«Kontseilu Konstituzionalak hizkuntzen gainean harturiko ebazpenak aski zorrotzak izan dira»
Zuzenbide Publikoko irakasle den Eneritz Zabaletak atzo 60 diputatuk hizkuntz gutxituen aldeko Molac legearen kontra frantziar Kontseilu Konstituzionalaren aurrean ezarri zuten helegitearen nondik norakoak eta «maniobra bitxi horren» balizko ibilbidea jorratu ditu elkarrizketa honetan.
Iragan apirilaren 8an bozketa historikoa eman zen frantziar Asanblea Nazionalean. Hirugarren irakurraldian Paul Molac diputatuak aurkezturiko ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ legea onartu zuen legebiltzarrak, Emmanuel Macronen Gobernuaren gogoaren kontra. Legea indarrean sartzeko bezperan, ordea, horren kontra helegitea aurkeztu zuten, atzo, gehiengoaren 60 diputatuk.
Gehiengo zabal batez onarturiko legeari buruz helegitea ezartzea erabaki esanguratsua bada. Datatik hasita. Gaur egikaritu behar zelako hizkuntz gutxituen babesa eta garapena xede dituen legea.
Hamabost eguneko epea gaur bukatzen zen eta bezperan sartu dute helegite hori.
Hilabeteko epea zabaltzen da orain. Hots, eskualde eta departamendu hauteskundeen atarian heldu daiteke deliberoa. Egutegiak zentzu politikoa hartuko du, berriz ere.
Ekainean hauteskundeak dira eta hori sentitu da helegitea ezartzeko moldean ere. Normalean presidentea, lehen ministroa eta bi ganberetako presidenteen izenean ematen dira helegiteak. Kasu honetan, berriz, Gobernuak ez du helegiterik eman, bere izena ez agertzeko auzian hauteskunde garaian. Martxan taldeko legebiltzarkideek, eta Modemeko eledun batzuek ere, burutu dute maniobra. Parisko prentsaren arabera aski gatazkatsua izan da erabakia. Gaur ‘Le Figaro’ egunkariak eman duen informazioari so eginez gero, Martxan legebiltzar taldeko burua den Christophe Castanerrek idatzi bat igorri zien bere diputatuei helegitea zergatik jarri nahi zuten galdetuz. Iduriz aski gatazkatsua izan da kontu hau guztia. Kalapita bada.
Edonola ere, lehenenengo momentutik Gobernua lege horren kontra azaldu da, nahiz eta legebiltzarrean bozketa galdu eta legea aurrera atera.
Gobernua eta Hezkuntza ministroa den Michel Blanquer bera argiki azaldu dira lege horren kontra. Baina legea bozkatua izan da. Berez hasieratik oso ezohiko egoera baten aurrean izan gara. Hau da Martxan alderdia gehiengoa izan arren bere diputatu batzuk ez dute bere posizioa jarraitu eta legearen alde bozkatu dute. Orain, bigarren elementu bitxia, gehiengoa duen, Gobernuan dagoen alderdiko kide batzuk helegitea ezartzen dute, nahiz eta Kontseilu Konstituzionalera jotzeko aukera hori ez zen pentsatua izan hori egiteko.
Kontseilu Konstituzionalaren aurrean helegitea ezartzeko tresna zertarako sortu zen?
Berez, helegitearen aukera hori pentsatua da hain zuzen oposizioari baliabide bat emateko. Guztiz kontrakoa gertatu da oraingoan. 1994an plantan eman zen 60 diputatu bilduz gero Kontseilu Konstituzionalera lege bat emateko aukera ematen duen araua. Orain gehiengoa duen eta Gobernuan dagoen alderdi batek baliau du tresna hori, logika politikoa bihurrituz.
Nahiz eta gobernuaren izenean ez egin helegitea, maniobra bat egin dute hizkuntz gutxituei merezi duten tokia ematearen kontra diren sektoreek
Molac diputatutak galdetu du: «Zeren beldur dira?». Baduzu erantzunen bat zalantza horrendako?
Urte luzetan saiakera anitz egin dira hizkuntz gutxituen alorrean aurrepausoak emateko eta saiakera horien aurrean Hzkuntza Ministerioak beti jokabide ezkorra ukan du. Bere lobby lana zapuztuz legea onartua izan da, hau da gauzak gaizki atera zaizkio oraingoan Blanquer buru duen Hezkuntza Ministeariiari. Nahiz eta Gobernuaren izenean ez egin helegitea, maniobra bat egin dute hizkuntz gutxituei merezi duten tokia ematearen kontra diren sektore horiek.
Seaskako lehendakari Peio Jorajuriak uste du askoz jota denbora batez gibelatuko dela legearen ezartzea. Lasaitasun mezua zabaldu zuen bart legearen sustatzaileak berak. Zuk zer diozu?
Kontseilu Konstituzionalak normalean bakarrik ematen du bere iritzia errekurtsoan aipatzen diren argudioei buruz. Ez dakigu zer terminotan ezarria izan den errekurtsoa baina prentsan azaldu diren hainbat informazioren arabera bi gai aipatu dituzte: murgiltze eredua eta udalei dagozkien dirulaguntzak. Euskal Herritik begiratuta lehen puntua litzateke gatazkatsuena.
Sare publikoan legoke traba.
Hizkuntzaren erabilpenari buruz aurrekariak badira Korsikan eta Polinesian. Hori ez bada auzian eman logika handirik ez luke orain zalantzan matea.
Murgiltze ereduak eragin zuen eztabaidarik handiena frantziar legebiltzarrean.
1981an beste instanzia batek, Estatuaren Kontseiluak, Diwan eskolei buruz Konstituzioaren aurkako epaia eman zuen. Alta, Kontseilu Konstituzionalak ez du inoiz zehazki deus erran murgiltze ereduari buruz. Hori bai hizkuntz garapenei buruz hartu dituen delibero guztietan zorrotz jokatu du hizkuntz garapena borondatearen araberakoa izan behar dela adieraziz.
Finean politikoki galdu duten borroka bat orain epaileen bidez nahi dute berriz irabazi. Termino demokratikoetan horrek zalantzak sortzen ditu
Irakurketa eraikitzaileago bat espero daiteke?
Kontseilu Konstituzionalak hizkuntzen gainean harturiko ebazpenek zentzu aski zorrotz edo murriztaile izan dute. Bide beretik jo dezake konstituzioaren aurkakotasuna aldarikatuz. Aldiz, ahal du erreserba batzuk adierazita ere legebiltzarren babes handia izan duen legea ontzat eman. Baldintzak ezarriko lituzke kasu horretan, marko orokorra zalantzan eman gabe. Murgiltze ereduaren kapitulua da gatazkatsuena. Ez hainbeste Seaskarentzat elkarte gisa badaere jadanik lortu zuela berme bat, bai ordea hezkuntza publikoarentzat. Kontseilu Konstituzionalak Interpretazio eraikitzailea egiten badu, tartea izanen da. Epaileak du, finean, hitza.
Judizializazio arriskua ezin da, beraz, baztertu ahal.
Gaur legea indarrean behar zen sartu, eta behin urrats hori egina ezin zen gehiago juridizialki bederen zalantzan eman araua. Helegitea ezartzerakoan atzera egiten da, berriz ere zalantza sortzeko. Finean politikoki galdu duten borroka bat orain epaileen bidez nahi dute berriz irabazi. Erabaki politiko bat epaileen esku uzten da horiek trenkatu dezaten auzia. Termino demokratikoetan horrek zalantzak sortzen ditu.