«Sarean ez bazaude, ematen du ez zarela existitzen»
Mende laurdena igaro da Jexuxmai Lopetegik Akelarre taldea utzi eta bakarkako ibilbideari ekin zionetik. Zazpi disko kaleratu ditu bidean, eta horietatik hamalau abesti aukeratuta kaleratu du zortzigarrena, «25 urte barrakoian» izenburupean. Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin dugu.
Batzuetan azkar, azkarregi, eta besteetan ez nahi bezain bizkor, baina urteak igaro egiten dira, eta dagoeneko 25 bete dira Jexuxmai Lopetegi musikariak bere ibilbide profesionalaren norabideari 180 graduko bira eman zionetik.
Akelarre taldeko abeslari lanetan zortzi urtez atsedenik hartu gabe ibili ostean, bakarkako bideari ekion zion musikari zarauztarrak. Niko Etxarten etxean grabatu zuen lehenengo lana, eta ordutik kaleratutako zazpi diskoetako 14 abesti aukeratu ditu Jexuxmai Lopetegik bere bakarkako ibilbidearen zilarrezko ezteiak ospatzeko, “25 urte barrakoian” zortzigarren diskoan.
Barrakoiaren aipamena ez da kasualitatea, etxean, Bidarte-Berri baserrian duen estudioan egiten ditu grabaketak Lopetegik, eta hastapenetan grabaketa estudioa benetako barrakoi bat zen. Oroitzapen hartatik dator diskoaren izenburua.
25 urte; halako zifra borobilek atzera begiratzeko tentazioa ematen dute, argazki albumen antzera. Disko berriko 14 kanta horiek aukeratzerakoan 25 urte hauetako argazkirik hoberenak aukeratu dituzu?
Lehenengo diskotik 25 urte pasa dira. Niko Etxarten etxean egon ginen okupa bezala hiru astez eta han grabatu zen lehen diskoa. Saiatu naiz argazki bilduma hori egiteko disko guztietatik kantuak jartzen.
Lehenengo diskotik “Oporrak” aukeratu genuen; berregin egin behar izan genuen, urteak pasa direlako. Hitzei begiratuta, kanta honek oporren nahi bat aipatzen du. Hau irailean egindako kanta da; Akelarreren azken urteak oso gogorrak izan ziren niretzat eta iraileko hego-haizearekin banuen kantak egiteko joera. Hau izan zen horietako bat. Nabarmen da gazteak ginela, oporretarako eta parrandarako gogoa genuen.
Akelarrerekin udako oporretarako tarte gutxi izango zenuten. Uda ostean hasiko ziren oporrak.
Hori da. Iraila, urria edo azaroa arte ez genituen entseguak hasten, udararen karga horren ostean.
Amets bat zen horrelako udak igaro ostean egun libreak izatea. Gogoan dut Marina Txiki aurrean nola turistek alde egiten zuten Zarautzetik, eta han zerbeza bat hartzea itsasoari begira oso ludikoa zen, oso ondo pasatzen genuen.
Inflexio puntu bat izan zen duela 25 urte zure musika ibilbidean. Erregistroz erabat aldatu zenuen, bakarkako bideari ekin zenion.
Zortzi urte egin nituen Akelarren eta aldatzeko garaia zen. Ez duzu inoiz ikusten dantza-talde batean bizitza osoa ematea. Nik behintzat ez nuen horrela ikusten. Banituen nire gauzak egiteko eta taldean, Akelarren, ezin ziren gauza horiek bete.
Bakarlari egiteko gogoa nuen, eta horrela zortzi disko egin ditut. Baina ez dakit hurrengo diskoak ez ote diren beste era batera joango. Egoera asko aldatu da, jendeak musika entzuteko mugikorra erabiltzen du, diskoak ez dira saltzen. Asko aldatu da. Hurrengo diskoak, agian, plataforma digitaletan kaleratu beharko ditut.
Beste inflexio puntu baten aurrean gaude orduan?
Egile guztiek gauza bera esaten dute, baina halere denok jarraitzen dugu CDa ateratzen, gure aurkezpen-txartela delako. Ez dakit, jende batek probak egin ditu eta pendrive batean disko bat atera, baina ea zerk egiten duen aurrera. Inork ez dauka oraindik formula eta oraindik eskuzko CDa mantentzen da.
Sareak harrapa zaitzake, baita ito ere, baina sare bera elkartasun sarea ere izan daiteke. Kontua izan daiteke sare hori nola erabiltzen dugun. Hor dago etorkizunerako koska?
