NAIZ

Janari faltak muturreko egoeran dauzka 155 milioi pertsona, bost urtetan daturik txarrena

Elikadura-segurtasun ezak 155 milioi pertsonari eragiten die dagoeneko mundu osoan, bost urtetan daturik txarrena, nazioarteko txosten baten arabera. Gatazkek, hondamendi meteorologikoek eta, azken urtean, pandemiak hamarka herrialdetan duten eraginari buruzko datuak biltzen ditu lanak.

Bi nekazari lanean Gisarren, Tayikistanen. (FAO)
Bi nekazari lanean Gisarren, Tayikistanen. (FAO)

FAO Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundaren gidaritzapean egindako Elikadura Krisiari buruzko Txosten Globalak ohartarazen duenez, 2020an 20 milioi pertsona gehiago izan ziren elikadura-segurtasuna neurtzen duen sailkapeneko posturik txarrenetan, hirugarrenetik behera alegia (bosgarrena gosete egoera da).

Analisi hau 2017an lehen aldiz argitaratu zenetik, elikadura-segurtasun kasu larrienak gero eta hedatuago daude eta dagoeneko munduko 55 herrialderi eragiten die. Hirugarren fasean dagoen biztanle kopurua 94 milioitik 147 milioira igaro da 2016tik 2020ra, eta beste 28 milioi pertsona koska bat gorago daude, amildegiaren ertzean, beraz.

Egoerarik okerrenean daude Burkina Faso, Hego Sudan eta Yemen, herrialde horietan 133.000 pertsona baitaude bosgarren koskan, ‘hondamendi’ fasean, eta horrek «premiazko ekintzak» eskatzen ditu, «heriotzak eta bizitzeko moduen kolapsoa saihesteko», FAOk ohar batean azaldu duenez.

Zonaldeka, zifra dramatikoenak Afrikan daude; izan ere, ia 98 milioi pertsona daude bertan elikadura-segurtasunik gabe (totalaren bi heren inguru). Krisi larrienen artean Yemen, Afganistan, Siria eta Haiti aipatzen dituzte, besteak beste.

Muturreko egoeretan bizi direnen adinari dagokionez, txostenak dio bost urtetik beherako 75 milioi haur baino gehiago daudela adinagatik dagokien neurriaren azpitik eta hamabost milioi baino gehiago direla elikagai faltagatik behar luketena baino gutxiago pisatzen dutenak.

Txostenaren arabera, gatazkak dira gosearen eragile nagusia; izan ere, indarkeriaren testuingurua gosearen ia 100 milioi biktimaren atzean egongo litzateke 2020an (igoera izugarria, 2019ko 77 milioiekin alderatuz gero).

Krisi ekonomikoak, neurri handi batean pandemiari dagozkionak, 40 milioi baino gehiagoren atzean daude, eta muturreko klimatologia 16 milioi kasurekin lotuta dago.

Elikagaien Krisien aurkako Sare Globalak (Europar Batasuna ere sare horretako kide da) ohartarazi duenez, «2021erako eta datozen urteetarako ikuspegia etsigarria da», kontuan hartuta koronabirusen pandemiak «elikagaien sistema globalaren hauskortasuna» erakutsi duela eta, horregatik, metodo «bidezkoagoak, jasangarriagoak eta erresilienteagoak» behar direla adierazi du.

Azken batean, Garapen Iraunkorreko Helburuak (GJH) bete nahi badira eta 2030. urterako 8.500 milioi pertsonarentzat ‘zero gosea’ errealitate bihurtu nahi bada, «aldaketa erabatekoa» behar da.

«Egungo joerak aldatzen ez badira, elikagaien krisiak gero eta ohikoagoak eta larriagoak izango dira», ohartarazi du.

Bestalde, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak gatazken eta gosearen aferei heltzeko deia egin du, «elkar indartzen dutelako». Hala, «gurpil zoro honi amaiera emateko ahal den guztia egiteko» eskatu du, «goseari aurre egitea funtsezkoa da egonkortasunerako eta bakerako».