Jon Ormazabal

Partidako gantxo bakarra unerik garrantzitsuenean sartu du Altunak (21-22)

Partida gehienean ezinean aritu den arren, aurkarien hutsei probestua atera eta azken jokaldian asmatuta, bizirik jarraitzen dute amezketarrak eta gaur askoz hobeto aritu den Mariezkurrenak.

Ezker gantxoz tanto bakarra egin du Altunak, baina garaipena eman die. (Jon URBE/FOKU)
Ezker gantxoz tanto bakarra egin du Altunak, baina garaipena eman die. (Jon URBE/FOKU)

Izango ditu hobe jotakoak, estetikoagoak, azkarragoak, baina bere ibilbidean egindako hamaika gantxoetatik gutxik lasaituko zuten Jokin Altuna gaur Adarragan partida hogehitabatna berdinduta botatakoak beste. Sakea airez itzuli, Ezkurdia txokoan behartu eta lurrera botata gurutzatu du amezketarrak Adarragan gaur jo duten 580. pilotakada eta garaipenarekin batera, tona batzuetako pisua kendu du gipuzkoarrak bere bizkar gainetik. Ezinean aritutako partida batean horren ongi menderatzen duen jokaldiarekin amaitu duen lehen eta tanto bakarra izan da, denera beste hiru baino ez dizkiogu apuntatu, baina unerik larrienean txapeldun izaera atera eta ligaxkako azken partidara, Peña-Albisuren aurkakora aukerekin helduko dira Altuna eta aurrekoan baino askoz hobe aritu den Mariezkurrena. Partida amaitu eta Lau eta Erdiko txapeldunak bere atzelariari emandako eskerrek ia dena esaten dute.

Emozioak salbatu duen partidan, Joseba Ezkurdia txanpon beraren beste aldea izan da. Bera izan da presioak eragin handia izan duen partidako izarra, ia den berak egin du eta gehien gehiena ondo –azken aldera egindako hutsen bat jar daiteke bere akats gutxien listan– baina ez da nahikoa izan horren beharrezkoa zuten puntua eskuratzeko. Irujok pilota utzi behar izan zuen zorigaiztoko egun hartatik arbizuarrari baino ez diogu ikusi, gaur bezala, lautik partidaren erritmoa hala aldatzen –Azkoitian eta Zestoan, gaurko bikote beraren aurka, ikusi genuen bere botileroa izandakoarenak egiten–, baina gaur ez da nahikoa izan. Partida gehienean aurretik joan badira ere, pilatutako 17 hutsak, horietako 10 eta eraman gabeko sake bat Ladis Galarzarenak– zama handiegia izan dira azkenerako, nahiz eta Altunak batere inspiraziorik ez duen izan.

Inspirazioa edo zerbait gehiago falta?

Eta horixe da, aurrera begira, gaurko partidak uzten duen eztabaidarako gaia, Altunaren ezina etorri falta izan den, Galarza eta Mariezkurrenari bezala presioak bere ematen utzi ez dion, edo benetan amezketarraren ezker hori behar bezala ote dagoen. Izan ere, eskuinez pilota fresko mugitu badu ere, ezkerrez apenas eman dio abiadurarik amezketarrak pilotari, ez botez eta are gutxiago airez. Adarragako lurra horren esker onekoa izanda, Ezkurdia gainditu ezinik aritu da, azken tantoa izan ezik, partida osoan, txokoa gehiegitan bezala bilatuz eta tarteka keinu itsusiren bat ere utziz, mugitu ez bada ere, 10-9koan Ezkurdiari pilotara behar bezala heltzea oztopatuz.

Hala ere, partidari eusten jakin izan du eta beste zenbaitetan partida beste aldera erori bazaie ere, gaurkoan azkenerako utzi du bere onena. Hein handi batean, aurreko astean ez bezala, atzean Jon Mariezkurrena on baten laguntza izan duelako. Pilota guztietara dena ematera joanda huts batzuk egin baditu ere, Galarza baino gehiago izan da eta batez ere, beste berme bat eman du. Baraibarkoak huts asko eta unerik txarrenean egin ditu eta zama bat izan da Ezkurdiarentzat.

Jakak galdu Aspeko bere azken partidan

Jaialdiko lehen partida ere emaitza berarekin amaitu eta bertan, Erik jakak ez du irabazterik izan Asperekin jokatutako azken partidan. Maiatzaren 1etik aurrera Baikoko elastikoarekin arituko da Buruz Buruko txapelduna eta gaur, beste partida gora-beheratsu batean, 21-22 galdu du, Tolosarekin, Peio Etxeberria eta Martijaren aurka.

FITXA TEKNIKOA:

Ezkurdia-Ladis Galarza: 21

Altuna III.a-Mariezkurrena: 22

Pilotakadak: 580. Iraupena: 75,23 minutu. Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-4, 8-4, 8-7, 9-7, 9-8, 10-8, 10-9, 11-9, 11-10, 13-10, 13-13, 15-13, 15-15, 17-15, 17-17, 18-17, 18-18, 20-18, 20-21, 21-21, 21-22. Sakeak: 1 Ezkurdiak eta 1 Altuna III.ak. Tantoak: 0 Ezkurdiak, 1 Ladis Galarzak, 4 Altuna III.ak eta 1 Mariezkurrenak. Hutsak: 6 Ezkurdiak, 10 Ladis Galarzak, 3 Altuna III.ak eta 6 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Finalerdietako bigarren jardunaldiko lehen partida Logroñoko Adarragan jokatu da, publikorik gabe.