Bai, baina Durangoko Azokako datu bat emango dut: %80tik gora autoekoizpenak dira. Autoekoizpen horiek egiteko, disko bat egiteko, elkartu egin behar dugu, entseatu egin behar dugu, diskoa ekoitzi behar da eta gastuak ditugu. Hori guztia diskoaren salmentarekin egiten genuen, eta orain hori ez dago. Eta sareak dirua ematen dio saregileari, musikariari ez dio dirurik ematen. Baina, noski, sarean ez bazaude, ematen du ez zarela existitzen.
Sarean dagoen guztia dohainik kontsumitu dezakegula pentsatzeak aldaketa behar du?
Bai, baina zaila da. Jendea ohitu egin da eta propaganda tartean dago. Baina kontsumitzaileak ez du errurik.
Ez, erru kontua ez da izango, baina beharbada bai kontzientzia kontua.
Bai, errazagoa da ordaintzea zerbeza eta azeituna batzuk lagunei hamar eurorengatik, eta diskoa bost euroan saltzen baduzu, batzuetan ez da saltzen.
«Uhinak marrazten» abestiak nora garamatza?
Industrialdeak eta etxeak egin ditugu eta padurak desagertu dira. Zarautzen, adibidez, zorte handia daukat. Padura hor dago oraindik eta udaletxearekin egiten dira akordioak, txorien aniztasuna mantentzeko. Batek esan zidan disko guztietan txoriak sartzen nituela. Orduan erabaki nuen kantua txoriei egitea. Guk gaztetan ezagutzen genituen txori asko desagertu egin dira.
Nolakoa da zure sorkuntza prozesua?
Denetik egiten dut, baina normalean musika egiten dut, kantu izan daitekeena. Azken boladan nire hitzak sartu beharrean besteenak sartzen ditut. Joseba Sarrionandiaren hitzak nire musikara egokitzen ditut. Baina “Itzal zaunka”-n, adibidez, alderantziz gertatu da Harkaitz Canorekin. Nik egindako melodiei istorioa jartzen die.
Joseba Sarrionandiaren olerkiei doinuak egokitzea ere ez da erraza izango.
Edozein poetarekin egin dezakezun lana da. Joseba Sarrionandia asko gustatzen zait, bere ipuin laburren bat ere kantatu izan dut. Gustuko dut bere lanekin lan egitea. Esanahi asko kontzentratuta ikusten ditut eta momentu honetan harreman zuzena daukat berarekin.
Zortzi disko kaleratu dituzu jada. Disko bakoitzak zerbait berezia esan nahi du zuretzat?
Egia da disko bakoitzak dituen kantuak momentu edo garai horretakoak direla, nahiz eta osotasun bat baduten. Ez naiz lotzen estilo batera, kantu bakoitza diferentea da. Aspertu egingo nintzateke estilo bakarra banu. Nik disko guztiak desberdinak ikusten ditut.
Eta antzematen duzu hasierako kantu haietatik azkenengoetara alderik?
Bai. Grabatzeko teknika ere asko aldatu da. Lehenago entseguetan ordu asko pasatzen genituen, orain askoz teknologikoagoa da. Batek partitura egiten du etxean eta partekatu egiten du. Denborarekin, noski, ikasi egin dugu.
Etxean grabatzen duzu?
Grabazioak etxean egiten ditut. Lehenengo diskoa Niko Etxarten etxean egin genuen eta bigarrenetik aurrera, etxean, “barrakoian”. Modu honetara lasaiago egiten ditut diskoak eta begirune handiagoa dute kantek.
Irekita egoten zara beste musikariei pieza bat proposatzen diezunean zure estilotik pixka bat urruntzeko?
Bai, oso irekita. Gainera, Unai Moraza eta Satxa Soriazuk askotan aipatzen didate zer joera hartu edo kanta husteko esaten didate, agian gehiegi betetzen ditudalako. Beraiek garbitzaileak dira pixka bat, beste ikuspuntu bat daukate.
Entzule gisa, aldaketarik izan duzu musikan?
Musikarioi gertatzen zaigu bidea zorrozten joaten garela, literaturan bezala. Idazle bat autore konkretuak irakurtzera joaten da, guri ere antzera pasatzen zaigu. Lehen The Police edo Peter Gabriel-ek ateratzen zutena entzuten nuen. Orain, adibidez, Drexlerrekin daukat joera. Baina egia da jende gutxiago entzuten dudala.
Musikara nola iritsi zinen?
Familian ez genuen tradiziorik. Lehengusuek, bai. Ni anaia zaharrarekin hasi nintzen; berak bateria erosi zuen hamasei urterekin. Nik hamabi urterekin hartu nuen gitarra, anaiak gure etxean entseatzen zuen eta haiekin sartu nintzen entseatzera. Arroako La Cabañan jo nuen lehenengo aldiz. Eta Zarauzko plazan jotzen genuen bi anaiok eta bi lehengusuek.