NAIZ

Javier Calleja (Alaves): «Orain arteko partidarik garrantzitsuena da Eibarrekoa»

Alaveseko entrenatzaile Javier Callejak argi du larunbat honetako derbia orain arte jokatuko duten «partidarik garrantzitsuena» dela, behin jaitsiera postuetatik aterata taldea erlaxatu baitaiteke oraindik helburua beteta ez duenean.

Javier Calleja, Alaveseko jokalariei aginduak ematen. (Endika ORTILLO/FOKU)
Javier Calleja, Alaveseko jokalariei aginduak ematen. (Endika ORTILLO/FOKU)

Deportivo Alavesek jaitsiera postuak atzean utzi ditu, eta badirudi bere entrenatzaile 'berria' den Javier Callejari esker izan dela, aurpegia aldatu baitio taldeari Gasteizera iritsi zenetik. Hala ere, honek ez du erlaxatzeko unerik nahi, oraindik ez baitu salbazioa lortu. Larunbat honetan babazorroek Eibarri bisita egingo diote, eta armaginen azken aukera izan daiteke honakoa sailkapenean behingoz gora egiten hasteko.

Horregatik, modu telematikoan egindako prentsaurreko batean, Callejak argi utzi du Ipuruakoa orain arteko «partidarik garrantzitsuena» dela, «burua engainagarria» baita eta ez duelako nahi bere jokalarien erlaxaziorik.

«Jarraitu behar dugu dinamika bera gogo berdinekin eta motibazioarekin mantentzen, eta horretarako talde osoaren laguntza behar dugu», azpimarratu du Alaveseko prestatzaileak. Inteligentziarekin jolasteko eta aurkariaren hutsak itxoiten ez egoteko eskatu die bere jokalariei.

Gainera, ondo daki garaipen batek «aurkari zuzenei presio pixka bat gehiago sartzeko» balio duela. Gehienbat hauek partida zailak dituztela kontuan izanda.

Nahiz eta sailkapeneko azken postuan egon, Eibar «ausart» arituko dela uste du Callejak. Partida bere aldera eramateko, trantsizioetan eta bigarren jokaldietan nagusitasuna izatea gakoa izan daitekeela azpimarratu du.

Zentzu honetan, Alaveseko prestatzaileak ez dio garrantzia eman Ipuruako neurriei. «Neurriak onak dira futbolean aritu ahal izateko», erantzun du. Izan ere, futbol-zelai horretan «oso partida onak ikusi dira eta taldeek baloiaren jabetza izan dute». Horrez gain, Eibarren erdiraketa etengabeei adi egon beharko dutela adierazi du.

Alaveseko jokalarien artean John Guidettiren lana nabarmendu du Callejak. Suediarrak gola sartu zuen Mestallan azken jardunaldian (1-1). «Profesional ikaragarria dela baieztatu dit, oso konprometitua dago taldearen helburua lortzen ni hemen nagoenetik eta nire futbol ideietarako mesede egiten dioten ezaugarriak ditu», azpimarratu du.

Giro berezia aulkietan

Aulkietan giro berezia biziko da. Izan ere, Callejak eta Jose Luis Mendilibar Eibarko entrenatzaileak elkar ezagutzen dute. Zaldibartarra madrildarraren prestatzailea izan zen azken hau jokalaria zenean. «Entrenatzaile karismatikoa da, oso zorrotza eta oso pertsona ona», adierazi du Callejak.

Gainera, bizkaitarrarekin asko ikasi zuela onartu du: «Mendilibarrek ez du uzten inor erlaxatu dadin. Exijentzia gehienezkoa da eta entrenamendu bakoitzean intentsitate eta pasio handia sartzen ditu».