Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevue
Mikel Taberna Irazoki
‘Arkanbele kantak’ poema liburuaren egilea

«Iragan joana kontatzeko gogoa izan dut, gozatzeko eta ikasteko, jakiteko»

Mikel Tabernari (Alkaiaga, 1957) poz handia eman dio «Arkanbele kantak» argitaratzeak. Bere sortetxean, Alkaiagako bentan, haurra zenean mundu bat sartzen zen egunero, ukitzen ahal zena. Irakurleak poemetan atzemanen ditu hango oihartzunak.

Mikel Taberna Irazoki. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Mikel Taberna Irazoki. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Garai batean, naturarekin harreman handiagoa, fisikoagoa, zegoenean, tokiko izen pila bat erabiltzen zen. “Arkanbelea” bera, Euskal Herriaren luze-zabalean hamaika deitura hartzen dituen intsektua. Alkaiagan, ‘arkuloa’ da. Pentsa zer harreman zegoen, zomorroa nolakoa zen ere ezagutzen zen eta hori hizkuntzan islatzen da. Arkanbelea temosoa da. Negatiboki erabiltzen badugu, trabagarria, baina modu positiboan ikusten badugu, saiatua. Horregatik, ‘arkanbele kanta’ erraten da norbait behin eta berriz berearekin ari bada.

Mikel Taberna Irazokiren ‘Arkanbele kantak’ alkaiagarraren bizipenetatik abiatzen da, memoria kolektiboa aberasteko. Ariketa hori hitz bakoitza mimatuz egiten du, errimekin jostatuz, batzuetan kantuan etorri zaizkion poemetan denetariko gaiak uztartuz. Bidasoak bustitzen ditu denak: «Kanilako urik gabeko baserriko arropa garbitzailearen esku hormatuak» eta «kuartelean torturaturiko gorpu puztuaren gainean saltoka» dabilen «Endarlatsako izokina». «Gerra gatazkek mehatxaturik ertz batera edo bertzera ihesi joandakoen izialdurazko begirada erneak» eta «haurrari erakusteko gurasoak ur azalean txingoka dantzarazi duen harri xabalaren iduria».

Bizileku duen Iruñetik inoiz utzi ez duen jaioterrira egindako bisita batean elkartu gara idazlearekin, «suge berdearen» ertzean, uraren soinua adituz txantxangorriekin batera.

Zergatik aukeratu duzu arkanbelearen irudia?
Haurra nintzela, arkanbelea intsektu deigarria zen niretzat. Hegaka etortzen zaizu, baditu adar handi batzuk, eta guk uste genuen begiak aterako zizkigula. Gerora ikasi nuen ‘arkanbele kanta’ esamoldea, eta gustatu zitzaidan. Nire arkanbele kantak izaten ahal dira interesatzen zaizkidan gai edo ideia batzuk, galderak sortzen dizkidatenak.

Poemaren bat zaharra da, bertze batzuk berriak dira eta bertzeak, zaharberrituak.
Poemak 11 ataletan sailkatuta daude. Lehenbiziko eta azkenengo ataletan bi narrazio daude. Lehenbizikoan biziaren aurkikuntza aipatzen da eta azkenekoan, heriotza noizbait etorriko dela ohartarazten da.

Aitzineko lanetan, «Txokolatezko dinamita» narrazioetan eta «Alkasoroko benta» nobelan, Alkaiaga fikzionatua agertzen da. Honetan, leku erreal bezala azaltzen duzu. Poemetan dagoena «egia» da?
Bai, noski. Gainera, kasu batzuetan izen zehatzak aipatzen ditut (aita Mañuel, ama Pilar, Juan Larramendi...); horrek are gehiago behartzen nau hala izatera. Ordea, ‘egia’ horiek guttitan aurkituko ditu irakurleak hitzez hitz hartzeko maneran; berak deskubritu beharko du, lerro artean-lerroen azpian-lerroen gibelean, idazleak zer adierazi nahi dion. Dena dela, konplexua ere bada kontu hau, zeren, batzuetan ‘nire’ egiak ez du zertan egia berdaderoa izan. Horretaz aparte, poetekin kasu eman, badakizu Fernando Pessoaren hura: «O poeta é um fingidor (poeta itxuragile bat da)…».

