Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Callejak irribarrea ekarri du Alavesera eta salbazioa bere esku dago

Javi Callejaren iritsierak itxaropenerako tartea ireki du Alavesen. Azken sailkatua zela hartu zuen taldea eta lau jardunalditan zortzi puntu batu ostean, jaitsiera postuak bi puntura aldendu ditu. Bost final geratzen zaizkio eta Eibar eta Elx bezalako arerio zuzenen aurka neurtuko ditu indarrak. 

Jota Peleteiro irribarrez, Vila-realen aurka lehen goleko pasea eman ostean. (Raul BOGAJO / FOKU)
Jota Peleteiro irribarrez, Vila-realen aurka lehen goleko pasea eman ostean. (Raul BOGAJO / FOKU)

Bost final geratzen zaizkio Alavesi bere mendeurrenean Lehen Mailan mantentzeko erronka betetzeko. Duela hamar bat jardunaldi ezinezkoa zena lortu du talde babazorroak, jaitsiera postuetatik atera eta hauek bi puntura bada ere aldentzea. Izan ere, 20. jardunalditik 33. jardunaldira arte jaitsiera postuetan murgilduta egon dira gasteiztarrak. 

Duela lau jardunaldi taldea azken postuan zegoela utzi zuen gidaritza Abelardo Fernandez entrenatzaileak, Lucas Perez eta aldageletako afera gori-gorian zegoela. Aurrelari galiziarra hamaikako eta deialditik at geratu zen entrenatzaile asturiarrarekin eta hala –kasualitatez edo kausalitatez–, otsailaren hasieratik garaipenik ezin lortuta aritu zen talde gasteiztarra. Abelardorekin 33 puntu posibletik soilik 5 poltsikoratu zituen Alavesek eta 16. postutik, jaitsieratik bi puntura egotetik, sailkapena ixten zuen taldea izatera pasatu zen. 

Abelardok ez zuen lortu itxaropena taldean instalatzea, 2018an egin zuen legez. Abelardoren itzulerak ez zuen hauspotu taldea eta beraz, bi aldeak bat etorri ziren proiektua bertan behera uzteko txapelketa bukatzeko bederatzi jardunaldiren faltan.

Javi Calleja denboraldi honetako hirugarren entrenatzailea bilakatu da. Machinen jokatzeko modutik Abelardorenera aldea zegoen, hala nola orain aldea dagoen moduan Callejaren sistemarekin. Honek zalantzak sortu zituen, ez baita ohikoa joko moldea hainbeste aldatzea denboraldi bakar batean. Nola edo hala, Callejak emaitzak lortu ditu eta hori funtsezkoa zuen Alavesek, zeinak ikusi zuen kasik Huescak –ia denboraldi osoa jaitsiera postuan egon den taldeak– aurrea hartu ziola. Callejak irribarrea ekarri du Gasteizera. 

San Mameseko berdinketa, Huesca eta Vila-realen aurkako garaipenak eta Valentziarekin kontrako berdinketarekin, 13 jardunaldi jarraian jaitsiera postuetan egon ostean, aire pixka bat hartzea lortu du talde babazorroak. Taldea inspiratuago egotea lortu du Callejak, hala nola desagertua zegoen Guidetti bat aktibatzea ere lortu du. Ez da lorpen makala. Aurrelari suediarrak Valentziaren aurkako berdinketaren gola egin zuen. 2019tik Ligan golik egin gabe zegoen '10' zenbakia eta Callejaren etorrerarekin pozik agertu zen, «baloi jabetza gehiago» duelako taldeak. 

Jota Peleteiro ere aske ikusten da –Vila-realen aurka lehen goleko pasea eman zuen–, Joselu ere ate aurrean finago agertzen da (abendutik golik egin gabe zegoen eta guztira, bi gol soilik egin ditu, iaz 11 egin zituenean). 

Edonola ere, oraindik borroka egin beharra dauka Alavesek. Bost jardunaldi geratzen dira denboraldi amaierarako eta bost partidatik bitan arerio zuzenen aurka neurtuko ditu indarrak. Lehenengoa, asteburu honetan izango da Eibarren aurka. Gipuzkoarrak –neurketa bat gutxiagorekin, astelehen honetan jokatzen baitu Realaren aurka– azken sailkatuak dira eta azken bi jardunalditan porrot gogorrak jasan dituzte. 

Sevillaren aurka itxiko du sasoia Alavesek baina aurretik, Elx bezalako arerio zuzenaz gain, mendean hartu ditzakeen Levante eta Granadaren aurka ere jokatuko du. Alavesek salbazioa bere eskuetan daukala esan genezake.