NAIZ

Baxo jarraikia aldarrikatzen ari dira Ipar Euskal Herriko lizeoetako ikasleak

Bigarren Hezkuntzaren bukaeran egiten den baxoa azterketa era jarraikian aldarrikatzen ari dira ikasleak. Astelehen goiz honetan Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikasleak atera dira, joan den astean Nafarroa, Maurice Ravel eta Rene Cassin zentroetan izandakoekin bat eginez.

Bernart Etxepare lizeoko ikasleek baxo jarraikiaren kontra protesta egin dute goizean. (NAIZ)
Bernart Etxepare lizeoko ikasleek baxo jarraikiaren kontra protesta egin dute goizean. (NAIZ)

Seaskak Baionan duen Bernart Etxepare lizeoko ikasleek astelehen goiz honetan blokeoa egin dute, baxoa azterketa era jarraikian egitearen alde. Joan den astean beste zenbait zentrotako ikasleak ere mobilizatu ziren, maiatzaren 3an Baionako Rene Cassin eta Donibane Lohizuneko Maurice Raveleko gazteak atera ziren, eta maiatzaren 6an Donibane Garaziko Nafarroakoek herriko karriketan zehar zabaldu zuten haien aldarrikapena.

Estatu frantses mailan egindako deialdiarekin bat egin dute ikasleek lizeoaren ateak blokeatuz.

Azterketa era presentzialean egitearen kontra agertu dira ikasleak, horren ordez ikasturtean zehar egindako lana kontuan izan dadin. Pandemia garaian kurtsoak aurrera eramateko gora-beherak izan dira, ikasleen artean ezberdintasunak areagotuz.

Ipar Euskal Herrian baxoa jarraikiaren alde ari badira, Estatu frantsesean zehar horren kontrako mobilizazioak ere izan ziren 2020an abian ezarri zirenean. Horrek desberdintasuna handitzen zuela salatzeko.

Baxoa eta brebeta euskaraz

Seaskako ikasleek urtero beste aldarriapen bat izaten dute baxoari begira: euskaraz egin ahal izatea azterketa. Izan ere, gaur egun historia-geografia eta matematika ikasgaiak soilik egin ditzakete hizkuntza horretan, beste guztiak frantsesez egitera behartuta daude.

Hori dela eta, urtero baxoa azketa abiatzen den egunean protesta egiten dute ikasle, irakasle eta gurasoek.

Gauza bera gertatzen da Bigarren Hezkuntzako lehen partea amaitzean egiten den brebeta azterketarekin, hori ere euskaraz egin ahal izateko aldarrikapena urtetik urtera hedatzen ari da. Aste honetan egiten ari dira ebaluaketa kolegioetako ikasleak, eta horri begira protestak aurreikusiak dira Seaskak dituen lau zentroetan. Astearte honetan emanen dute ezagutzera beraien aldarrikapena zabaltzeko zein ekimen eginen dituzten aurten.

Azken urteotan brebeta pasatu behar duten ikasleak euskaraz egiten ari dira, nahiz eta Hezkuntza Nazionalak ez onartu. Azterketa horiek zuzentzeko irakasle aski izanik ere, Pauera igortzen dituzte, irakasle frantsestunak zuzendu ditzaten, horrek ekartzen duen notaren jeitsierarekin. Azterketak ‘bahitu’ dituztela salatu dute.