Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Arnaldo Otegi: «Egoeratik ateratzeko inbertsio onena, txertaketa, txertaketa eta txertaketa»

Koronabirusak sortutako osasun krisian urtebete baino gehiago daramagunean, EH Bilduk orain arte Hego Euskal Herrian gertatutakoaren irakurketa bat egin du eta egoera honetatik irteteko «inbertsiorik onena txertaketa, txertaketa eta txertaketa» dela nabarmendu.

Arnaldo Otegi, gaurko agerraldian, bere txertaketa agiriarekin. (Jon URBE / FOKU)
Arnaldo Otegi, gaurko agerraldian, bere txertaketa agiriarekin. (Jon URBE / FOKU)

«Egoera larri honetatik irteteko inbertsiorik onena txertaketa, txertaketa eta txertaketa». Hau da EH Bilduko koordinatzaile nagusi den Arnaldo Otegik Donostiako egoitzan eskaini duen agerraldian egindako irakurketa. Koalizioaren buruak pandemiak Hego Euskal Herrian, urte luze guzti honetan, izan duen eragina izan du hizpide.

Otegik gogora ekarri du covid-19a Euskal Herrira iritsi zenean, lehen fase batean, «galderak besterik ez» zeudela. Hori dela-eta Nafarroa eta EAEko gobernuei galdetu zieten ea prest zeuden horrelako egoera bati aurre egiteko. «Zuhurtziaz jokatu genuen. Horrela tokatzen zen. Hateskundeak bertan behera uztea eskatu genuen», ekarri du gogora.

Horren ostean, bigarren fase bat aipatu du, «ekonomia eta osasunaren arteko eztabaida», hau da, pandemiaren aurrean zein neurri hartu erabakitzeko unea. «Lehen unetik esan genuen ez dagoela ekonomiarik osasunik gabe. Baina ulertzen genuen orekak mantendu behar zirela». Zentzu berean nabarmendu du EH Bilduk «neurri zorrotzen aldeko apustua» egin zuela, ez «gustuko» zutelako, baizik eta «denbora irabaztea» suposatzen zuelako. Garai horretan proposatu zuten kaltetutako sektoreekin, instituzioekin, sindikatuekin, alderdi politikoekin, unibertsitateekin eta beste hainbat eragilerekin batera mahai bat osatzea, egoerari nola aurre egin aztertzeko. Proposamen hura, baina, ez zuten ez Lakuako ez Iruñeko gobernuek konpartitu. «EAEn zaborretara bota dira egin ditugun proposamen guztiak. Nafarroan beste kolaborazio bat egon da Gobernuaren eta oposizioaren artean», nabarmendu du.

Orain, urtebete baino gehiago igarota, 5.292 lagun zendu dira Hego Euskal Herrian eta, egun, «osasungintzaren egoera oso larria» dela nabarmendu du Otegik. «EAEn, une onetan, hainbat ebakuntza suspenditzen ari dira eta ZIUen okupazioa oso larria da». Osasuna eta ekonomiaren arteko eztabaida horretan, gogora ekarri ditu uda, gabonak edo aste santua «salbatzearen» inguruko kanpainak.

«Porrot egin duen estrategia bat»

Eta honi aurre egiteko neurria argi du EH Bilduk. «Txertaketa». Egoera, baina, ez da koalizioak nahiko lukeena. «Nafarroan jasotako txertoen %88a jarrita dago. Estatuko erkidegoen artean seigarren postuan dago. EAEn %80a dago jarrita, Estatuko azkenak. Larria da. Horretan indarra eta inbertsioa egin beharko litzateke». Izan ere, EAE azkena da adin tarte guztietan. «Espabilatu egin behar da. Ez da posible. Hauek datuak dira, ez dira kritika politikoak. Datu errealak», adierazi du.

Egoera ekonomikoari dagokionez, era berean, ez du ahaztu «22.000 langabe gehio eta 40.000 lagun ERTEetan» daudela. «Sektore ekonomiko batzuk txikituta daude, kredituekin bizitzen edo gaizki bizitzen, ostalaritza, komertzio txikia, autonomoak… Porrot egin duen estrategia bat egon da hemen», hausnartu du.

Pandemia fase berri batean dagoela iritzi du EH Bilduk, erantzunak badauden fase berri batean. Eta beraz zerk funtzionatzen duen eta zerk ez jakin daitekeen une batean. Zentzu horretan, «erreskate emozional» baten beharra nabarmendu du, krisitik irteteko abiapuntu gisa. «Jendea nekatuta dago, ez du mezu garbirik, mezu kontrajarriak jasotzen ditu». Horren aurrean, «autokonfiantza nazionala emango duten hitzak, ekintzak eta proposamenak» behar direla adierazi du.

Eta horretarako «osasunaren erreskatea» funtsezkoa dela uste du koalizioak, «txertaketa masibo» batetik abiatuta. «Ez dira txertoak gorde behar, mundu guztia txertatu behar da. Herri arduraren erreskatea da. Jendeari gauzak dauden bezala planteatu behar zaizkio, konfiantza eman». Zentzu berean, argi esan du «sakrifizioak eta murrizketak» beharrezkoak izango direla, baina horiekin batera «neurri zuzentzaileak» hartu beharko direla. «Egoera hain larria izanik: txertaketa, txertaketa, txertaketa. Hortik hasi gaitezke egoeratik ateratzen. Hori da inbertsiorik onena», hausnartu du.

Eta jendeari ardura bat hartzeko eskatzen hasita, «eredu» izatearen beharra nabarmendu du. «Administrazio publikoek beti diote erantzunkizuna indibiduala dela. Ez gaude ados. Jendeari zerbait egiteko eskatzen badiozu, lehenbizi zuk egin behar duzu», aipatu du bere txertaketa agiria erakustearekin batera.

Honela, txertaketa masibo horrekin batera, osasuna eta ekonomia biak iraultzeko, sektore kaltetuenak salbatzeko neurrien beharra ere azpimarratu du. «Orain familiak, langileak erreskatatu behar dira».