NAIZ

Osasuna lehentasuna izanda jai herrikoiak aurrera eramatea posiblea dela adierazi dute

Donostiako auzoetako Jai Herrikoien Koordinadorak nabarmendu duenez, «jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak bizirik daude zuek isildu nahi duzuen Donostian. Eta bai, posible da: posible da, osasuna lehentasun izanda, momentuko egoera kontuan hartuz, jaiak aurrera ateratzea».

Jai herrikoien aldeko manifestazioa pasa den udan. (Gorka RUBIO/FOKU)
Jai herrikoien aldeko manifestazioa pasa den udan. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Jai herrikoi, parte hartzaile eta euskaldunak bizirik daude zuek isildu nahi duzuen Donostian. Eta bai, posible da: posible da, osasuna lehentasun izanda, momentuko egoera kontuan hartuz, jaiak aurrera ateratzea». Hala adierazi du Donostiako auzoetako Jai Herrikoen Koordinadorak argitaratu duen manifestuan, Udalari idatzitako gutun irekia dena.

Bertan azaltzen denez, dagoeneko, «aurten ere, lanean hasi gara» ekimenak antolatzeko. «Hainbat jai batzorderen bilera eskaerak jaso dituzue, eta aurreko urteko bideari jarraiki, epe hau luzatzen hasi zarete: udaberrian oraindik ez dakigula zein izango den egoera, txertaketa kanpainaren arabera... luzatzen... Aitzakiak eta aitzakiak jarriz».

«Bitartean, Jon Insausti Kultura Zinegotziak, ‘Diario Vasco’ egunkarian, kulturaz beteriko udara izango dugula adierazi du. Guk ez al dugu, ba, kulturarik egiten? Zuek dagoeneko esan duzue zein asmo duzuen: aurreko urtekoaren antzekoa egingo duzue. Beraz, daukagun osasun egoerak, ez al du garrantzirik zuen jaiak/kultur ekintzak antolatzeko? eta gure jaiak edota kultur ekintzak antolatzeko gai?», gaineratu du.

Gogoratu dutenez, «Donostia Kulturako estatutuetan adierazita duzuen helburuetako bat, jaiak lagundu, bultzatu eta kultura sustatzeada. Hau da, zuen ekintzek adierazten dutenaren kontrakoa egitea». Eta jaiak eta kultur ekintzak aurrera eramateko dirulaguntzak ezinbestekoak direla nabarmendu dute, «eta oraindik ez dugu horren berririk». «Baimenak normalean denbora dezenterekin aurkeztu behar izaten ditugu... Zuek aurtengo egoerara egokituko zarete edo soilik zuen ereduari begira geldituko zarete?», galdetu dute.

«Egoera ikusirik, elkarrekin bide bat egitea adostu dugu Donostiako jai batzorde ugarik, eta hainbat eskaera ditugu zuentzat: dirulaguntzak mantentzea; dagoeneko hainbat jai batzordek bete ezingo dutenez, jaiak baino 45 egun lehenago baimenak sartzeko epea, egoerara moldatzea; jaiak edo kultur ekintzak egiteko aukerarik balego, Udalak azpiegiturak jartzea; eta giza baliabideak beharko bagenitu, horiek eskaintzea», nabarmendu dute.

«Eskaera hauek momentuko egoeraren araberakoak izango dira, noski. Ez dira lehengo jai berberak izango, eta gure konpromisoa adierazi nahi dugu: geu ere egoerara moldatuko gara, momentuan momentuko neurrien araberako jaiak/kultur ekintzak antolatuko ditugu; guri dagozkigun osasun neurri guztiak beteko ditugu eta horretarako, zuen laguntza eta babesa ezinbestekoak izango dira», gaineratu du.