Poesiara itzuli zara orain 25 urte «Mendearen ilunabarrean» lehen obrarekin estreinaldia genero honetan egin ondotik.
Lehenago, 1980ko hamarkadan, Iruñean ‘Korrok’ literatura-aldizkaria sortu zuen taldean ibili nintzen. Bertan, narrazio laburrak idazten nituen, batez ere. Izengoitiz sinatzen genuen, ez ginen atrebitzen gure izena erabiltzera. Norbaitek pentsatu zuen garaia zela taldea desegin eta taldekideak bakarka hasteko, eta orduan sariketaren batera aurkeztu nintzen. Arabako Foru Aldundiaren lehiaketa irabaztetik etorri zen poesia liburua. Egia da orri aunitz zikindu ditudala poemekin-edo. Bertsolaritzarekin ere hagitz harreman estua izan nuen.

Errima jolasek kantu aire bat ematen diete poemei.
Bada poema bat bertso neurrian, baina ez naiz saiatu neurrietan sartzen. Errimak etorri dira eta poema batzuk sortzean nire baitan erdi kantatu egiten nituen. Beharbada, izan dudan formazioagatik. Izan ere, nire belaunaldiko aunitzek kantarien bidez deskubritu genuen literatura (Laboa, Oskorri, Imanol, Lete, Iriondo, Paco Ibañez, Llach, Serrat, Moustaki...). Irakurri baino lehen adituak genituen Gabriel Aresti, Jon Mirande, Juan Mari Lekuona, Joxan Artze, Xenpelar eta Xalbador eta herri poesia anonimoa... edo Atahualpa Yupanqui, Marti i Pol, Antonio Machado, Alfonsina Storni... Buruz ikasten genituen, behin eta berriz kantatuz!

Zure sortzeko modua nolakoa den jakin nahiko nuke.
Poemak sortzen dira, noski, zerbaiti buruz zerbait idatzi nahi izatetik. Eta landu nahi dudan ideia horretarako, batzuetan esaldi bat gogoratzen zait, bertze batzuetan hitz bat, zerbait eraikitzeko oinarri edo giltzarri izaten ahal direnak. Hitz edo esaldi hori apuntatu egiten dut nonbait, paper mutur batean edo ordenagailuko artxibo berri batean. Hori izanen da poema baterako edo narrazio baterako hazia. Gero, tarteka joko dut ideia hori altxatua dudan txokora, eta begiratuko dut ea garatzen ahal dudan. Behin eta berriz sartuko naiz begiratzera, pentsatzera. Hazi hori gutti batzuetan poema edo narrazio bihurtuko da; gehienetan hor geldituko da, esperoan, eta esperantzan, nire burura harentzat noizbait argia etorriko ote den.

Noiz ematen duzu poema bat bukatutzat?
Zernahi idazten duenak irakurle ona izan behar du. Une batean nire baitan dagoen irakurleak erraten du: ‘Horrela ongi dago’. Eta, halere, inprimategira sartu zen arte ibili nintzen aldaketa ttikiak egiten.

Bidasoko paisaietan sustraitutako poemak dira.
Ukaezina dut Bidasoak garrantzi handia izan duela nire baitan. Ibai ondoan jaio nintzen. Grazia egiten dio jendeari, baina gure etxean ibaira begira egiten genuen pixa eta ibaia ikusten genuen egunero hamaika aldiz. Itsasoa bezala, Bidasoa beti pasatzen da baina ez da berdin pasatzen. Gainera, historian eta herrian protagonista izan da eta da hamaika gauzarena. Naturarekiko dugun harremanean, lehenbiziko lerroak idatzi nituenetik hagitz kontziente nintzen zaindu beharreko zerbait zela. Harreman egokiago bat aldarrikatuko nuke.

«Alkaiagako benta (1968)» poeman telebistaren aitzineko mundua erakusten duzu.
Garai batean Alkaiagako bentaren gisako etxeak nolakoak ziren kontatu nahi dut. Aldaketa handiak gertatu ziren: telebista, automobila eta industria. Atxagak elkarrizketa batean erran berri du haren iritziz telebista dela ‘historiako inbento erabakigarriena’, ‘gizartea erabat aldarazi duena, batez ere herri ttikietan’. Konforme samar nago Atxagarekin. Telebista gurera ailegatu zenean, nik 8-9 urte nituen (1966 aldera) eta, hizkuntzari bakarrik erreparatuz, aipatuko nuke euskararen galeran izan zuen garrantzia. Gure adinekoen kasuan, gaztelaniaz bakarrik ikusten genuen telebistak (guretzat ‘modernitatea’ irudikatzen zuena) areagotu zuen, azeleratu zuen, galera hura.

