Nahiz eta koronabirusak jotako bost kasu dituen bere baitan TD Systems Baskonia astearte honetan taldekako entrenamendu saioetara itzuli da, nahitaezko berrogeialdia amaitu ondorenean.
Azken PCR probetan emaitza negatiboa berretsi ondoren, etxean bakartuta dauden bost kideak izan ezik, gainontzeko guztiak Fernando Buesa Arena pabilioian elkartu dira, ahal den neurrian ohiko entrenamendu saioei berrekiteko. Tartean, bestek, beste, bigarren taldeko Pape Sow izan da, eta baita Ondrej Hanzlik eta Pavel Savkov ere, biek ala biek duela egun gutxi Azpeitiko Juaristi Iraurgi taldearekin Urrezko LEB Ligara igotzea erdietsi ostean.
Horrez gain Tonye Jekiri pibota ere normal aritu da gainontzeko taldekideekin lanean. Joan den martxoaren 21ean eskuineko beaunean min hartu zuen RETAbet Bilbao Basketen aurkako euskal derbian: bigarren graduko bihurritua izan zuen eskuineko belauneko barne-lotailuan, eta ordutik hona, sei astez geldirik egon behar izan du.
Jakina da ostegun honetan eta larunbatean hurrenez hurren Unicajaren eta Giipuzkoa Basketen aurkako neurketak atzeratu egin direla. Hala, gasteiztarrek beren hurrengo norgehiagoka maiatzaren 5ean Illunben jokatuko dute, Acunsa Gipuzkoa Basketen aurkako euskal derbia, hain zuzen. Unicaja Malagakoaren aurka, berriz, maiatzaren 11anneurtuko dituzte indarrak.