NAIZ

Euskaldunako oholtza kulturgileen esku utziko du Aurrera Fest ekimenak

Bigarren urtez jarraian, Bizkaiko Foru Aldundiak Euskaldunako aretoak «oso baldintza onuragarrietan» eskainiko dizkie arte eszenikoen eta musikaren arloan dabiltzan profesionalei, Aurrera Fest ekimenaren barruan. Kulturgileen lana bultzatu eta kultur kontsumoa sustatzea da programaren helburua.

Aurrera Fest jaialdia uztailean egingo da, Euskaldunan. (NAIZ)
Aurrera Fest jaialdia uztailean egingo da, Euskaldunan. (NAIZ)

Bizkaiko kultur sektorea babestu eta ikus-entzuleen kontsumoa sustatzea dira Aurrera Fest, Bizkaiko Foru Aldundiak aurkeztu duen ekimenaren helburuak. Egitasmoa asteazken honetan aurkeztu dute Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eta Begoña Anguisola Euskaldunako negozio garapeneko zuzendariak, eta jakinarazi dutenez, arte eszenikoetako eta musikako taldeei laguntzeko eta ikus-entzuleak bigarren urtez kultura segurtasunez kontsumitzera animatzeko helburuarekin, Euskaldunak «oso baldintza onuragarrietan» eskainiko dizkie espazioak artistei eta konpainiei.

Bilbaok gogora ekarri duenez, Aurrera Fest 2020an sortu zen, «gure baliabide guztiak kultur sektorearen eskura jartzeko, eta jendearen aldetik harrera ona izan zuela ikusi ondoren -4.800 pertsona baino gehiago bertaratu ziren-, 2021ean berriro jarriko dugu martxan. Aurreko edizioan bezala, 2021 honetan ere artearen arloko diziplina guztiek izango dute lekua ekimen honetan».

Anguisolak ere lehen edizioak izan zuen harrera izan du hizpide: «Iazko emaitzak gure esperientzia eta azpiegitura guztia berriro ere kultur sektorearen esku jartzera animatzen gaitu. Gure indarrak batu gura ditugu sektore horri guztiari bultzada emateko eta sektore horri laguntzeko, hori bai, betiere osasun-arauak betez. Kulturaren sektoreari eusten eta aurrera egiten laguntzeko tresnak eskaini gura ditugu, Bizkaiko bizitzan ezinbestekoa dela uste dugulako».

Jaialdia uztailean

Maiatzaren 16ra arte, taldeek eta konpainiek zuzenean aurkez dezakete euren proposamena, horretarako eskatzen diren datuekin. Ekainaren 2an emango da ezagutzera behin betiko egitaraua eta sarrerak salgai jarriko dira. Bilbaok nabarmendu duenez, «jaialdia uztailean egingo da, baina une bakoitzean ezartzen diren osasun neurrien menpe egongo gara».

Aurrera Festen, zuzenean gauzatzeko proiektu bat aurkezten duten musika eta arte eszenikoetako taldeak sartzen dira. Modu berean, ikuskizun horiek besaulkidun agertokian taularatu ahal izango dira, eta gutxienez 50 minutuko iraupena izango dute (eta gehienez 90 minutukoa), atseden hartzeko aukera barik.

Euskaldunak, bestalde, Auditoriuma eta 0B eta 0E aretoak erabiltzeko aukera emango die parte hartzen duten bandei eta konpainiei, eta honako zerbitzu hauek emango ditu: ikus-entzuleak eserlekuetan banatzeko zerbitzua, txarteldegi-zerbitzua; oinarrizko teknikariak areto bakoitzean laguntzeko; baliabide tekniko materialak (areto bakoitzaren hornidura), ikuskizunen sustapena eta komunikazioa, eta sarrerak saltzeko Euskaldunaren kanalak. Ikuskizunak jasotzen duen diruaren %85 konpainiarentzat izango da, dagozkion gastuak kendu ostean (BEZa, egileak eta ticketing gastuak). Sustatzaileak bere gain hartuko du ikuskizunaren garapen teknikoa.

Nabarmendu dutenez, ekimen horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Euskaldunak «bere jarduera suspertzeko eta kulturara hurbiltzeko bideak errazteko tresnak eman gura dizkiote kultur sektoreari».