Euskara erdi galdua izan zenuen.
Bai, eta berreskuratzea besta bat izan zen. Ontzi puskatu bat nuen, hamaika pieza falta zituen mosaiko bat, eta berriz ikasten hastea horiek denak tapatzen eta osatzen joatea bezala izan zen. Oraindik segitzen dut. Beti ari naiz ñabardurak, adjektiboak... ikasten. Badut hiztegi moduko bat. Literaturarako dituzun baliabide guztiak erabiltzen dituzu eta hitza markatua baldin bada horrek arreta deitzen du. Gutti erabilia baldin bada irakurlearentzat interesgarria izaten ahal da eta bizia ematen diozu hitzari berari.

Alkaiagako bentara sartzen zen mundu horren parte ziren ijito edo buhameak. Aitzineko liburuetan aipatzen dituzu eta honetan atal bat eskaini diezu.
‘Gure baitako izaera gordea’ izena du atalak. Hor bada poema bat aipu bat oinarri duena: 1597an Sunbillan ebasten harrapatu zuten ijito kuadrilla bat eta haietako bat Uztaritzekoa zen, Iturbide abizenekoa. Ez zekien gaztelaniaz eta epaiketan euskaraz deklaratu zuen. Iruditzen zait ikaragarria dela ijito herriari buruz dagoen ezjakintasuna. Ikaragarria estigmatizazioa. Poemekin agerian utzi nahi izan dut gu ijitoak ere bagarela.

Portugaldarrak ere hagitz gogoan dituzu.
Mugalde honetan kontrabandoa izan da bizibide eta jendeari alde batera edo bertzera pasatzen ere lagundu egin zaio, batzuetan eskuzabaltasun handiz eta bertzeetan, berriz, diru truke. Bada kontrabandistaren irudi idiliko bat eta izanen du arrazoia, baina dena ez zen ederra izan. Pertsonen trafikoa izan zen 60ko hamarkadan. Gertaera ilunak izan ziren, ahantzi nahi direnak baina jakin beharko genituzkeenak.

Iraganak pisu handia du liburuan. Nola bizi duzu iragana?
Ez naiz pertsona malenkoniatsua. Sentitu izan dut, noski, urteak joan izanaren mina, gaztetasuna galdu izanarena, baina ez naiz putzu horretan gelditu den pertsona bat. Eta ez da nire arkanbele kanta: ‘Lehenago hobeki bizi ginen’. Ez. Nire idazlanetan, sentitu dut iragan joana kontatzeko gogoa; hori bai. Natura ez ezik, pertsonak ere diferenteak ziren, eta pertsonen arteko harremanak ere bai. Eta gauza franko orain hobeak badira ere, lehenagoko batzuk galdu izana pena da, niretzat. Ez dut hori erraten malenkoniaz; konstatazioa da. Baina berriz erraten dizut, iragan hura kontatzeko gogoa izan dut (ez dakit ase naizen kontatzetik), bai hura ezagutu zuenarentzat, ni bezalaxe oroitzapen haiekin goza dadin, baita ezagutu ez dutenentzat ere, ordukoaren berri izan dezaten, ikas-jakin dezaten. Bertzalde, urrunago izatearekin, iraganaz gehiago pentsatu dut, gogoetatu, denboraren poderioz, eta distantziarekin, libreago idazten ahal dudala iruditzen zait, hala egia nola fikzioa.

