan horiek, hain zuzen. Maider Arrieta izan da azalaren egilea eta obraren hitzaurrea Manex Fuchs aktoreak idatzi du.

1936ko Gerraren ostean, Lesaka eta Oiartzun artean dauden Toledoko preso batzuekin hasten da ‘Txoriak eta Zauriak’. Preso horietako bik ihes egitea eta basotan murgiltzea lortu dute. «Eta ekosistema propioa lortu dute», azaldu du Sarasolak. Oroimena, kontakizuna, errelatoa, minak sortzen dituen zalantzak edota kezka bezalako kontuak ukitzea da helburua.

‘Iluntzen’ obrak ere errealitatea hartzen du abiapuntu gisa: industrializazioak aldatu zuen herri batean kokatzen da, orain honen galeraren ondorioz hutsa geratu dena. Hala ere, laster azaleratuko dira magia, surrealismoa... dena herri bat itzaltzen, desagertzen ari dela ikusarazi eta horrek sortzen dituen kezkak eta gogoetak islatzeko.

Euskal antzerkiaren erradiografia

Lehen aldiz, gogoetari eta saiakerari leihoa zabaldu dio Ganbila bildumak 12. alearekin batera, euskal antzerkiak, Guillenen arabera, euskarazko teatroari buruz kritikari «ia bakarra» izan den Agus Perezen eskutik.

Hausnarketa eta memoria ariketa bat da ‘Aititaren betaurrekoak’, arte eszenikoak mintzagai hartuta. «Sortu nintzen antzerki kritikari bezala, baina dantza deskubritu nuen, eta atrebimendu osos dantzari buruz idatzi nuen», azaldu du Perezek, ‘Euskaldunon Egunkarian’ bere lehenengo urratsak gogoratuz. «Ohiko kritikariaren irudia apurtu nahi nuen. Bilatzen nuen eredu horizontalago bat, ez konpainiak egindako lanen epaile baizik eta dialogoan egotea nahi nuen, alboko partaide bat izateko».

Dantzatik, performancea bezalako beste arte motei lekua utzi zien bere idatzietan, baita zirkuari ere. Obra honetan, beraz, azken hamarkadeten idatzi izan dituen kritiken antologia irakur daiteke, garai luze baten erradiografia.