Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Miren Gaztañaga
Aktorea

«Desiratu duzun zerbait gorpuztea ametsa betetzea izan da»

Eneko Sagardoy bidaide duela, ametsa betetzera doa: Pascal Rambert-en ‘Cloture de l’amour’ lana euskarara ekartzea. Eta frantziar idazle eta aktorearen agindupean, gainera.

Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy. (E. Moreno Esquibel / Arriaga Antzokia)
Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy. (E. Moreno Esquibel / Arriaga Antzokia)

Bere ofizioak egin dion azken opariarekin gozatzen ari da Miren Gaztañaga (Irun, 1979). Ez da erronka makala Eneko Sagardoyk eta biek daukatena, maitasun harreman baten errautsetatik bizitakoa eszenaratzea. Agertoki gainean, biak, distantziatik elkarri begira. Inoiz baino biluziago.

Bihar Bilbon, maiatzaren 8 eta 9an Durangon, eta 15ean Hondarribian dituzte emanaldiak. Eta udazkenean Euskal Herria zeharkatzeko asmotan dira.

Nola sortu zen Pascal Ramberten obra euskarara ekartzeko ideia?

Eneko [Sagardoy] eta biok Arriagara joan ginen “La clausura del amor” ikustera. Barbara Lennie eta Israel Elejalde ziren aktoreak, Pascal Rambert-ek zuzenduta. Txundituta geratu ginen. Eta ordudanik, ideia, amets moduan, bion buruan geratu zen.

Zerk txunditu zintuzten?

Intentsitate handiko lana ikusi genuen, testua asko gustatu zitzaigun. Eta asko erakarri gintuen eszena gainean erabat biluzi zeuden bi aktore ikusteak. Bi protagonisten gorputzak, hitzak eta entzumena. Inguruan argi zuria, besterik ez. Horrelako lanak asko gustatzen zaizkigu.

Eta desioa nola bihurtu da errealitate?

Egun batean Arriagan, giro lasai batean, komentatu egin nuen ze ederra izango litzatekeen Enekoren euskaraz egitea ‘Cloture de l’amour’. Ideia gustatu egin zitzaien. Eneko asko emozionatu zen eta berehala itzultzeari ekin zion. Handik hilabetera itzulpena egina zuen, erakutsi genien eta horrek ere Arriagako arduradunak gehiago motibatu zituen eta Pascalekin kontaktuan jarri ziren. Eta proiektuarekin aurrera egin genuen denok batera. Desiratu duzun zerbait gorpuztea ametsa betetzea izan da. Behin aurrera zihoala ziurtatu genuenean, Danele Sarriugarterekin jarri zen lanean, itzulpena fintzeko. Azken hausnarketa sakona bien artean egin zuten eta Daneleren figura ere ezinbestekoa izan da testuari begira.   

Nola egin duzue bidea?

Prozesua urrian abiatu genuen, Pascal etorri zelako bi egunez irakurketa gurekin egitera. Sei hilabetean zehar gu bion ikasketa prozesua bakarkakoa izan da. Eta orain, hamar egunez entseguak, estreinaldiaren aurretik.

Erabateko erronka da biontzat.

Bai. Enekok eta biok lanean ikasi dugu ofizioa, eta nik uste gure buruarentzat erronka berriak bilatzen saiatzen garela, modu horretan ikasten jarraitzeko.

Eta idazlearen beraren zuzendaritzapean, zer esanik ez.

Egitea planteatu genuenean ez zitzaigun imajinarioan sartzen Pascal bera etor zitekeenik gu zuzentzera. Antza –eta hau bidea hasi ondoren jakin genuen–, lan honen muntaia bat egiten du urtero munduan zehar. Berak badu halako katea lan honekin. Eta aurten euskaraz egitea erabaki du. Egia da asko inpresionatu zuela aktore batek berak, Enekok, itzuli izanak eta bere erreferentzia onak jaso zituen Madrilgo kontaktuen aldetik. Noski, guretzat Pascalekin berarekin lan egitea zoragarria da! Aktorea ere bada, eta berak zuzendu eta interpretatu zuen testua lana estreinatu zuenean; azkenean bera izan zen guztiaren abiapuntua. Guk gure bulkada izan genuen eta gero jakin dugu Japonian, Brasilen, AEBetan... egon dela, toki askotan.

Zein polita ikustea hain kultura desberdinetan nola heltzen zaion gaiari.