Liburuak badu omenalditik.
Bai, gurasoak, lagun zenbait, maitatu ditudan pertsona batzuk omendu ditut. Gurasoekin halako kontakizun bat egiten dut haien bizitzako mugarri garrantzitsu batzuk aipatuz. Haienak izan ziren, baita haien belaunaldiarenak ere. 36ko gerra hasi zenean gure aitak 20 urte zituen eta amak, 11. Aita, 21 urterekin, frontera joan zen, erreketeekin, errepublikanoen aurka. Berak hagitz gauza gutti kontatzen zuen. Nik uste ez zuela kontatu nahi izaten. Susmoa dut hark fuerte markatu zuela gure aita. Hila da (ama ere bai), eta ni galdera horrekin gelditu naiz. Berarekin solas eginen nuke eta galdetu: ‘Zer min utzi dizu?’. Frontean izan ziren ekintza belikoez hitz egiten da, baina pertsona bakoitzak bere baitan nola bizi izan zuen ez hainbertze. Atzeguardian, herrian, batzuk batzuekin joan ziren eta bertzeak bertzeekin. Batzuek manera batean sufritu zuten eta bertzeek, bertze batean. Zortea izan nuen amak kontatzen zituelako gauzak, baina 11 urte zituen. Uste dut iragan horretaz jakin beharko genukeela; ondoko belaunaldia gara. Etxe gehienetan ez zen hitz egiten; lotsagatik, edo beldurragatik, edo biengatik.

Bizitzaren gozamenaren aldeko kantak ere badira: maitasuna, sexua, konpainia ona...
Poemaren bat erdi dibertimentu ere bada, eta zuk aipatzen dituzun alegrantziazko horietakoak ere badira, denetik bai baitu bizitzak.

Azaleko arkanbele ederrak badu bere istorioa.
Liburuaren azala Ignacio Larrak egin du. Berak hala sinatzen du. Juantxo Larramendi da. Eta, kasualitatez, liburuan bada poema bat Juan Larramendi pintorearen omenez. Bada, haren semea da. Nire amaren baserrian bizi da. Bertze kontu bitxi bat: Juan Larramendiren aita, Ignacio Larramendi, euskarazko olerkaria zen, badu liburu bat, ‘Olerkiak’. Ignacio Larra hagitz pintore ona da eta galdetu nion azala eginen al zuen. Segituan, hagitz borondate onez arkulo ikusgarri hau egin zuen. Liburuari maitasun keinu bat gehiago eman dio.

Zer moduz bizi zara erretiroa hartuta?
Hiru urte dira erretiroa hartu nuenetik. Bi urte pasatu ditut kasik sinetsi ezinik, arraro, baina orain jada nire egoera berria onartzen dut [adierazi du irriz]. Nire bizia ez da aunitz aldatu. Zer lan klase duzun, ezberdina da. Nik itzultzaile gisara orduak ematen nituen lantokian ordenagailuaren aitzinean eta gero, tarteka, afizio gisara, etxean gauza bera egiten nuen. Orain igualtsu jarraitzen dut. Zortea izan dut lanean gustura aritu naizelako. Nafarroako Gobernuarentzat aritu naiz, gehienbat testu administratiboak itzultzen. Desafioa zen ea lortzen ahal genuen euskaraz hizkera funtzional bat egitea.

Zer proiektu dituzu orain?
Poesia egiten beti segituko dut, baina segur aski bertzelako lan batean zentratuko naiz orain. Alde batetik, tiratzen nau letra ttikiz aipatzen den historia lokalaren ikerketak: ezezagunak ditugun edo gutti ezagutzen ditugun pertsonak eta gertaerak, kanta-bertsoak eta istorio-historiak, guk zanpatzen dugun lur berean gertatu zirenak, Bidasoalde honetan bereziki. Bertzetik badut biografia partikular baten proiektua, aspaldi gordea dudana, segur aski noizbait idazten hasiko naizena. Eta narrazio laburrean edo luzean garatzeko zirriborrorik ez dut falta...

Sorterrira bueltatzekotan zarela ere aditu dut...
Ez naiz behin ere arraso joan, baina jaioterrira bizitzera itzultzeko asmoa dut, bai.

[Bi orduko kafe goxoa hartu eta gero, harago luzatu dira gogoetak, e-mail trukean eta elkarrizketa idazteko orduan, teklatuaren tik-tak bakoitzean. ‘Bukatutzat eman beharko dut’, erabaki dut, gustura ari bainaiz. Taberna bezala, arkanbelea izanen naiz, edo arkanbeletu izanen naiz. Edozein kasutan, intsektua ezagutzeko gogoz gelditu naiz].