NAIZ
MOSKU

Errusiar Justiziak estututa, bere mugimendu politikoa desegin du Alexei Navalnyk

Alexei Navalny Errusiako oposizio kideak zuzentzen zuen mugimendu politikoa desegin du, bere laguntzaileak jazarpen penaletik babesteko, Justiziak bere bulego sarea berehala «muturrekotzat» joko duen ziurtasun osoz.

Navalnyk bideofokerentzia bidez deklaratu du ezarri zioten zigor baten helegitearen inguruko saioan. (AFP)
Navalnyk bideofokerentzia bidez deklaratu du ezarri zioten zigor baten helegitearen inguruko saioan. (AFP)

«Navalnyren bulego sarearen lanarekin jarraitzea ezinezkoa da: berehala muturreko zigorra ezarriko diote, eta horrek kartzela zigorra ekarriko du berarekin lan egiten dutenentzat», adierazi du Errusiako oposizioko kideak zuzentzen duen bulego sarearen buruak, Leonid Volkovek, sare sozialetan argitaratutako bideo batean.

«Ofizialki desegin egingo dugu», esan du Volkovek, astelehenean Moskuko fiskalak plataformaren zenbait jarduera bertan behera utzi ostean, auzitegi batek «muturrekotzat» jotzeko erabakia noiz hartuko zain.

Justiziak uste du sareak «muturreko materialak, muturreko jardueretarako deiak, istilu masiboak eta baimendu gabeko ekitaldi publikoetan parte hartzeko deiak» argitaratzen dituela, Navalny askatzearen alde urtarrilean eta hilaren 21ean Errusian egin ziren martxei erreferentzia eginez.

Desegitearen iragarpena Navalnyk espetxetik bideokonferentziaz egindako agerraldiarekin batera etorri da. Moskuko auzitegi baten epaiaren aurkako helegitea aztertu dute gaur, hain zuzen, Bigarren Mundu Gerrako beterano bat difamatzeagatik errudun jo baitzuten, eta 850.000 errubloko (11.500 dolar inguru) isuna ezarri baitzioten.

Oposizioko buruzagiak 101 egun daramatza kartzelan, bi urte eta erdiko kartzela-zigorra bete behar duelako, eta hiru asteko gose-greba utzi berri du osasun-egoera delikatu batean, konfiantzazko medikuek ikus dezaten eskatzeko.

Epaiketan, Vladimir Putin presidentearen aurka egiteko baliatu du bere hitzartzea.

Oposizioko buruzagia fronte guztietatik estutzen ari dira, joan den abuztuan Siberian Novichok agente toxikoarekin pozoitu zutela salatu zuenetik, eta Alemaniatik Errusiara itzultzea erabaki zuenetik, bertan ari baitzen hilketa saiakeratik errekuperatzen.

Bere aurkako espetxe zigorraren ostean, Errusiako agintariek bere bulegoen eta oposizioko buruzagiarekin lotura duten beste erakundeen aurka egin dute.

Epaile batek debekatu egin zituen asteartean, Moskuko fiskalak eskatuta, FBK Ustelkeriaren Aurkako Funtsaren eta FZPG Herritarren Eskubideak Babesteko Funtsaren zenbait jarduera. Navalny dago ni erakundeen atzean.

Ostegun honetan ateak itxita egin dute «estremismoari» lotutako kasuaren atariko bigarren saioa, maiatzaren 17an epaiketa hasi aurretik.