NAIZ

‘Lezokeitan’, karta-jolas baten bidez lezoar kuttunenak ezagutzeko aukera

Lezo Herri Eskolako Euskara Talaiako partaideek ‘Lezokeitan’ aurkeztu dute, herriko pertsonaia kuttunak protagonista dituen memoria eta estrategiazko karta-jolas dibertigarria.

Eskolako haur eta gurasoak, Lezokeitan karta-jolasarekin. (LEZOKO UDALA)
Eskolako haur eta gurasoak, Lezokeitan karta-jolasarekin. (LEZOKO UDALA)

Karta-jolas dibertigarri batekin datoz oraingoan Lezo Herri Eskolako Euskara Talaiako partaideak: ‘Lezokeitan’. Lezoko pertsonaia kuttunak protagonista dituen materiala sortu dute ikasle, irakasle eta gurasoek elkarlanean, Udalaren laguntzarekin, eta Leire Aranburu lezoarrak egin ditu ilustrazioak.

Jolasten dutenek, besteak beste, Kirikuak, Aguazila edo Trapujale ezagutuko dituzte.

Memoria eta estrategia karta-jolas honekin, familian eta lagunartean euskaraz jolastera gonbidatu nahi dituzte herritarrak, eta eskolako kulturak ezagutzeko parada ere eskainiko du: karta-jolasarekin batera, aurtengo ikasturtean herri eskolan dauden jatorri desberdinetako hizkuntzetara itzuli dituzte argibideak eta euskaraz aritzeko gida txiki bat osatu dute, euskarazko oinarrizko hiztegi batekin eta esaldi labur eta errazekin, jolasak irauten duen bitartean, elkarrizketak euskaraz mantentzeko gai izan dadin edonor.

«Modu honetara, Euskara Talaiak, 2014ean sortu zenetik gaur arte burutu dituen beste hainbat egitasmorekin bezalaxe, gure hizkuntzari bere ekarpena egin nahi izan dio, bere helburu nagusiari eutsiz: Lezo Herri Eskolan eta Lezo Institutuan euskararen erabileran eragitea, eta aldi berean, herrian euskara indartzea», agertu dute sortzaileek.

Jada 327 karta-jolas banatu dituzte Lezo Herri Eskolako familien artean, baina eskuratu nahi duen orok aukera izango du, euskaratalaia@lezoherrieskola.eus helbidera eskaera eginez. Bigarren aukera bat ere egongo da, ekainaren 9an, asteazkenean, 17.00etatik 19.00etara Goiko Plazan (frontoian), Parketarrak jolas-saioak irauten duen bitartean, salgai ipiniko dira, 5€ren trukean. Aurretik emailez eskera egin duenak ere, egun horretan izango du bere karta-jolasa jasotzeko aukera.