NAIZ

Mugikortasun ereduari buruzko trantsizioa zalutzera deitu dute Bizi!k eta Txirrind’Olak

BABeko Butte-aux-Cailles biribilgunean ekimena egin dute gaur Bizi! mugimenduak eta Txirrind’Ola elkarteak, klima eta osasun publikoa zaintzeko xede mugikortasun ereduari buruzko trantsizioa azkartzeko beharraz oharra eginez.

Biden, Thunberg eta Hirigoyenen potretak baliatu dituzte mugikortasunari buruzko ekimenean parte hartu duten hiru txirrindulariek. (NAIZ)
Biden, Thunberg eta Hirigoyenen potretak baliatu dituzte mugikortasunari buruzko ekimenean parte hartu duten hiru txirrindulariek. (NAIZ)

Apirilaren 22an, 10.30ean, auto gidariek harriturik ikusi ahal izan dituzte bizikletan afixa handi bat loturik zeramaten hiru txirrindulari maskaraturik BAB hiribideko Butte-aux-Cailles biribilgunean itzul-itzulika.

Lehen txirrindulariak klimaren aldeko nazioarteko bozeramailea den Greta Thunberg gazte suediarren irudia baliatu du, gainerako biek Estatu Batuetako Joe Biden presidentearen eta Euskal-Aturri Mugikortasunaren Sindikatuaren lehendakaria den Jean-François Irigoyen-en potretetan maskaraturik burutu dute protesta ekintza.

Bizi! elkarteak eta Txirrind’Ola Bizikleta Tailerrak modu erakusgarrian oroitarazi nahi izan dute Joe Bidenen ekimenez antolatua izan den klimari buruzko mundu mailako gailurrak duen garrantzia aldaketa klimatikoari aurre egiteko.

Alabaina, «tokiko mailan topatuko direla berotegi efektuko gasen murrizteko palanka nagusiak» agerian jarri nahi izan dute ekimen horren bitartez.

Hala, bi elkarteek oroitarazi dutenez, urte bat igaro da BAB (Biarritz-Angelu-Baiona) hiribidean bizikletentzako bide segurua antolatzeko xedearekin kanpaina abiatu zutela.

Geroztik hamaika ekimen egin dute, bereziki udalek lehen konfinamenduaren garaian garatu zituzten kononapistak berriz ixtea erabaki zutenean.

Kanpainak lehenengo emaitza lortu zuen Euskal Elkargoko Mugikortasun Sindikatuaren lehendakariak publikoki engaiamendua hartu zuenean, 2020ko urriaren 13an, balizko ibilbide horri buruz ikerketa lana egiteko.

Bi taldeek gaur jakitera eman dutenez engaiamendu hori zehaztua izan da. Jean-François Irigoyenek sinaturiko gutuna jaso baitute  «jadanik BAB hiribidean bizikletentzat antolaketa egitasmoa gauzatzeko ikerketa bat hasi dela» baieztatuz.

«2021/2026 agintaldi hasierako lehenetsiak izanen diren proiektuetan» egitasmo hori aipatzeko engaiamendua hartu du Sindikatuaren lehendakariak gutun horretan.

Urrats hori baikorki hartu arren bai BABren eremuan baita Ipar Euskal Herri mailan «lan anitz badela egiteko oraindik» nabarmendu dute.

Horrendako bi elkarteetako ordezkariek beraien kide eta laguntzaileak deitu dituzte Euskal Elkargoaren Hiri Bidaien Planari buruz, hots Euskal-Aturri Mugikortasun Planari buruz, hain justu gaur irekiko den inkesta publikoan parte har dezaten.