NAIZ

Pfizerrek baimena eskatu du txertoa 12 eta 15 urte bitarteko umeekin erabiltzeko

Pfizerrek eta BioNTechek baimena eskatu diote Sendagaien Europako Agentziari (EMA) covid-19aren aurkako txertoa 12 eta 15 urte bitarteko umeekin erabiltzeko. Orain arte 2.260 nerabeek jaso dute bi enpresek egindako txertoa eta, diotenez, eraginkortasuna erabatekoa izan da.

 

Pfizer eta BioNTech enpresek egindako txertoa. (Gorka RUBIO/ FOKU)
Pfizer eta BioNTech enpresek egindako txertoa. (Gorka RUBIO/ FOKU)

Pfizer eta BoiNTech konpainia farmazeutikoek baimena eskatu diote Sendagaien Europako Agentziari (EMA) covid-19aren aurkako txertoa 12 eta 15 urte bitarteko umeekin erabiltzeko Europako Batasunean. Eskaera berbera egen dute AEBetan.

Ohar batean azaldu dutenez, txertoa frogatzerakoan, zehazki hirugarren fasean, 2.260 nerabeek jaso zuten bi enpresa hauek egindako txertoa eta, diotenez, eraginkortasuna erabatekoa izan da, ehuneko ehunekoa. Enpresek azaldu dutenez, nerabeek ondo jasan zituzten txertoak eragin ditzakeen albo-ondorioak.

Pfizer eta BioNTech-en txertoa Europako Batasunean baimendu zen lehena izan zen. Urtarrilaren 6an, EMAk eta Europako Batzordeak argi berdea eman zioten Modernaren txertoari, eta ondoren, Europako zientzialariek AstraZenecak garatutako antidotoaren segurtasunari eta eraginkortasunari buruzko ebaluazioa amaitu ostean, oniritzia eman zion EMAk.

Txertoa Euskal Herrira heldu zen pasa den abenduan eta urtarrilean EMAk baieztatu zuenez, «ez da albo-ondorio berririk identifikatu» EBn. Ordutik 624.780 txerto jaso dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Lakuako Gobernuak ostiral honetan argitaratu dituen datuen arabera, eta 534.838 dosi jarri dituzte.