Astearte arratsalde honetan CAF-Elhuyar sariak banatu dira Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak saritzen dituen ekimenak «Ezagutza da txertoa» izan du aurtengo leloa. Gaurkotasun beteko gaia izan da eta 64 lan aurkeztu dira eta antolatzaileen arabera parte-hartzaileen artean, genero-oreka egon da.
Zientzia-kazetaritza arloan Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak idatzitako ‘Etxeko leihoak naturaren behatoki’ lana izan da irabazlea. GAUR8 gehigarrian argitaratu zen 2020ko martxoan, covid-19 pandemia hasi eta gutxira. «Gaurkotasun beteko» artikulu bat dela adierazi dute epaimahaikideek; «aldi berean, egilearen ikuspegi pertsonala azaltzen du, behaketan eta kontenplazioan oinarritua, eta horrek originaltasuna ematen dio».
Zientzia-kazetaritzaren kategorian lan bakarra saritu badaiteke ere, epaimahaikideek Jon Urzelai Urbieta zumarragarraren ‘Pentsatu, ez sinistu’ lanari aipamen berezia eman diote. Urretxuko eta Zumarragako proiektu komunikatiboaren KKinZona irratsaioan emandako lan horrek izurriari buruzko kontzeptuak argitzen dituela adierazi dute epaimahaikideek, «sineskeriei, sasiegiei eta teoria negazionistei aurre eginez eta kultura zientifikoa zabalduz».
Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Nahia Seijas Garzón amurriotarrak irabazi du, ‘Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen’ izeneko artikuluarekin. Egileak gaiari «osotasunez» begiratzen diola, eta historiaren historia «modu atsegin eta erakargarrian» kontatzen duela nabarmendu du epaimahaiak lana saritzeko orduan.
Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Ainara Sangroniz Agudok eskuratu du, ‘Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako’ lanari esker. Epamahaiaren iritziz, gaur egungo arazo bati erantzuten dion ikerketa baten berri ematen du elgetarraren artikuluak.
Bestalde, lehen sektoreko lanak saritzeko helburua du Neiker Sari Bereziak, eta aurtengo saritua Asier Alvite Arregui zumaiarra izan da, ‘Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear?’ lanari esker. Kategoria honetako epaimahaikideek garrantzi berezia ematen diote lana «berritzailea» izateari, teknologian oinarritua egoteari eta erabilgarritasunari.
Kategoria honetan, halaber, beste lan bat nabarmendu nahi izan du epaimahaiak, aipamen bereziaren bidez: Helene Sanchez Zelaia durangarraren ‘Klima-aldaketa eta mahastizaintza’ lana. «Egileak, artikulu honetan, puri-purian dagoen arazo bati irtenbide bat ematen dio, diziplinartekotasunean eta praktikotasunean oinarritua», argitu du epaimahaiak.
Dirulaguntzak
Saridun guztiek 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.
Sariez gain, 5.000 euroko dirulaguntza bat ere eman ohi du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duen proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, ordea, horrelako bi dirulaguntza banatu dira: bata Itxaso Navarro Celestino donostiarrak jaso du ‘Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua’ lanarengatik, eta bestea Ander Gortazar Balerdi donostiarrak eta Jacek Markusiewicz poloniarrak jaso dute, ‘15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak’ lanarengatik.
Elhuyar Fundazioaren patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du, euskaren normalizazioan eta zientzia eta teknologiaren dibulgazioan nabarmendu diren pertsonak omentzea helburu izanik. Aurten, Jabier Agirre Lasartek jaso du aitortza hori; euskalgintzan ibilbide luzea izan du mediku honek, eta zientzia-dibulgazioan eta euskararen normalizazioan egindako lana aitortu nahi izan zaio.