Pentsa! Japonian edo Brasilen kultura hain desberdina da... berarentzat kristoren esperientzia da. Oso interesgarria da.

Nola izan da zure kasuan sei hilabeteko bakarkako lanketa?  

Oso ederra. Aspaldi zen testua ez nuela denborarekin ikasten. Urrian, garaiz, heldu genion ‘Faces’ ere banuelako, eta bi estreinaldiak oso gertu zeuden. Testua luzea da eta hasieran beldurra ematen du. Baina, poliki, integrazio prozesuan zoaz. Ez dut astuna izan den sentsaziorik, eta horrek oso kontent uzten nau. Ikasteko garaian asko gozatu dut testuaz. Zalantzak izan genituen, gure euskalkian –berak bizkaieraz, nik gipuzkeraz– egin ala ez, baina testuan euskara batua egiazkoa bihurtzearen aldeko apustua egin dugu. Hautu inportantea izan da testuari begira.

Biak aktore autodidakta izanik, lan hau aukera ezin hobea da bideak irakatsitakoa agertoki gainean esperimentatzekoa.

Orain arte agertoki gainean ikasitakoa aterako zaigu, kontziente ala inkontzienteki biziraupen horretan, testuari egia emateko erronka horretan. Eszena gimnasioa da. ‘Hemen eta orain’ egotea, eta ulertuz aktuazio denak desberdinak izango direla. Une oro presente egon behar duzu, eta, joaten bazara, bestearen begiradari heldu eta segi. Fisikoki ere oso potentea da, diagonalean gaude zutik, antzezlanaren ia bi orduetan.

Alex Gerediagaren ‘Faces’ lanarekin aritu zarete Arriagan oraintsu. Oso esperientzia desberdina, teknikoagoa, ezta?

Aktore lana oso desberdina da. Interpretazioa hor dago, baina ikus-entzunezkoak pisu handia hartu du. Eszenografiak ere bai. Ezinbestekoa, baina aktorea erreminta bat gehiago bihurtzen da, zuzendariak bere istorioa kontatzerakoan. Gorputzetik egin behar duzu lana eta teknikoagoa bihurtzen da dena. ‘Maitasunaren itxiera’-n, aldiz, aktorea nahiko modu biszeralean dago hor. Testuak dauka ia pisu guztia.

Arriaga antzokiak euskal sortzaileoi ateak zabaldu dizkizue.

Bai, bertako sortzaileok lan egiteko aukera daukagu; asko zabaldu da. Oso kontent eta eskertuta gaude. Euskarari berari ere lekua egiten ari zaio. Arriagak garrantzi handia izan du niretzat. ‘Obabakoak’ oso momentu esanguratsuan etorri zitzaidan eta Calixtorekin [Bieito] lan egiteko aukerak gero Arriagako hainbat proiektutan jarraitzeko bidea eman dit, ikasten jarraitzekoa eta erronka desberdinei aurre egitekoa. ‘Ze ondo, lana daukat’, diozu, baina erronkari aurre egiteko ardurarekin eta kezkarekin zaude.

Atzera begiratuta, zer unetan ikusten duzu zure karrera?

Oso momentu polita bizi dut. Aktoreok gure urduritasunak eta beldurrak ditugu, baina era berean background bat daukagu, lanean daramatzagun urteeen sostengua, aurrera egiten laguntzen diguna. Lan bakoitzean egiaztatzen dugu hori.

Eta amildegi sentsazio horrek lotu zaitu lanbide honetara...

Askotan funtzioa hasi baino lehen esaten dut neurekiko ‘ni zergatik ez nago ofizina batean trankil eserita? Niri zeinek eskatu dit ezer?’. Gero bai, funtzioa egiten duzu eta orduan dator erantzuna.

Urteekin ardura handitzen doan sentsaziorik baduzu?

Hogei urte nituenean inkontzienteagoan bizi nuen dena, bizitzaren bulkada sendoa zegoen, baina zentzu batean ahulagoa ikusten nuen neure burua, nahiz zaurgarritasuna beti gurekin daukagun, zorionez. Gero, urteek aurrera egin ahala, egia da ardura handitu egiten dela, baina indarguneak sakonagoak dira, ez da hogei urteetako bizitza torrente hori. Ez ditu beste gauza asko kentzen, baina nolabaiteko posoa ematen dizu, aukeran asko gustatzen zaidana. Beraz, ez nuke pauso bat ere atzera egingo!