Ramon Sola

Esker oneko mezu asko jaso ditu Mirentxinek... baina oraindik ibili badabil

Gerturatutako preso baten arrebaren mezuak Mirentxin elkartasun ekimenarentzat esker oneko adierazpenak biderkatu ditu sareetan. Azken hamarkadetako ekarpenak aurrera darrai, ordea. Hiru ibilgailu jarri ditu abian asteburu honetan, Andaluzia alderantz.

Mirentxin furgoneta bat prestatzen, 2016an Larrabetzun. (Marisol RAMIREZ | FOKU)
Mirentxin furgoneta bat prestatzen, 2016an Larrabetzun. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ekainetik hona 150 preso inguru gertaturatu dituztelarik, eta pandemiak eragindako trabak tarteko, nabarmen jeitsi da Mirentxinek asteburuero egin beharreko lana. Albiste ona, nola ez. Orain horren beharrik ez duten baina urte askotan bere furgonetetan espetxera joan-etorria egin dutenek, ordea, ez dute ahaztuko. Eta hurbildu berri duten Imanol Miner presoaren arreba baten mezuak horren froga eman du azken orduetan.

Minerrena bezain sentikorrak dira adierazpen honek piztu dituen beste esker oneko mezu batzuk. Guztietan biziki eskertzen da urteetan zehar emandako laguntza, batez ere arrazoi ezberdinak tarteko bidaia beren kabuz egin ezin izan zutenen partetik.

 

Senideekin batera, preso egondakoek ere eskertu dute, jakina. Adibide bat:

 

Eta zer diote Mirentxin ekimenean parte hartu duten lagunek? Hauxe, esaterako:

 

Bukatu al da Mirentxinen lana? Ezta gutxiagorik ere. Asteburu honetan, NAIZek egiaztatu ahal izan duenez, hiru ibilgailu atera dira Andaluzia aldera; batean hiru lagun Puertoko espetxerantz; bestean bi Almeriaraino; eta hirugarrenean, senide bat Sevillarako bidean. Azken detaile honek argi uzten du urrundutako preso bat bisitatzeko norbaitek laguntza behar duen bitartean, Mirentxin hor egongo dela.

Azken hamalau hilabete hauek, gainera, bereziki nahasiak izan dira, pandemiaren ondorioz. Behar baino bisita gutxiago burutu dira, tarteka debekaturik izan direlako eta beste batzuetan adineko senideek kutsatzeko arriskua saihesteko bidaia bertan behera utzi behar izan dutelako. Furgoneta barruetan ere osasun neurriak zorroztu behar izan dira, noski.

Txertaketak aurrera egiten duen neurrian eta bisitatzeko trabak gainditzen diren heinean, litekeena da hurrengo aste eta hilabeteotan Mirentxinek berriro bidaiagehiago egin behar izatea... kilometro gutxiago ibiltzeko bada ere.

Bi hamarkada baino gehiagoko bidea egin du jada ekimen honek. Hauxe ‘Transportes Mirentxin’, Amaia Ereñagak 7Kn argitaratu zuen erreportaje zabala.